INFO

Azken hilketa matxista gaitzetsi eta «auzodefentsa feminista» aldarrikatu dute Santutxun

‘Erasoen aurrean auzodefentsa feminista’ lelodun pankarta zabaldu dute hainbat bizilagunek Bilboko Santutxu auzoan. Bertan, pasa den astean gizon batek labankadaz hil zuen 89 urteko andrazko bat.

Bilboko Santutxu auzoan elkarretaratzea egin dute krimen matxista salatzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Santutxu auzoan hainbat lagun elkartu da astelehen arratsalde honetan azken krimen matxista salatzeko. Pasa den astean 28 urteko urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, 89 urteko emakumea labankadaz hil zuelakoan. Halaxe egin zuela onartu zuen gero gazteak eta espetxeratu egin zuen epaileak.

Hitz-joko batekin indarkeria matxistaren kontrako erantzuna kolektibo eginez, ‘Erasoen aurrean auzodefentsa feminista’ lelodun pankarta zabaldu dute 19.00etan Santutxuko Egunkaria plazan. Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan eta hainbat herri eta auzotan ere egin dira protestak Emakumeen Mundu Martxak deituta.

Emakumearen gorpua etxean aurkitu zuen Ertzaintzak pasa den ostiralean, labana batek eragindako lesioekin. Egun horretan atxilotu zuten 28 urteko gizona, biktimarekin familia-harremanek lotzen zutena, eta andrazkoa sastakatu zuela onartu zuen. Prebentziozko espetxeratzea ezarri zion epaileak.

Kasu honetan, «etxeko indarkeriaren esparruan» ikertuko da hilketa. Hildakoaren gorpua Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman zuten, eta han egingo diote autopsia.

Santutxukoa aurtengo hirugarren hilketa matxista izan da Euskal Herrian. Maiatzean Lurdes del Hoyo hil zuen bere bikotekide ohiak Orion, eta soilik astebete igaro zela Maialen Mazon gasteiztarra hil zuen bere bikotekide ohiak.