INFO

Bidea urratu zutela ospatu dute, Tximisten hauspoa gogoan

Realeko beteranoen taldea, Tximist Cup torneoko txapelduna. (REAL SOCIEDAD)

Hamar urte atzera egin dut Hondarribiko Hondartza futbol-zelaian. Duela hamar urte prestigio handiko udarako torneo bat jokatzen zen, denboraldi-aurrean, orduko Superligako talde indartsuenak tartean –Eli Sarasolaren Bartzelona edo Maider Castilloren Levante gogoratzen ditut bertan, Reala eta Athleticekin batera–.

Oroitzapenez josita egin dut bertarako bidea, gogoeta asko Zubietan eraikitakoak, hamarkada luze batez, nerabezarotik unibertsitatera eta bertatik kazetaritzaren ofiziora eginiko jauzian protagonistak izan zirenak gogoan. Beraiek ohartu gabe erreferente bilakatu ziren horiek gogoan, emakumezkoen futbolak eman duen bilakaeran mugarri izan ziren horiek, kazetaritzara bultzatu ninduten horiek.

Ez dira egungo futbolaririk onenak, baina bai ordukoak, baldintza kaskarretan futbolari dena eman ziotenak, emakume kirolarien eskubideengatik borrokatu zutenak. Eta horixe bera ospatu zuten Tximist Cup txapelketako beteranoen torneoan, bidea urratu zutela, alegia; protagonista izan zirela, bakoitzak bere hazia erein zuela, bere erara.

Añorga eta Oiartzun izan ziren Euskal Herriko talde aitzindariak, loria dastatzen lehendabizikoak. Athleticen garai gozoak etorri ziren segidan, ETBko emankizunak oroitzen ditut, Eba Ferreira, Aitziber Juaristi ‘Tzibi’, Itziar Gurrutxaga, Nerea Onaindia tartean zirela. Realaren sorrera iritsi zen bitartean (2004an), bost urte beranduago ezagutuko nituen Maite Lizaso, Larraitz Lucas eta Aintzane Encinas, besteak beste, buru zirela.

Trukean ezer jaso gabe –beraien bihotzetako taldearen elastikoa janztearekin sobera pozik–, harmailetan familiakoak eta lagun gutxi batzuk, zelai eskasenetan, autobuseko bidaia luzeetan… Hauen futbolerako pasioak harrapatu ninduen, grina eta kemen horren jatorria ezagutu nahi nuen, bai eta hauen berri eman ere –orduan teletextoa zen emaitzen berri tresna eraginkorrena–.

Oiartzuneko jokalariak gola ospatzen, Athleticen aurka. (Maialen ANDRES/FOKU)

Zubieta izan da itsasargi eta babesleku. Zubietan izan ziren kazetaritzan eman nituen lehen urratsak, futbolariak bidea urratzen ari ziren bitartean. Pentsaezina zen orduan egungo egoera imajinatzea –hitzarmen kolektiboa, profesionaltasunerako jauzia…–, horrelakorik sekula iritsiko zenik ere pentsatu izan dut, erabat amore emanda, ematen ziren aurrerapauso ñimiñoekin akituta.

Asteburu honetan Tximist Cup torneoaren barnean eman dituzten baloikada bakoitzarekin perspektiba galdu ez dadin aldarrikatu dute. Anne Mugarza futbolari ohiak hedabide honetako kazetari Zuriñe Iglesiasi aitortu legez, «emakumeok ez dugulako soilik gaztetan ikusgarri izan behar».

Lizaso eta Oruetaren arteko lehia bizia, duela hamar urte bezalakoa; Esty Bajoren korrikaldi kementsuak, Tzibiren adorea, Itziar Gurrutxagaren sendotasuna, Herreroren bizitasuna, Eli Ibarraren ezkerra, Gurutze Fernandezen argitasuna, Gema Loinaz ‘Pumu’-ren eskarmentua, Larraitz Lucasen lidergoa, Arantxa Bakeroren autoritatea aulkian, Evelyn Santos Evelyn Santos izaten, Aintzane Encinasen antolaketa…

Kemena eta grina bai, baina baita besarkadak eta txantxak ere. Halaxe hartu zuten berriro ere berdegunea orduko izarrek –fokurik gabeko izarrek–, beraien seme-alaben harrotasun begiradekin. «Hona ere ezin zenuen hutsik egin» entzutea, «garai zaharrak gogoratzera», harmailetan sortzen zen giro familiarraren parte sentitzera… Bizitzak bilakaera izan duela baina gauza batzuk ahazten ez direla oroitaraztera. 

Eta une oro Juan Carlos Samaniego ‘Tximist’ gogoan, honek ere erein zituelako zenbait hazi. «No pain no gain» zihoen eta lema horrek gidatu zuen bidearen urraketa. Orain testigua beste batzuei dagokie, baina ez gaitezen ahaztu bidea urratu zuten horiek goraipatzen.