Anaia zaharrari lehendabizikoz irabazita, finalean sartu du Anboto Unai Alberdik
Binaka askoz sendoago aritu dira Urrutikoetxea-Imaz, baina lau eta erdikoan Jon Ander Peñak Zubizarretari irabazi dionez, txapelketan gaur sartu den taldeak lortu du abuztuko finalerako txartela.
Maiorazkoa amaitu da Azpeitiko Arauntza baserrrian eta anaia zaharrari profesionaletan zuriz jantzita lehen aldiz irabazita (18-11), Bizkaia torneoko finalean sartu du Unai Alberdik Jon Ander Peña eta Artola-Albisuk osatzen duten Anboto taldea. Egokiago esanda, buruz buruko lehiek eman diote txartel hori, lau eta erdikoan Peñal lortutakoak adina balio izan baitu, baina kanporaketa azken partidan eta anaien arteko desafio batean erabakitzeak pisu berezia eman diote Alberditarren arteko demari.
Eta lehia erabakigarri horretan, lesio luze bat gaindituta bere maila onenera itzultzen ari den Unai Alberdi merezimendu guztiz nagusitu zaio orain arte etxeko aginte makila zeraman Jon anaiari. Saketik hasita, pilota luzeago eta biziago erabili du. Dirua kontra zuen arren, ia hasiera-hasieratik partidaren kontrola anaia gazteak eraman du, Alberdi I. gehienean muturrean jokatzera behartuta. Iazko maiatzean, Promozio mailako Buruz Buruko finalerdian Jon erraz xamar nagusitu bazen Urduñan, gaur Durangotik bueltan anaia gaztearen adarjotzeak sufritzea tokatuko zaio.
Oporren aurretik Iraitz Zubizarreta maila ona emana zen kaiolan jokatutako azken neurketetan, baina gaurkoan amore eman behar izan du pilotari abiadura bat gehiago sartu dion Jon Ander Peñaren aurka (18-9). Uneren batean tolosarrak eskuin beso horretan uzkurduraren bat edo bazuela iruditu zaigun arren, sakeari abiadura handia eman dio, sake-bueltan ere asko asmatu du eta hor egin du zuloa. Iraitz Zubizarretak ere izan du sustorik, markagailuan 9-3 atzetik zihoala, pasatako pilota bati kolpea bota, eta pilotak betondoan jo diolako ezker paretan jo eta gero. Ingurua hazi zaion arren, jokatzen jarraitu ahal izan du, baina ezer gutxi egin ahal izan du kolpez gehiago izan den aurkari baten aurka.
Imazen sendotasunak berdindu du kanporaketa
Binakako partidan, sendotasuna, batez ere alerik galdu ez duen Ander Imaz oso seguru batena, izan da Oiz taldeko pilotariei bizirik jarraitzeko beharrezkoa zuten puntua eman ziena, Artola-Albisuri 22-15 gailenduta. Partida hasiera orekatu xamarra izan bada ere, urdinak 5-7 ere aurreratu dira, atzelari ataundarrak tarteka egindako hutsek baldintzatu dute, hein hadi batean, markagailuak kolore gorria hartu izana. Azkenerako 10 pilota ere galdu ditu goierritarrak eta partidaren erditik aurrera eskuin eskua ere baldintzarik onenetan ez zuenaren itxura eman du. Gainera, apenas erakutsi dio, espero zen bezala, bizkarrik Ander Imaz on bati.
Aurrean, Mikel Urrutikoetxeak bizi hasi du partida, baina gerora bi aurrelariei ere kosta egin zaie zabaleko arrastoa topatzea eta txokoan egin diote min gehiago elkarri eta Zaratamokoak ere nahi baina pilota gehiago galdu ditu partidaren amaieran, zazpi.