Jatorkin jantoki solidarioa: estigmak uxatzeko ez dago bazkari bat konpartitzea baino hoberik
Arantzazulab eta Kutxa Fundazioak Klik Programa jarri dute martxan, herritarrak 2030eko Agendara hurbildu nahian. Urtero helburu bat jorratuko dute eta gose ezarekin hasi dira. Ekintza bereziak proposatzen ari dira; adibidez, jatetxe bihurtu dute Jatorkin jantoki solidarioa. Bertan bazkaldu nahi?
Jatorkin Al-Nahda elkarteak egoera zaurgarrian dauden pertsonei bazkaltzen ematen die Donostiako Aiete auzoan duen jangela solidarioan. Joan den astean, Klik Programaren barnean, herritar orori irekitako jatetxe bilakatu zuten jantokia, sentsibilizatzeko eta espazio honetan egiten duten lana ezagutarazteko asmoz. Boluntarioak eta donazioak lortzen badituzte, oraindik hobeki.
Parte hartzeko hainbat aukera eman zituzten: bezero gisa bazkaltzera joatea edota Jatorkineko kideekin batera sukaldari, zerbitzari edo garbiketa lanetan aritzea. Guk ere egin genuen klik, eta kolpe batez uxatu genituen aurreiritzi guztiak.
Belizalde kaleko bosgarren zenbakian dago etorkinen aldeko elkartearen jangela. Normalean barrenean bazkaltzen dute, baina oraingoan karpa bat muntatu dute lorategian, aldatzeko. Beso zabalik hartu gaituzte eta berehala egin digute tokia mahaian. «Paella goxo-goxoa duzue, untxiarekin. Entsalada, gulak eta haragi pikatua patatekin». Zerbitzariak goraino bete dizkigu platerak, eta irribarre konplizez ibili da untxi bila paella-ontzian, ahalik eta puska gehien paratzeko. Erabiltzaile gisa etorri zen eta orain boluntario dabil.
Giro lasaia eta alaia dago. Rosa Irastorzaren ondoan esertzea egokitu zaigu. Donostiarra da eta «nahasteko eta ezagutzeko» gogoak ekarri du hona. «Ni beste herrialde batera joango banintz hala egitea gustatuko litzaidake. Bizilagunak dira, bizilagun egin behar ditugu, eta hobe onez egitea txarrez baino. Denok irabaziko dugu», aldarrikatu du. Azeituna min bat jan eta ura tragoan edan du. Bazkaltiarrak bezala, sukaldea ere anitza da eta erramu eta espezie bixien ukitua dute platerek.
«Gure kabitik atera eta zabaldu egin behar dugu», jarraitu du. «Ez zaigu iruditzen, baina ez dugu gure zilborrari begira denbora gehiago egoterik».
Jantokiko erabiltzaile batekin solasean utzi dugu Rosa, eta menbrilloa eta kafea hartuta mahaiburura mugitu gara, han daudelako Mohammed, Fahd, Redouane, Nora eta Ruben.
Astelehenetik ostiralera sabela beteta, asteburuan hutsik
Erabiltzaileak dira lehenbiziko hirurak, langileak azkeneko biak. Jatorkinen zerbitzuen berri eman digute. Tolosan eta Donostian egiten dute lan. Aieten arropa garbitu eta gordetzeko aukera dute, medikuarekin hitzorduak hartzen edota lana bilatzen laguntzen diete, eta bazkaldu eta gaztelania ikasten dute. Hori dute lehentasuna, nahitaez, baina euskara ere jasotzen ari dira eta hitz batzuk egiten dituzte. «Oso irakasle ona da», erran du Redouanek Rubeni buruz. Bihurri aurpegiko gaztea txantxetan dabil etengabe, ez du ematen gauero kalean lo egiten duenik.
«Astelehenetik ostiralera ez da inor goseak gelditzen. Baina asteburuan ez dago jangelarik eta esnea eta gailetak eramaten ditugun arren, ez da aski tripa-zorriak isiltzeko», adierazi du Mohammedek.
Marokoarrak dira jantokiko erabiltzaile gehienak, Balkanetako bidetik etorriak. «Hilabete eta erdi eman nituen oinez», kontatu du Redouanek. «Gu hamar orduz igeri egin ondoren heldu ginen Melillako hondartzara», azaldu dute duela zortzi hilabete elkarrekin etorri ziren Mohammed eta Fahdek. «Gaur hondartzan egingo dugu lo; ahal dugun lekuan», diote.
Surfa, ingelesa eta amatxiri laguntzea
Astean behin, wifi publikoa baliatuz mintzatzen dira familiarekin eta ongi daudela erraten diote beti. Hortik ere badator Europa idealizatzea eta gero errealitatearekin talka egitea. Fahdentzat amatxi da bere familia eta dirua lortu eta berari laguntzea du xede. Lehengusu batekin arazoak zituelako atera zen herritik. Mohammed surflaria da; hiru aldiz izan da Marokoko txapelduna. Entrenatzaile izan nahiko luke. Bizkarreko arazoekin dabil eta mediku bila etorri zen.
Redouanek, aldiz, ingelesa ikasten zuen Marokoko Unibertsitatean eta ikasketekin jarraitzea du amets. «Han diplomak badituzu, baina lanik ez».
Hobeki egotera etorri dira; gurpil zoro batean sartzen dira, ordea: paperik gabe ez dute lanik eta lanik gabe ez dute paperik. Errolda agiria lortzea da lehenbiziko urratsa. Horretarako hiru hilabete egon behar dute hemen. Behin erroldatuta, Lanbiden izena eman dezakete.
Elektrizitate, soldadura eta sukaldaritza kurtsoetara apuntatu dira. Pasaportearekin edo NANarekin egin dezakete hori. Baina oraindik ez dakite hartuko dituzten ala ez. Hemen gelditzea gustatuko litzaieke.
Mohammed adin txikikoa zen etorri zenean. Orain 18 ditu. Fahdek 21 ditu eta Redouanek, 23.
Denbora aunitz triste
Gailentzen zaien sentimenduaz galdetuta, denbora luzean triste egoten direla adierazi dute. Rubenek beren azalean jartzeko ariketa egin du: «Imajinatu 18 urte dituzula eta kalean zaudela, zure hizkuntza hitz egiten ez den herrialde batean, janaririk gabe, telefonorik gabe. Imajinatu, gainera, jende batek gaizki begiratzen dizula».
Horren inguruan, herritar batzuk gurutzatzean urrundu egiten direla eta poltsari heltzen diotela sumatu arren, oro har ongi hartzen dituztela erran dute hiru gazte marokoarrek.
Aunitz egoten dira Tabakaleran. Aterpea eta wifia dituzte bertan.
Nora eta Ruben
Norak ukrainiarrei egiten zaien harrera ekarri du gogora eta denekin hori egin beharko litzatekeela defendatu du. «Lehenbiziko beharra jatea da eta sarri errazagoa dute tabakoa lortzea janaria baino», salatu du langile tolosarrak.
Rubenek gizarte inklusioko ikasketak egin zituen eta formazio dualerako hartu zuten Jatorkinen. «Oso gustura nago. Haiekin hitz egiten dut. Estigma guztiak desagertzen dira ezagutzen dituzunean. Denok gauza bera nahi dugula ohartzen zara: jatea, lo egitea, entretenitzea».
Noraren aita palestinarra da. Txikitatik ikusi ditu «injustizia asko» eta beti lagundu nahi izan du. Inklusio sozialean ekarpena egiteko ikasi zuen eta hezitzaile izateko prestatzen ari da orain. Aldarrikatu duenez, arruntagoa izan beharko luke etorri berriekin mintzatzeak eta haiek ezagutzeak. «Ergelak toki guztietan daude eta aurreiritziak ezagututa kentzen dira».
Ikasteko gogoz daudela eta arazoa kalea dela azpimarratu dute Mohammed, Fahd eta Redouanek. Zailtasunak azaletik ere badatozela erantsi du Norak. «Ez naute diskriminatu, baina azkenaldian asko galdetzen didate nongoa naizen. Hemengoa naiz, euskalduna».
Erronkarik handiena, espazioa
Agurtu baino lehen, Saad Malec gizarte hezitzailearekin mintzatu gara. Jatorkin Al-Nahda elkartearen arduraduna da eta jende guztiarekin egotea tokatzen zaio. Aste honetan, Klik Programaren eraginez, are gehiago. Azken txandan bazkaldu du, jakina.
Kontatu digunez, covidaren konfinamenduan sortu zen jantokia. Jatorkinek fundazioekin, lanbide eskolekin, herritar sareekin zein Caritasekin egiten du lan, zer behar dauden ikusi eta erantzuten saiatzeko. «Gaztelania eskolak ematen hasi ginenean konturatu ginen gosaldu eta bazkaldu gabe zeudela. Orduan, janaria eskaini genien. Lehenbizi 10 laguni, gero 30i, 40ri... Joan den urtetik 80 pertsona etortzen dira egunero. Ez dira berdinak. Egunero etortzen da jende berria».
Orain, haiek hartzeko espazio handiagoa lortzea dute erronka nagusia, gaur egun bertze eragile batzuekin partekatzen baitute eraikina.
Bagoaz. Gure klika, kronika hauxe eta donazio ttiki bat. Hurren arte!