INFO
Entrevista
Iñigo Argandoña
Euskadiko xake txapelduna

«Xakea debekatzen den lekuetan jendeari pentsatzea eragotzi nahi zaio»

Bizitza osoa darama xake taularen aurrean. Estrategia, erabakia, harritzeko gaitasuna. Osagai asko ditu xakeak, edonor harrapatzeko modukoak denak. Xake jokalariaren profila aldatu egin omen da, zabaldu, anitzago bihurtu. Xakearen magia da denak berdintzen dituela, taula bat tartean.

Iñigo Argandoña, Gros Xake Taldearen egoitzan. (Jon URBE | FOKU)

Ez da erraza nondik hasi pentsatzea, eta are gutxiago Gros Xake Taldearen egoitzara igo eta gero. «Asteburu guztietan jendez lepo egoten da: gazteak, umeak, helduak… Xakeak hori du gauza ederrenetako bat: oso era ezberdinetako jendeak jokatzen du, elkarrekin bestela inola ere imajinatuko ez zenukeena, baina finean, xake taularen aurrean ezberdintasun guztiak ezabatu egiten dira. Jokalari bat beste baten kontra, besterik gabe, eta hor gertatzen dena jokatzen ari denaren ardura da», azaldu du Iñigo Argandoñak.

Argandoñak martxoaren azken aldera lortu zuen, azkenean, Euskadiko Xake Txapelketa: «Nire hogeigarren ahaleginean, pisu handia kendu dut gainetik». Baina elkarrizketa egiteko aitzakia Ding Liren eta Ian Nepomniachtchiren artean Astanan jokatu den Munduko Xake Txapelketa da. Inork espero ez zuen emozio handiko partidak jokatu baitituzte Ding Munduko txapeldun berriak eta Nepomniachtchi errusiar koitaduak, Munduko Txapelketa eskuan izan eta gero, berriz ere gabe geratu baita.

Baina era berean, ez da ahaztu behar Magnus Carlsen norvegiarra dela Nazioarteko Xake Federazioaren -FIDE- irizpideen arabera, munduko xake jokalaririk onena, bera baita une honetan, erreferentziatzat hartzen den ELO puntuazioan, 2.800 puntuak gainditzen dituen bakarra.

Trenean nentorren honantz eta lau gazte, telefono mugikorrarekin, elkarren kontra xakean ari ziren. Zer dauka xakeak hain txundigarria dena?

Xake jokalariaren profila lehen orain baino askoz bereziagoa zen: jende arraro samarra balira bezala. Finean, joko dibertigarria da eta zaletasun oso handia sortzen du edozein arlotan. Kirolari profesionalak, Realeko futbolariak, adibidez, partidak hasi aurretik xakean jokatzen aritzen dira. Nire ikasle gazteek egunero galdetzen zidaten “Nepo” eta Dingen arteko mundiala nola zihoan; «zergatik ez daude aulkian eserita, zuk agintzen diguzun bezala, kamerinoetara hainbeste buelta egin beharrean?». Asko hitz egin da txapelketa horri buruz eta, gainera, “The Queen’s Gambit” telesailaren eraginez zaletasunak gorantz egin du eta pandemiaren ondorioz ere xakeak bultzada handia jaso du.

(Munduko Txapelketa hau Ding Lirenen jokaldi batek egin du ezagun eta ia epiko: dorrea g6 laukira. Nepomniachtchi, erreginarekin, “xake amaiezin” batekin berdinketa eskaintzen ari zitzaion jokalari txinatarrari partida azkarren berdinketa haustekoan. Baina berdinketa hura onartu beharrean, bere erlojuan denbora atzeranzko kontaketa ia agortzear zela, Dingek aurrera jotzea erabaki zuen eta garaipena eskuratu zuen).

«Dorrea g6» badiot, zer datorkizu burura?

Asko hitz egin da azken partida horretako jokaldi horri buruz. Jende guztia oso harrituta geratu zen jokaldi horrekin, oso kalkulu zehatza behar baitu, eta erlojuan minutu bakarra izanez gero, jokaldi hori egitea meritu handikoa da. Pentsa, Magnus Carlsenek berak zoriondu egin zuen Ding Liren esanez «jokaldi suizida» horrek txapelketa eman ziola. Eta beste jende askok ere txalotu egin du. Izan ere, oso ideia ona da, eta bere meritua, batez ere, ia denborarik gabe jokaldi hori egin izana da. 20-30 minutuz pentsatzen jardunez gero, ikusi dezakezu jokaldi ona dela, baina minutu bakar batekin hori ikusteko gai izatea meritu handikoa da. Jokaldi nahiko arraroa da eta ez da batere naturala, berdinketara bideratuta zihoalako partida.

Baina ondo atera zitzaion, “Nepok” ere gero huts egin zuelako. Baina, bestalde, jokaldi horrez gain, “Nepo”k Munduko Txapelketan zehar egindako beste jokaldi batzuk ere oso onak izan dira. Oso gertu izan zuen garaipena errusiarrak eta hala izan balitz, bere jokaldiei buruz hitz egingo genuke orain. Baina txinatarrak irabazi duenez, Dorrea g6 hori pasatuko da historiara.

Argandoña duela hogei urteko partida batean. Andoni CANELLADA | FOKU

Xakean ere historia irabazleek idazten dute?

Bai, noski. Adibidez, gogoan dut Carlsen eta Karjakinen arteko Munduko Txapelketaren berdinketa hausteko partida Carlsenek mate polit batekin irabazi zuela: erregina “oparitu” zion bi jokalditan xake matea lortzeko. Oso jokaldi polita, benetan! Bukaera polita, txapeldun izateko.

Beste kontu bat da denborarekin Ding Lirenen jokaldi zehatz hori ahazten joango dela eta historiara pasatuko da Ding Liren izan dela munduko aurreneko txapeldun txinatarra kategoria absolutuan, lehenago Emakumeen Munduko Txapelketan hainbat jokalari txinatarrek lortu dutelako txapeldun izatea eta “Xakearen Olinpiar Jokoetan” ere urrea lortu dutelako.

Ikusle bezala, Munduko Txapelketan beste ezerk arreta piztu dizu?

Adibidez, oso erakargarriak iruditu zaizkit partida hasieretan proposatu dituzten ideia berriak. Nabaritu da Ding Lirenen entrenatzailea Richard Rapport izan dela, sormen handiko jokalaria, nahiko “kamikaze” estiloa duena eta niri asko gustatzen zaidana: erasokorra, beldurrik ez duena berdin pieza zuriekin zein beltzekin… Rapportek Ding estilo horrekin kutsatzea lortu du; ez guztiz, Ding Lirenek bere estilo propioa daukalako, noski.

Baina ez da ahaztu behar Nepomniachtchik hamabigarren partida, pieza beltzekin, ia irabazita izan zuela eta hura irabazi izan balu bi puntuko aldea hartuko zukeela. Horri ez zion bueltarik emango Dingek. Baina urduri jarri zen “Nepo”, irabazita ikusiko zuen, eta irabazi beharrekoa galdu egin zuen, eta halakoetan gero, futbolean penaltietan bezala, txanpona airera eta batek bakarrik irabazten du.

Beste alderdi bat, hasieran Magnus Carlsen falta zelako, «txapelketa deskafeinatua» izango zela uste zen, baina azkenean, eta ez berdintasunagatik bakarrik, ia hunkigarria izan da.

Bai, inork uste baino askoz dibertigarriagoa izan da eta jarraipen oso-oso handia izan du. Hasieran pentsa genezakeen Carlsen faltak interesik ez zuela sortuko, baina argi dago ez dela hori gertatu. Jendeak ederki hartu du munduko txapeldun berri bat egotea, eta orain Carlsenek pentsa lezake, agian, titulua berreskuratzea.

Izan ere, Ding Liren da munduko txapelduna, baina munduko onena oraindik ere Carlsen da. Magnusek, ordea, onena dela berresteko, agian saiatu beharko du titulua berreskuratzen. Baina, noski, txapeldunaren aurka jokatzeko, lehenik, Hautagaien Txapelketarako sailkatu beharko da eta hura irabazi, eta edozein kiroletan ikusten da: talde bat izan daiteke faboritoa, baina partida guztiak irabaztea zaila da.

Gainera, Magnusi ikuskizuna eta olgeta ere gustatzen zaizkio. Asteartero “Titled Tuesday” deritzon txapelketa bat jokatzen du Interneten. Aurreko batean disko musika entzunez, AEBetako emakumezko streamer batzuekin ari zen jokatzen, eguzkitako betaurrekoak jantzita… Ikuskizuna ematea gustatzen zaio Magnusi eta hori ona dela uste dut.

Bestalde, zu zeu Euskadiko txapeldun izan zinen martxoan.

Hogei aldiz jokatu dut txapelketa hori eta azkenean gogorra izan da hain berandu irabaztea. Beti ibili naiz gertu eta inoiz ere ez dut lortu. Hemendik aurrera ez dakit zer egin nire bizitzarekin! (barreak).

Munduko txapeldun izaten ahalegindu zaitezke.

Ez, ez! Gainera, poz handiagoa ematen dit nire ikasleek txapelketak irabazteak. Halako ezustekoek askoz gehiago pozten naute neure garaipenek baino.

Bestalde, zahartua nago halako lehiaketetarako. Izan nuen neure momentua, Maisu Handi izateko “normak” egiteko erronka hori. Maisu Handi izateko 2.500 ELO puntu pilatu behar dituzu eta hiru “norma” eskuratu behar dituzu. Horretarako, jokoan ematen duzun mailak 2.600 ELO punturen baliokidea izan behar du Maisu Handiek parte hartzen duten nazioarteko hainbat txapelketetan. Ez naiz Maisu Handia, Nazioarteko Maisua baizik. Euskal Herrian ez gara hainbeste. Hiruzpalau aukera izan nituen Maisu Handi titulua lortzeko, baina partida kritiko horietan gauzak ez ziren behar bezala atera. Zer egingo diogu ba!

(Une honetan 2.350 ELO puntu inguru ditu, baina 2.440raino iritsi zen garai batean).

Munduko Txapelketaz gain, xakeak, esan dugun bezala, jokalari asko ditu, maila guztietakoak. Zelakoa da xake partida bateko giroa?

Lagunen arteko gauza bat da. Giro berezia sortzen da. Partida amaitu eta gero komentatzen dira akatsak, ondo egindakoak… Jende oso desberdina ezagutzen duzu: lanbide ezberdinetakoak, adin ezberdinetakoak… Abokatu bat, matematiko bat, irakasle bat, kirolari bat, profesional asko izan ditugu gure txapelketetan parte hartzen. Musikaren munduan dabilen jende askok ere xakean jokatzen du, tartean jende famatua… Baina, azkenean, taularen aurrean bat bestearen kontra gaude. Bi pertsona, partida irabazteko helburuarekin.

“The Queens’s Gambit” seriea aipatu duzu. Hainbesterainoko bultzada eman dio serie horrek xakeari?

Jendeari beti gustatu izan zaio xakea, baina serie horren eraginez jende gehiago animatu da klubera etortzen edo Internet bitartez gehiago jokatzen. Zaletasuna bazuen jendeak, baina grina edo gogoa pizteko balio izan dio askori.

EAEn 1.400 lizentzia inguru daude eta beste 500 inguru Nafarroan, baina lizentziarik gabe beste mordo bat ere ari dira, ezta?

Hori da, bai. Ez dakit mundu zabalean zenbat jendek daukan lizentzia zehatz-mehatz, baina esaten da 700 milioi pertsonak dakitela jokatzen. Hori munduko biztanleriaren %10 da, gutxi gorabehera. Ez dago batere gaizki!

Xake partida batean ez dago ez erlijiorik, ez klase sozialik, ez ezer. Bi pertsona bata bestearen kontra daude, besterik gabe.

Ez? Seguru?

Tira, badakigu partiden eta lehiaketen inguruan testuinguru jakin bat dagoela, eta hor daude horiei buruzko filmak, dokumentalak, liburuak eta abar. Baina Kasparov eta Karpov jokatzen ari direnean, Kasparov eta Karpov ari dira, ez besterik. Berdin Korchnoi eta Karpoven artean edo Fischer eta Spasskyren artean. Elkarren kontra jokatzen dute elkarren kontra jokatu nahi dutelako.

Adibidez, Fischer eta Spasskyren artekoan, Fischerrek partida bat galdu zuen ez zelako partidara azaldu, Munduko Txapelketaren baldintzekin bat ez zetorrelako. Spasskyk esan zezakeen txapelketak bere horretan jarraitu behar zuela, eta kasu horretan, Munduko Txapelketa bere horretan amaituko zen. Baina Spasskyk onartu zuen Fischerren baldintzetan jokatzea, eta hori hala gertatu zen Spasskyk jokatu nahi zuelako, baita Fischerrek ere, beraien gobernuei jaramon egin gabe eta gobernuen gainetik jarrita. Gero egia da Spassky Parisera joan zela eta frantses bihurtu zela -egun Moskun bizi den arren- eta Fischerrek berak ere Ameriketako Estatu Batuetatik ihes egin behar izan zuela.

Saskibaloian «kantxan ez dago gezurrik» esaten da. Xakean ere ez?

Hori da. Taulan murgiltzen zarenean, eguneroko arazoak desagertzen dira eta momentu horretan egiten ari zaren horrek bakarrik inporta du.

Ez dago “Jainkoaren konplexurik”? Izan ere, piezak zuk nahi duzun lekuan jartzen dituzu eta ez dute autonomiarik zuk agindutakoa ez egiteko.

Hori gehiegizkoa da. Azkenean, taularen aurrean zaudenean erabakiak hartzen dituzu eta askotan hanka sartzen duzu, ezinezkoa delako partida perfektua egitea eta «perfektuegia» bada, tranparen bat dagoela susmatu behar da. Historian zehar partida oso politak daude, baina ez perfektuak. Nik uste dut horregatik ere badela erakargarria xakea: joko infinitua da.

Mugimendu bakoitza egiteko orduan dagoen aukera pila horren aurrean galduta sentitu zaitezke?

Ez. Badakit aurkariak baino posizio hobea dudanean hobeto nagoela eta okerrago nagoenean, okerrago nagoela. Beste kontu bat da, mugimendu bat egiteko aukera bat hartu behar dudanean, akaso denbora luzea pasatzen dudala pentsatzen eta horren erruz agian ez dudala mugimendu egokiena aukeratzen. Hori gertatu izan zait eta horrek amorrua ematen dit, baina aukera mordo bat dagoelako galduta sentitzea, hori ez. Are gehiago, bospasei ordu eman ditzaket partida batean eta xakean jokatzen ez duten lagunek galdetzen didate ez ote naizen aspertzen. Eta ezetz esaten diet. Niretzat bospasei ordu horiek 10 edo 15 minutu balira bezala pasatzen direla.

Iñaki Perurenak askotan esan izan du harria jaso baino lehen, bere buruan mila aldiz jaso duela. Zuk ere partidaren mugimenduak aldez aurretik ikusten dituzu?

Bai, baina tira. Zuk ikusi dezakezu partida nola joan daitekeen 10-12 mugimenduren ondoren, baina ez edozein bidetatik. Hiruzpalau bide daude eta bide bakoitzaren 10-12 mugimendu horien ondoren ikusi behar duzu lortzen den posizio hori zuretzat ona den ala ez. Beti aurreikusi behar duzu partida nola joango den, baina batzuetan xehetasunen batek ihes egiten dizu kalkuluetatik eta orduan hutsetik hasi behar duzu eta burua martxan jarri.

Savielly Tartakowerren iritziz, xakean «azken-aurreko akatsa» egiten duenak irabazten du.

Hori ziur, egia da. Badaude partidak zeinetan dena bikain kalkulatu duzun eta Maisu Handi bati 25 jokalditan irabazten diozun. Kubatar batekin pasatu zitzaidan hori. «Ez dakit zer egin dudan gaizki, baina jipoi ederra eman didazu!», esan zidan. Bestalde, partida batean akats asko egin ditzakezu eta, hala ere, oso pozik atera. Akatsak nahitaezkoak dira, batez ere partida oso konplikatua denean.

Baina azkenengo urteetan askotan gertatu izan zait partidak ia irabazita izan eta azken orduan akats bat egin, kontzentrazioa galdu dudalako, eta partida galtzea. Lehen normala ez zena, orain tentsio apur bat galdu dut. Lehen hobeto kontzentratzen nintzen.

Nire alaba duela sei urte jaio zenetik, deskonexio momentuak dauzkat. Niri gehien gustatzen zaizkidan partidak partida zoroak eta erasokorrak dira, baina badakit nire adinarekin 20 urteko gazte baten kontra agian arazoak eduki ditzakedala, nire burua lehen baino motelago doalako.

Mikhail Tal txapeldun handiak esandakoa da «partida politak» gehiago gustatzen zitzaizkiola «partida onak» baino.

Bai, noski! Nire ikasle helduei, 1.600 edo 1.700 ELO dauzkatenei, esan ohi diet bi jokaldi egiteko aukera dutenean, bata dibertigarria eta bestea seguruagoa, dibertigarria aukeratzeko. Zer gertatuko da? Irabazi edo galdu? Baina horrek zer ardura dio? Inporta duena ondo pasatzea da! Horregatik, askotan esaten diet xakea erasoko jokoa dela eta dibertitu egin behar dutela.

Ni neu ere, horregatik, nire gaztetako estilora bueltatzen ari naiz. ELOa handitzeko teknikoki eta akatsik egin gabe jokatu beharko nuke, baina gaur egun dibertitu egin nahi dut eta ELOa galdu edo irabaztea berdin zait. Iritsi naiz iritsi nahi nuen tokira.

Tira, baina munduko txapeldun ere izan daiteke jokamolde horrekin. Esan bezala, Mikhail Talek lortu zuen, adibidez.

Bai, baina ez dago txapeldun askorik bere erasoko indarrarekin bakarrik moldatu denik. Mikhail Tal izango da bakarra, egia esan. Kasparov erasokorra zen, baina baita oso-oso teknikoa ere; Capablanca eta Karpov historiako jokalari finenak dira agian, prestaketa estrategikoari dagokionez, eta Carlsen, berriz, Kasparoven jarrera irabazle, Karpoven teknika eta Fischerren talentuaren arteko nahasketa bat da.

«Xakea ez da bizitza bezalakoa; xakea bizitza da», esan zuen Bobby Fischerrek.

Fischerrek esajeratutik asko dauka eta hori gehiegizkoa da. Hemen zaletasun sano bat garatzen da, ez obsesio bat. Gaur egun jendeak ondo hartzen du irabazi nahiz galtzea. Lehen aurkitzen zenuen halakoren bat; xakeari buruzko liburu mordo bat irakurri behar zituen jendea, eta etengabe hobetzea bilatzen zuena, erabateko obsesio horrekin. Halakorik ez da ikusten gaur egun.

Giro sanoa dago, baina xakea gerra bat da.

Gerra txiki bat da, bai. Gerra psikologiko bat eta, aldi berean, gerra estrategiko bat.

Gogoan dut Errusia Ukrainan sartu zenean Karpovek esan zuena: «Gerrak saihesteko herrialde bakoitzeko xake jokalari onenek elkarren aurka jokatu beharko lukete eta emaitzaren arabera erabaki».

Oso ideia ona iruditzen zait, Pentsa, nik ume txikiei xakeari buruzko istorio asko kontatzen dizkiet eta horietako batek dio xakea asmatu zutela munduan guda gehiagorik ez izateko. «Xakea asmatu zuten eta handik aurrera, ez zen gerra gehiagorik izan», esaten diet.

Julian Assange kazetariak Charles III. errege koroatu berriari gutuna idatzi dio espetxetik. Bertan esan dio, adibidez, debekatuta daukatela xakean jokatzea.

Leku batean xakea debekatzen badute, horrek esan nahi du ez dutela nahi zuk burua erabili eta pentsatu dezazun. Iranen 1979ko Iraultzaren ondoren debekaturik izan zen, emakumeentzat behintzat, eta Txinan bertan ere, Iraultza Kulturalaren garaian, debekaturik egon zen. Xakea debekatzea erabakitzen denean zerbaitegatik da, baina horren atzean ez dago arrazoi onik.

Xakean trebea dena buru argia da ala xakean jokatzeko trebetasuna du, besterik gabe?

Buf! Galdera zaila! Esango nuke %80an xakean trebea denak beste gauza askotan ere trebetasuna daukala. Baina badago, bestalde, %20 bat edo, trebetasuna xakeari lotuta duena, gainerako alorretan ez duelako trebetasunik garatu, edo agian saiatu ere ez delako egin. Entzuten da askotan «munduko xakelari onenak sekulako koefiziente intelektuala dauka», baina gero ikusten duzu hor duen indar guztia xakean edo pokerrean edo halakoetan erabiltzen duela, eta ez medikuntzan edo zientzian edo beste edozein ekintza praktikoagotan.

Xakean dabiltzan asko eta asko pokerrean ere aritzen dira. Zer lotura daukate batak eta besteak?

Bai, nahiko lotura estua dago. Azkenean pokerrak aukerak kalkulatzera behartzen zaitu. Pokerrean zoriaren kontua ere badago, karta oso onak zein oso txarrak egokitu dakizkizuke, baina azkenean kalkulua eta kontzentrazioa hor daude. Esaterako, Magnus Carlsenek pokerrean jokatzen du eta Norvegiako Txapelketan azken mahaira iritsi da nahiko trebea delako. Paco Vallejo espainiarra ere asko aritu da, nik neuk taldekideak izan ditut pokerrean adituak… Lotura estua dute, baina, egia esan, nik nahiago dut Baskoniaren partida bat edo Realaren partida bat ikusi.