INFO

Oso gertu izan du, baina Peio Etxeberriak Ezkurdia menderatu ezinik jarraitzen du

Zenoztarrak inoiz baino gertuago izan du banakako lehia batean Ezkurdia menderatzeko aukera markagailuan 15-20 aurreratu denean, baina luzeegi atera duen sake baten ondoren Ezkurdiak azken zazpi tantoak segidan egin ditu.

Ezkurdia eta Etxeberria, aurrez jokatutako neurketa batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Peio Etxeberriak Joseba Ezkurdiari irabazi ezinik jarraitzen du. Igande honetan, Logroñon jokatu den Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko kanporaketan, inoiz baino gertuago izan du hesi psikologiko hori gainditzea markagailuan 15-20 aurreratu denean, baina luzeegi atera duen sake baten ondoren Ezkurdiak azken zazpi tantoak segidan egin ditu eta 22-20 nagusitu da arbizuarra.

Azkenaldian bi nafarren arteko neurketetan gertatu den ildotik, gaurko norgehiagoka ere oso gogorra izan da. Adarraga pilotalekuan egiten zuen bero sargoriak are gogorragoa egin du 288 pilotakadako lehia, eta pilotariek nabaritu egin dute nekea. Une gehienetan Ezkurdia izan da fisikoki larriago sumatzen zena, baina azken txanpan burua altxa eta bere bertsiorik onena ematen asmatu du.

Peio Etxeberriak, ostiral gauean Salaberriaren aurka erakutsitako bidetik, txispa handiarekin ekin dio neurketari. Sakearekin asko asmatuz 0-3 aurreratu da markagailuan, baina Ezkurdiak azkar parekatu du emaitza eta bete-beteko dema bideratu dute bi aurrelariek.

Takada handiko neurketa batean, Joseba Ezkurdia izan da markagailuan lehen zuloa ireki duena 11-6 aurreratu denean. Aurkaria ongi mugituz, torneo honetako egungo txapeldunak tanto ederrak amaitu ditu bai zabalean eta bai txokoan.

Baina Peio Etxeberria ez zegoen amore emateko eta tanto ikusgarri batekin sakea berreskuratu ostean bera izan da zortzi tanto jarraian kateatu dituena 11-14 agintzera pasatzeko. Inoiz baino hobeto sakatzen ikusi dugu zenoztarra tarte horretan, eta erremate sorta bikaina sinatu du sake-erremateari zuku handia ateraz.

Saiatu da Ezkurdia zauria garaiz ixten, baina inoiz baino gehiago kostatzen zitzaion Peio Etxeberria mendean hartzea. Erremate trukaketa ederra iritsi da une horretan, jada partida asko gogortzen ari zenean, baina tarteak Etxeberriaren aldekoa izaten jarraitzen zuen. Ezkurdiak txapara bidalitako pilota batekin egin du 15-20koa Peiok, eta banakako lehia batean Ezkurdia lehen aldiz menderatzeko aukera esku-eskura zuela ikusten zen.

Baina orduan garesti ordaintzen den akats horietako bat iritsi da: sake luzeegia atera du. Eta Ezkurdiak ez du oparia alferrik galtzen utzi. Sakea berreskuratuta eta asko arriskatuz, azken zazpi tantoak segidan egin ditu, Peio Etxeberriaren etsipenerako. Oso haserre joan da aldageletara amaieran zenoztarra, alde egin dion aukeraren jakitun.

«Asko sufrituta irabazi dut, juxtu-juxtu. Eta egia esateko ez nuen merezi garaipena, Peiok gehiago merezi zuen», onartu du amaieran Joseba Ezkurdiak, emandako itxurarekin ez erabat pozik. «Jokoz eta ez nago gaizki, baina lehiakortasuna falta zait, pilota gose hori falta zaidala ikusten dut», gehitu du.

Aspeko adarreko finala datorren larunbatean jokatuko du arbizuarrak Sopelan, Elordi eta Altunaren arteko kanporaketako irabazlearen aurka.

Martija bikain binakako partidan

Jaialdia osatu duen binakako partidan Altuna III.ak eta Martijak 22-15 irabazi dute Zabala eta Zabaletaren kontra. Neurketa aukera polita zen Javi Zabala errioxarrarentzat, bere publikoaren aurrean Zabaletarekin jokatzeko, baina laukoteko onena Julen Martija izan da alde handiarekin.

Atzelariak bikain eutsi dio Zabaletari, une askotan agindu ere egin du, eta horrela jokatuta Altunak aldeak markatu ditu, nahiz eta errematean ez egon oso inspiratuta.