INFO

Erasok, Imazek eta Vadillok osatu dute podiuma 23 urtez azpiko erlojupekoan

Idoia Eraso, Nahia Imaz eta Eneritz Vadillo euskal txirrindulariak gailendu dira 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketako erlojupekoan. Eraso iaz ere txapelduna izan zen, eta aurten 46.48ko denbora egin du Mallorcan. Atzetik, Imaz izan du (47.01), eta podiumaren azken koskara igo da Vadillo (47.03).

Idoia Eraso, Nahia Imaz eta Eneritz Vadillo, gaur Mallorcan jokatu den 23 urtez azpiko Espainiako erlojupekoko podiumean. (Laboral Kutxa)

Idoia Eraso, Nahia Imaz eta Eneritz Vadillo euskal txirrindulariek osatu dute podiuma 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketako erlojupekoan. Mallorcan korritu dute, eta iaz bezala, Laboral Kutxako txirrindulari nafarrak ezarri du markarik onena (46.48), eta hala urrea golkoratu du.

Irabazi berritan, Erasok adierazi du erlojupekoa «prestatu» behar den lasterketa bat dela, eta «sufritzekoa» dela. Oro har, «pozik» dago irabaztea lortu duelako, baina «arantza» geratu zaio: «Ez dut nire erlojupekorik onena egin. Ia erori naiz hasieran... Azkenean irabazi dut, baina arantza hori geratzen zait».

Garaipenaz nabarmendu du urtean egindako lanaren «saria» dela: «Aurten desberdina izan da. Taldea [Laboral Kutxa], oro har, asko hazi da, eta bertan nire lana itzalekoa da. Baina gaur polita izan da nire lana erakusteko aukera izatea».

Haren atzetik Sopelako txirrindulari nafarrak lortu du zilarrezkoa (47.01). Vadillo izan da hirugarren (47.03) eta podiumaren azken koskara igo da, Imaz baino pare bat segundo atzetik.