Donostiako Ospitalean dago Ion Aranburu, Sorian faxistek eraso egin zioten donostiarra
Ostegunean komatik atera zen eta atzo arratsaldez Burgosko ospitaletik Donostiakora mugitu zuten. Familiak berarekin egoteko aukera izan zuen ordubetez eta «asko hobetu» duela esan dute.
Maiatzaren 27an Sorian eraso faxista jasan zuen donostiarra, Ion Aranburu, Donostiako Ospitalean dago atzo gauaz geroztik eta «asko hobetu da» bere osasun egoera, familiak NAIZi konfirmatu dioenez.
19.30ak aldera jakinarazi zieten senideei Ion Aranburu Donostiara mugituko zutela, David Aranburu anaiak jakinarazi duenez. Donostiarrak «arazorik gabe» eta «esna» egin zuen Burgostik Donostiarako bidea eta familiak berarekin egoteko aukera izan zuen ordubetez, 22.00etatik 23.00etara arte. «Estimuluak ditu, esna dago. Asko hobetu du. Broma bat edo beste ere egin zuen», kontatu du anaiak.
Pozik dira senideak Ion Aranburu Donostian dagoelako. «Egunero Burgosera joateak nekatu egiten du, oso gogorra da. Lanera joateari edo beste edozer egiteari utzi behar diozu Burgosera joateko. Gainera, ama heldua da», agertu du David Aranburuk.
Astelehenean bilduko da familia 44 urteko donostiarra artatuko duen medikuarekin eta, beraz, orduan izango du haren pronostikoari buruzko berri gehiago. Hala ere, Irati Aranburu lehengusuak asteon NAIZ Irratian jakitera eman duenez, Burgosko medikuek esan zieten epe luzera ikusiko dela jipoiak ondorio fisiko edo kognitiborik eragingo dizkion donostiarrari.
Eraso faxista
Cornellá eta Numancia taldeen arteko partidaren aurretik egin zioten eraso Aranbururi, Sorian. Hiriko taberna batean lagun batekin zegoela, Leganés eta Orgullo Numantino talde ultretako 50 kide inguru agertu ziren eta erasoa hasi zuten: bi afizioen kontra oldartu ziren eta harriak, kristalezko botilak eta beste jaurti zituzten haien kontra.
Ion Aranburuk tabernatik ateratzea lortu bazuen ere, jipoitu egin zuten, konorte gabe utzita. Egoera kritikoan ingresatu zuten ospitalean, garezurrean haustura bat eta belarrian beste bat zuela. Familiak salatu zuen Soriakoa «antolatutako eraso faxista bat» izan zela. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten ekainaren 15ean Donostiako Antigua auzoan.
Koma eragin zioten medikuek, eta bi aste eta erdiz, funtzio fisiko, fisiologiko, kognitibo eta motore guztiak geldirik izan ditu. Kraneotomia bat egin behar izan zioten, garezurreko presioa arintzeko. Ostegunean esnatu zen komatik eta hobera egin du, baina egoera larrian segitzen duela esan zuen bere lehengusuak.