INFO

Lakuaren erresidentzien dekretua Estatuko parametroen azpitik dagoela salatu du EH Bilduk

EH Bilduk ohartarazi du Lakuako Gobernua lantzen ari den erresidentzien dekretua ez dela Estatu espainolak onartu zituen kalitate-indizeetara heltzen. Diotenez, atzean geratzen da egoiliarrak artatzeko ratioetan, zentroen tamainan eta baldintza materialetan.

Tolosako egoitza baten artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Gobernua presatzen ari den adinekoen egoitzen dekretua egoiliarrak artatzeko ratioetan, zentroen tamainan eta euren baldintza materialetan Estatu espainolak ezarri zuenarekiko atzean geratzen dela salatu du EH Bilduk. Bide batez, Gasteizko Legebiltzarrean azalpenak eman ditzala eskatu diote Nerea Melgosa Gizarte Poitiketako sailburuari.

Adinekoen egoitzetan bete beharreko baldintzak zehaztu eta arautzeko Lakua prestatzen ari den dekretuaz aritu da Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea. Esan duenez, Estatu mailako akordioaren «egokitze kaskar bat baino ez» da.

«2022ko ekainean Gizarte Sistemaren Lurralde Kontseiluak gutxieneko estandarrak onartu zituen Urkulluren Gobernuaren kontrako botoarekin, eta orain Jaurlaritzak planteatzen ari den dekretua ez da gutxieneko horietara iristen», azaldu du.

Gainera, ordezkatuko duen 2019ko dekretuarekin alderatuta, «aldaketa gutxi» dakartzala uste dute koaliziotik eta ibilbide-orria izatekotan, «Estatu osoan asistentzia kalitate txarrena» duten adinekoen egoitza zentroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak izango direla seinalatu du Kortajarenak.

«Hori al da orain aste gutxi iragarri zuen zaintzen eredu berria?», helarazi dio Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, azalpen baten esperoan.

Plazak, ratioak eta arreta

Madrilgo akordioak egoitzetan gehienez 120 plaza aurreikusten dituen bitartean, Lakuakoak 150 egoiliarretan ezarri du gehiengoa, 2019ko dekretuan bezala. Beraz, EH Bilduren ustez, «hemengo egoiliarrak galtzaile ateratzen dira.

Ratioei dagokienez, Kortajarenak gogorarazi du pandemiak erakutsi zuela pertsonal gutxiago duten zentroetan heriotza-tasa handiagoa zela. «Jaurlaritzaren dekretu berriak 0,33ko ratio bat ezartzen du eta sei urteko epea ematen die egoitzei horretara iristeko; 2029an, beraz, ratio hori bermatu beharko dute. Lurralde kontseiluaren akordioaren arabera, aldiz, 2029an Estatuan bete beharreko ratioa 1,49koa izango da», azaldu du.

Honen harira Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren arteko desorekak ere salatu ditu legebiltzarkideak. Gipuzkoan eta Bizkaian langileen jarduna 1.592 ordukoa delako urtean eta Araban 1.792koa. Ondorioz, 0,33ko ratioa denbora gehiago da Araban.

Bestalde, erizainen ordez osasun arreta laguntzaileen esku gera daitekeela eta terapeuta okupazional batek gizarte langilearen arreta bere gain har dezakeela ohartarazi dute. «Badirudi hainbat titulazio ordezkagarriak direla, eta hori ez da onargarria, horrela ezin delako egoiliarrek behar duten osasun arretaren kalitatea bermatu», salatu du Kortajarenak.

Legebiltzarkideak nabarmendu du, halaber, Lakuaren dekretu berriak ez duela parte-hartzerako inolako organorik planteatzen: «Honetan ere atzeran geratzen ari gara. Kataluniak, adibidez, egoiliar eta hauen senitartekoen partehartzea arautua du dagoeneko».

Hortaz, «adinekoen egoitza eredu berria» adosteko beharra azpimarratu du, zaintzen krisi honetan sistema publiko komunitario baten alde.