INFO

Zumaia eta San Juan, ETE eta KAE1 Ligetako lehen liderrak estropada oso gorabeheratsu batean

Emakumeen proba beranduago hasi da 4. buian arazo bat egon delako eta ondoren, behin irteera emanda, epaileek gelditu dute erlojuarekin arazoak zeudelako. Gizonezkoen proban, aldiz, bigarren txandak lehen minutua pasata zuela gelditu behar izan dute, txalupa bat estropada gunean sartu delako.

Zumaiako neskak gailendu dira ETE Ligako lehen estropadan. (ZUMAIAKO TELMO DEUN)

Zumaia, ETE Ligan, eta San Juan, KAE1 Ligan eta lehenengo txandatik, dira 2023 denboraldiko lehen liderrak Donibane Lohizuneko uretan lehen estropada irabazita. Traineruen zilarrezko ligei hasiera emateko, ez da emozioa falta, ezta kezka ere ikusitakoak ikusita.

Izan ere, estropada oso gorabeheratsua izan da. Hasteko, ETE Liga beranduago hasi da 4. buian arazo bat egon delako eta ondoren, behin irteera emanda, epaileek gelditu behar izan dute erlojuarekin arazoak zeudelako. Eta ondoren, gizonezkoen proban, aldiz, bigarren txandak lehen minutua pasata zuela gelditu behar izan dute, txalupa bat estropada gunean sartu delako.

ETE Liga: Zumaia, faborito eta nagusi

Zumaiak irabazi du Donibane Lohizunen egin den ETE Ligako denboraldiko lehen estropada (bi ziaboga eta hiru luzerekin) eta, beraz, lehen zortzi puntuak lortu ditu eta lehen liderra da. "Telmo Deun" ontzia bigarren txandan aritu da eta oso nagusi izan da beste hiru traineruekin alderatuta eta aurreko txandan aritu diren beste lau ontziekiko.

Esan bezala, ETE Ligako denboraldi hasiera oso gorabeheratsua izan da. Haize boladek dena oztopatzen zuten, baina horri beste arazo batzuk gehitu zaizkio. Hasteko, irteera 11 minutu atzeratu da 4. kaleko buia batekin arazoa zegoelako; eta ondoren, behin irteera eman eta minutu bat pasa denean, epaileek bandera gorria atera dute gelditzeko behartuz, erlojuarekin arazoak zeudelako.

Bigarren irteeran ere arazoak izan dituzte patroiek estatxak heltzeko. Azkenean, 15.15an hastekoa zen proba, 15.34etan hasi da, eta hori bai proba estua ikusi ahal izan dugula lehen luzean. Bertan, Kaiku eta Astillero estu-estu ari ziren. Pentsa, lehen ziaboga denbora berean egin dute (3:33).

Baina Kaikuk bigarren luze oso ona egin du eta Deustuk Astillerori aurreratu dio bigarren maniobra aurretik. Azken luzean, "Bizkaittarra" nagusitasunez irabazi du txanda denbora oso ona lortuz (11:24.95). Bigarren behetik gora egin duen Deustu izan da (11:40.80).

Bigarren txandan, ordea, Naroa Goikoetxea Zumaiako patroiaren agindupean, gipuzkoarrek hasiera-hasieratik markatu dute erritmoa eta lehen ziabogan jada Kaikuk eginda zuen denbora hobetu dute (3:28, bizkaitarrak baino baino 5 segundo hobeto).

Bigarren luzean ez diote ezustekoari tartea eman eta hegan egin dute garaipenerantz. Bigarren Kaiku izan da, Deustu hirugarren eta Astillerok markatu du laugarren denborarik onena. Hauek arituko dira igande honetan, San Pedroko uretan, ohorezko txandan.

VI. Donibane Ziburuko estropada eta sailkapen nagusia:

1. Zumaia 11:20.54
2. Kaiku 11:24.95
3. Deustu 11:40.80
4. Astillero 11:45.64
5. Zarautz 11:50.01
6. Ondarroa 11:50.71
7. Hernani 12:02.19
8. Portugalete 12:28.62

San Juango arraunlariak, banderarekin Donibane Lohizunen. (Guillame FAUVEAU)

KAE1 Liga, San Juanen «ezustekoa»

Gizonezkoen proban, bigarren txandan etorri da ezustekorik nabarmenena. Hau kirolez kanpoko ezustea izan da. Izan ere, lau traineruak (Hondarribia, Arkote, Lapurdi eta Pedreña) 2:15 zihoazela, epaileek estropada gelditu behar izan dute txalupa bat sartu delako estropada gunean eta gurutzatu egin delako. Harritzekoa eta errepikaezina bada ere, honek min egin dio faboritoetako bat zen Lapurdiri.

Etxeko traineruak ezin izan du lehen txandan San Juanek egindako markarik onena hobetu. Koxtape bikain aritu da hasierako txanda horretan. Pentsa, denek laugarren kaleari beldur zioten eta bertatik aritu dira sanjuandarrak.

Hori bai, lehen ziabogan San Pedro izan da azkarrena. Baina bigarren biraketan Joseba Campanoren gidaritzapean dauden arraunlariek beste martxa bat sartu eta lehen postua bereganatu dute. Bigarren ziaboga horretan segundo bateko aldea atera diote "Libia"ri, hiru segundo hurrengoan, zazpi laugarren biraketan, zortzi bosgarrenean eta 11 estropada amaieran.

Esan bezala, Lapurdik ezin izan du bigarren txandan sanjuandarren marka hobetu, eta hirugarrenean, Zumaia, beste faboritoetako bat, bazirudien marka hobetuko zuela. Lehen ziabogan San Pedrok markatutako onena berdindu du (3:27), baina estropada aurrera joan ahala, ezin izan dute erritmoari eutsi eta urruti geratu dira, seigarren.

Hala, igande honetan eguerdian, San Pedroko uretan, San Juan, Lapurdi, San Pedro eta Camargo arituko dira ohorezko tandan.

XXXI. Donibane Ziburuko estropada eta sailkapen nagusia:

1. San Juan 20:57.45
2. Lapurdi 21:05.41
3. San Pedro 21:08.41
4. Camargo 21:25.14
5. Zarautz 21:27.97
6. Zumaia 21:28.76
7. Arkote 21:30.08
8. Pedreña 21:46.12
9. Deustu 21:48.76
10. Hondarribia 21:53.30
11. Castro 22:04.37
12. Busturialdea 22:06.56