INFO

Hainbeste maite zuen Ean eman diote azken agurra Jabier Salutregiri

Salu, Ean 2015ean, espetxetik irtetean, egin zioten omenaldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ea herrian geratuko da betirako Jabier Salutregi Mentxaka, asteazkenean hil zen ‘Egin’eko zuzendari ohia. Bertan larunbat honetan eta Gernikan ostegun eta ostiralean jaso dituzte doluminak haren senideek. Izan ere, oihartzun handia izan du zoritxarreko albisteak.

Bi tokietan emaztea eta semearekin batera Salutregik utzitako lagun andana egon da, berarekin espetxean egondako pertsonak (18/98 auzia dela eta kartzelaratua izan zen, ‘Egin’ itxi ostean, 2015. urtera arte), bai eta informazio munduko lagun ugari ere. Esaterako, Monica Terribas eta David Fernandez kazetari kataluniarrak.

Azken honek ‘La Directa’ hedabide katalanean gogoratu zuen. Fernandezek Salurengan «egiten duguna garela eta egia esatea, bidegabekeria nagusi den lekuan, arriskutsua dela erakusten duen istorio bat» ikusten du. «Moda errepresiboak pasatzen dira eta hondakinak bakarrik geratzen dira. Eta ahanzturak. Baina beti geratuko zaigu Salu antidoto, memoria errebelde eta ainguraleku gisa, nondik azalduko baitigu zergatik gauden atzo baino ikaratuago (eta itxaropentsuago), baina bihar baino gutxiago», sinatzen du.

Ez da Fernandez izan ‘Egin’ egunkariko zuzendari ohia hedabideetan gogoratu duen bakarra. Jonathan Martinezek, ‘Publico’ egunkarian, modu honetan esan zion agur: «Gaur, ‘Egin’-en amaieratik hogeita bost urtera, "dena ETA da" ren aitapontekoek modu bikainean jarraitzen dute. Historiak irentsi egingo ditu. Jabier Salutregik, aldiz, ez dio eternala izateari utziko».

Donostia izan du bizitoki Salutregik azken urteotan eta Bilbon eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa baina Ea herriari estuki lotua izan da beti, bere amaren herria baitzen.