EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurreko agintaldiko ituna berritu dute Errenterian
Azken urteetako akordioei jarraipena emanez, ituna sinatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Errenterian. Hiru puntu nagusi izango dituzte legealdiko ildo gisa: gobernantza partekatua, gobernantza eraginkorra eta gobernantza eraldatzailea.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek akordioa itxi dute ostiral honetan, Errenteriako Udalean aurreko agintaldiko ituna berritu eta 2023-2027 legealdirako «gobernagarritasuna bermatzeko».
Koalizio abertzaleak maiatzaren 28ko hauteskundeetan lortu zituen bederatzi zinegotzien botoek eta Elkarrekin Podemoseko bi zinegotzien botoek Aizpea Otaegi jarriko dute berriro Alkatetzan, bigarren alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Udalbatzan, PSEko sei zinegotzik, EAJko hiruk eta PPko batek hartuko dituzte oposizioko eserlekuak.
«Akordio honek 2011n Bilduk eta Ezker Anitza-IUk lortutakoa indartzen du, eta 2015ean EH Bilduk eta Errenteria Irabaziz taldeak berretsitakoa, eta 2019an EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk lortutakoa», nabarmendu du koalizio moreak.
Gainera, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-Berdeak Equo eta Alianza Verde alderdiek adierazi dutenez, itun horrek «bi alderdiren batuketa aritmetikotik haratago doan apustua egiten du», «alderdi bakoitzaren nortasuna» errespetatzen duena eta «azken 12 urteetako ezberdinen arteko lankidetza esparru hori» berresten duena.
«Izan ere, bi indar politikook bat egiten dugu pertsonen eta herrien garapena ahalbidetzen duten eskubide indibidual eta kolektiboen defentsarekin, eta Udalak azken hiru legegintzaldietan premisa horrekin egindako bideari jarraipena eman nahi diogu», azpimarratu du.
Adierazi dutenez, hiru puntu nagusi izango dituzte legealdiko ildo gisa: gobernantza partekatua, gobernantza eraginkorra eta gobernantza eraldatzailea. «Politika publikoak herritarrekin partekatuta diseinatu eta egikaritzea da bi alderdion xedea», azaldu dute. Era berean, «garai ziurgabe hauetan, gobernu eraginkorra izatea funtsezkoa da herritarrei ziurtasunak eskaini eta testuinguru berriek ezarritako erronketara ahalik eta ondoen egokitzen asmatzeko», adierazi dute.
Honela «etorkizunaren eraldatzaile» izateko helburua zehaztu dute. «Alegia, gaur irudikatzeko gai ez garen edota aukerarik ikusten ez dugun errealitate bizigarriak praktikan jartzeko gaitasuna izan behar dugu. Posible denaren markoa zabaltzea dagokigu».
EH Bilduk Alkatetza, Idazkaritza, Giza Baliabideak, Kontratazioa eta Ondarea, Informazioaren Gizartea eta Herritarren Partaidetza, IKTak, Ogasuna, Hirigintza, Trafikoa, Hiri Mantenua, Garapen Ekonomikoa, Gizarte Zerbitzuak, Kultur Aniztasuna, Berdintasuna, Hezkuntza, Gazteria, Hizkuntza Politika, Kirola, Udaltzaingoa eta Herri Segurtasuna, Artxiboa eta Herri Arte Eskolako patronatua hartuko ditu bere gain. Koalizio moreak, berriz, Kultura, Liburutegia eta Ingurumen arloak.