INFO

Ikasleak online jazarpenaren ondorioez kontzientziatzeko epaiketa bat irudikatu dute Bilbon

Epaiketa baten simulazioa egin dute asteazken honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Bertan, Bilboko Angeles Custodios ikastetxeko ikasleek parte hartu dute, sare sozialetako jazarpenaren edota sexting delakoaren inguruan kontzientziatzeko helburuarekin.

Sare sozialetan ematen den jazarpenaren inguruan kontzientziatu nahi izan dute ekimen honekin. (GETTY IMAGES)

Bilboko Angeles Custodios eskolako ikasleek epaiketa bat irudikatu dute asteazken honetan, horretarako eszenatoki ezin aproposagoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian bertan, Emilio Laso magistratuak zuzenduta gainera. Simulatutako kasu hori benetako gertakarietan oinarrituta dago eta gazteen artean sare sozialetan ematen den jazarpena izan du ardatz.

Ekintza hau ‘Justizian hezi’ programaren parte da, ikasleek justiziaren eta haren funtzionamenduaren inguruko jakintza zabaltzea helburu duena.

Eskolako ikasleek hilabete bat eman dute gaurko saioa prestatzen, astean bitan entseguak eginez. Epaiketaren protagonistak Maria eta Juan ziren; bikotekide ohien papera antzeztu dute. Bien arteko harremana amaituta, Juanek Mariari mezu ugari bidali zizkion mehatxu eginez. Mariak mutilari bakean uzteko eskatu zion arren eta sare sozial guztietan blokeatu bazuen ere, jarrerari eutsi zion eta, are gehiago, bien argazki intimoak ere zabaldu zituen. Mariak kasua salatzeko erabakia hartu zuenean, zaplazteko bat ere eman zion, gainera.

Ikasleek seriotasun handiz antzeztu dute epaiketa eta tarteka urduritasun pixka bat ere nabaritu da. Emilio Laso magistratuak etengabe helarazi dizkie animoak ikasleei.

Lasok zuzentzen duen Justizian Hezi izena duen programan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 ikastetxe inguruk hartzen dute parte eta ikasturte honetan bost hilabeteko iraupena izan du. Antzeztutako epaiketa hau programaren azken atala izan da, gazteek benetako kasu baten epaiketa ezagutzeko aukera izan zezaten.

Gertuko kasua, egokia

Irudikatutako kasuaren gaia oso egokia iruditu zaie ikasleei, gertukoa izan daitekeelako. Gaur egun, sare sozialetan ematen den jazarpena nahiko ohikoa da nerabeen artean. Hori dela eta, aferaren inguruan kontzientzia hartzeko modu praktikoa izan daitekeela adierazi du Lasok. Sare sozialak eta gailu elektronikoak tresna baliagarriak diren arren, modu desegokian erabiltzean «oso arriskutsuak» izan daitezkeela jakinarazi du magistratuak.

Angeles Custodioseko ikasleei baliagarria iruditu zaie programa honetan parte hartzea, sareetan bidaltzen diren mezu eta edukiei ez baitzaie sarri behar besteko garrantziarik ematen.

Lanketa honen bitartez, aldiz, jabetu dira halako mezuak bidaltzea edota beste pertsona baten argazkiak partekatzea delitu bat izan daitekeela.

Programak izan duen harrera dela eta, datorren ikasturtean berriro ere jarriko dute martxan. Ildo horretan, Emilio Lasok jakinarazi du heldu den astean irekiko dutela izena emateko epea.