INFO

Erandioko San Jose egoitza publikoan medikurik ez dagoela salatu du EH Bilduren udal taldeak

Erandioko San Jose egoitza medikurik gabe dagoela salatu du EH Bilduren udal taldeak. Zahar etxea jabetza publikokoa da baina Gizatzen enpresa pribatuak kudeatzen du eta 60 egoiliar ingururentzat dauka tokia.

Erandioko San Jose egoitza. (Erandioko EH Bildu)

Erandioko EH Bilduk salatu du herriko San Jose egoitzak ez duela medikurik. Egoitza jabetza publikokoa da, baina enpresa pribatuek kudeatzen dute. 60 toki inguru dauzka, gehienak Udalarekin itundutakoak eta gainontzekoak Diputazioarekin. Dauzkan egoiliar kopurua dela eta, egoitza behartuta dago bertan medikua izatera, adinekoek arreta jaso dezaten osasun zentrora joan beharrik gabe.

Koalizio subiranistak ohar batean azaldu duenez, joan den urteko azaroan Gizatzen enpresari esleitu zitzaion zahar etxea kudeatzeko lizitazioa eta OHL multinazionalarekin lotura zuzena zuela ikusita, kezka agertu zuten: «Ezaguna da bere langileen lan eskubideak behin eta berriz urratzeagatik». Hain zuzen ere, lizitazioaren aurka bozkatu zuten.

Joan den astean sinatu zuten esleipena Udalak eta Gizatzen enpresak eta, orain, EH Bilduren udal taldeak salatu du medikurik gabe daudela egoitzan. Oharrean azaldu dute zahar etxea kudeatzen duen enpresa medikurik eza justifikatzeko Udalaren pleguetan oinarritzen dela, zeinek egokitzeko 3 hilabete ematen dizkioten. Oier Agirre zinegotziak NAIZi adierazi dio Erandioko EH Bilduk ez duela uste epe hori egokia denik osasunarekin eta zaintzarekin zerikusia duen zerbitzua dela kontuan hartuta.

Era berean, kezka agertu du, uda garaian sartzen ari garen honetan ez baitute espero arazoa berehala konponduko denik. Egoiliarrak Osakidetzak artatzea planteatu die Gizatzenek irtenbide bezala. Halaber, Agirreren hitzetan, egokituko litzaiekeen osasun zentroa txikia da eta Osakidetzak dagoeneko dituen gabeziekin, zaila da adinekoek behar bezalako arreta jasotzea. Horregatik, egoitzan bertan medikua jarri dezaten galdegin dute.