INFO

Iker Mintegi profesionaletan arituko da Euskaltel-Euskadirekin datozen bi urteetan

Txirrindulari nafarra harrobiko talde amateurretik igoko da eta bi urterako kontratua sinatu du, 2024rako eta 2025erako, hain zuzen.

Iker Mintegik Euskaltelekin korrituko du. (Oskar MATXIN | FOKU)

Iker Mintegi (Laboral Kutxa) profesional mailan lehiatuko da datozen bi denboraldietan Euskaltel-Euskadi taldean. Txirrindulari nafarra harrobiko talde amateurretik igoko da eta bi urterako kontratua sinatu du, 2024rako eta 2025erako, hain zuzen.

Euskadi Fundaziotik nabarmendu dutenez, Mintegi (2002, Altsasu) Pro Team taldera igotzeak «harrobiaren eta prestakuntzaren filosofia berresten du, baita Euskaltel-Euskadiren etorkizuneko apustua ere».

Txirrindulari nafarrak hiru denboraldi egin ditu Laboral Kutxan 2021etik, «urtetik urtera hazi egin da, kirol mailan aurrerapausoak eman ditu, eta taldekide handia dela eta proiektuaren mailan balioak dituela ere erakutsi du».

Horrela, Iker Ballarin (2020), Xabier Mikel Azparren (2021), Asier Etxeberria, Unai Iribar eta Xabier Isasa (2022) eta Enekoitz Azparren eta Xabier Berasategiren (2023) urratsak jarraitu ditu Mintegik, harrobiko gazte horiek jauzi bera eman baitzuten eta multzo profesionaleko taldekide baitira egun.

Txirrindulari nafarrak «beste jauzi bat» eman du 2023an, bere emaitzek erakusten dutenez: garailea Lazkaon eta Nafarroako Itzuliko etapa batean, Nafarroako txapelduna, Valenciagako Oroimenezkoan bigarren, Gorlako Igoeran bosgarren, Bidasoako Itzulian zazpigarren, Legazpin bederatzigarren eta Euskaldun Txapelketan bigarren mantentzen da.

Iaz, Euskaltel-Euskadiko maillot laranja jantzi zuen 'stagiaire' moduan, Arctic Race proban, eta 23 urtez azpiko Italiako Giroan ere lehiatu zen. Aurten, Orlen Nations Grand Prix itzulia jokatu du Espainiako selekzioarekin. Beheragoko mailetan, Altsasuko Burunda Txirrindularitza Taldean trebatu zen.

«Saria»

Iker Mintegik adierazi duenez, «Euskaltel-Euskadirekin profesionala izatea jarraitutasunaren eta banakako zein taldeko lanaren saria da. Hiru urte eman ditut Laboral Kutxan, prestakuntza talde horretan aurrera egin ahal izan dut, eta horri esker eman dut jauzi hori».

«Txirrindulari asko ateratzen ari den taldea da, goian daudenak ikusi besterik ez dago. Eskerrak eman nahi dizkiet bide honetan lagundu didaten guztiei», gaineratu du.

Txirrindulari gisa, ihesaldietan mugitzea gustatzen zaiola esan du, eta aurten emaitza gehiago lortu dituela talde txikietan, esprintean edo igoeretan. «Ibilbide guztietan ondo moldatzen naizela uste dut. Ondo defendatzen naiz gora eta abiadura badaukat ere», adierazi du.

Bestalde, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak azaldu du Mintegi 23 urtez azpiko mailan «aurrerapausoak» eman dituen txirrindularia dela. «Aurten sendotu egin da eta jauzi handia eman du, ez bakarrik emaitzei begira, baita erregulartasunari begira ere», gaineratu du.

Adierazi du urte hauetan «oso ondo» lan egin duela Laboral Kutxan, eta oraindik ere «aurrera egiten jarrai dezakeela» uste dutela. «Guretzat ilusioa eta erronka da gazteek euren prestakuntza Euskaltel-Euskadin amaitzeko aukera dutela ikustea. Txirrindulari osoa da, oso ondo igotzen da, abiadura du, ondo moldatzen da multzoetan, eta, batez ere, txirrindulari ausarta eta kementsua da, gogorra, eta ziur urrats gehiago emango dituela maila profesionalean», azaldu du.