INFO

Bizkarraldean kolpe handi bat hartuta bertan behera utzi du Mariezkurrenak partida Zierbenan

Kirol alorrari dagokionean, Oiz eta Kolitza taldeak egin dute aurrera. Mallabian, Elordi eta Zabaletak euren binakako partida irabazi dute, baina alferrik izan da, banakako partidetan euren taldekideek galdu egin dutelako.

Kolpe handia eraman du Mariezkurrenak Zierbenan. (Jon URBE/FOKU)

Lehendik ere nahikoa arazo ez balituzte bezala, uda modurik okerrenean hasi du Baikok, Zierbenan Bizkaia Torneoko binakako partida jokatzen ari zela min hartu baitu Jon Mariezkurrenak bizkar-gerri aldean. Partida 11-6 zela, pilota bat jo eta atzeraka zetorrela, lurrean zen Ander Imazen aurka estropezu egin eta kolpe handia hartu du atzealde horretan. Aldageletatik hiru aldiz pasa ostean, saiatu da berriozartarra jokatzen jarraitzen, baina zenbait mugimendu egiterakoan sentitzen zuen minak eraginda partida bertan behera utzi behar izan du.

Pilotariak min handia bazuen ere Iñigo Simon Baikoko medikua itxaropentsu agertu da eta ez du uste kolpeaz harago hausturarik izango duenik. ETBn azaldu duenez, kolpea errain-hezurrean hartu du atzelari nafarrak eta gune hori oso da gogorra eta, hortaz, hausturak sortzea ez da oso ohikoa. Momentuz, izotza eta antiinflamatorioak emango dizkiote eta ikusi egin beharko da hurrengo egunetan nola eboluzionatzen duen pilotariak.

Gauzak horrela, garaipena partida oso ona jokatzen ari zen Urrutikoetxea eta Imazentzat izan da eta puntu horrekin Oiz taldeak igandean Durangon jokatzeko txartela eskuratu du, lau eta erdikoan Iraitz Zubizarretak 18-11 irabazi baitio, San Ferminetako lau eta erdikoan bezala, Asier Agirreri. Gaurko garaileen arerioak Peña II.a, Artola-Albisu eta Alberdi II.a izango dira, beraz, anaien arteko dema izango da Ezkurdin buruz buru.

Itzulera gazi-gozoa Elordi-Zabaletarentzat

Mallabian, aldiz, hirugarren partidara itxaron behar izan da larunbatean Abadiñon Sollube taldearen aurka zein taldek jokatu behar zuen ezagutzeko. Kolitza izan da aurrera egin duen taldea, partida oso berezian Elordik eta bueltan zen Zabaletak, ondo sufrituta, Ezkurdia-Rezustari 22-20 irabazi badiete ere, banakako partidetan Peio Etxeberriak eta Zabalak lortutako garaipenek hurrengo kanporaketarako txartela eman baitiete. Kaiolan, ultzamarrak 18-10 irabazi dio errioxarrari eta kantxa osoan, Zabalak xehatu egin du Julen Egiguren, 18-3.

Atseden hartzeko astirik gabe, Solluberen aurka jokatu beharko dute. Salaberriak, Altuna-Martijak eta Victorrek osatzen dute talde hau.