Aita Mari erreskate ontzia larunbat honetan itsasoratuko da, bere hamargarren misioan
Azken hiru hilabeteak mantentze eta prestaketa lanak egiten egon ostean, larunbat honetan itsasoratuko da Aita Mari erreskate ontzia Mediterraneoan. «Europako gobernuek itsas legeak betetzen ez dituzten bitartean, erreskate humanitarioko itsasontzien lanak berebiziko garrantzia izango du».
Itsas Salbamendu Humanitario GKEaren Aita Mari erreskate ontzia larunbat honetan, ekainak 17, itsasoratuko da Borrianako portutik (Castello). Azken 3 hilabeteak Vinaròs eta Borriana portuen artean mantentze eta prestaketa lanak egiten igaro ditu.
Ibilbide honekin, Aita Marik bere hamargarren misioa hasiko du, 2023ko bigarrena. Aurreko misioan, 2023ko urtarrilean, Aita Marik 111 pertsonari laguntzea lortu zuen. Grezian aste honetan bertan gertatutako hondoratze izugarriak «bide legal eta segururik ez egoteak dakartzan ondorio latzak» gogorarazten dituela nabarmendu du erakundeak ohar baten bidez. «Horrelako hondoratzeen tamainak, joan den otsailean Crotonen izandakoak bezala, eragin handia dute komunikabideetan, baina ezin dugu alde batera utzi giza biziak galtzeak dakarren kalte konponezin eta etengabea».
Zentzu horretan, «baliabideen espoliazioa, giza eskubideen urraketa, migrazioaren aurkako politikak, Europaren eta jatorrizko herrialdeen arteko akordioen bidez, eta politika eskasa konbinazio ezin hobea dira horrelako gertaera izugarriak gertatzen jarraitzeko», ohartarazi dute.
Honelako egoeraren aurrean, erreskate taldeek duten garrantzia jarri dute mahai gainean. «Europako gobernuek pertsonak erreskatatzeko itsas legeak betetzen ez dituzten bitartean, erreskate humanitarioko itsasontzien lanak berebiziko garrantzia izaten jarraituko du, eta erraztu egin beharko litzateke, administrazio-errekerimenduen eta araudi maltzurren bidez eragozten saiatu beharrean, Grezian, Italian eta Espainian gertatzen ari den bezala», salatu dute.
Kontrako aldean, «L'Aurora, Hotz Oñati, Banco de Alimentos de Gipuzkoa, erakunde, enpresa eta partikularrei, eskainitako laguntza guztia» eskertu nahi izan diete. «Pentsaezina litzateke lan hau egitea laguntzarik gabe».