INFO

Sakabanetaren ondorioz hildako Jose Mari Maruri gogoratu dute Zierbenan

Duela 25 urte sakabanaketaren ondorioz hil zen Jose Mari Maruri omendu du asteburu honetan Zierbenan Etxeratek. Preso, errefuxiatu eta deportatu guztiak etxera ekartzeko beharra aldarrikatu dute.

Jose Mari Maruriren omenez aurreskua dantzatu zuten Zierbenan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sakabanaketaren ondorioz duela 25 urte hil zen Jose Mari Maruri «Txitxarro» omentzeko ekitaldia antolatu du Etxeratek asteburu honetan Zierbenan. Espetxean zuen Lander semea bisitatzera zihola hil zen Maruri.

«Salbuespenezko espetxe politikaren urte luzeek zuzenean eta zeharka honako heriotzak eragin dituzte azken sei hamarkadetan: 35 euskal preso politiko (horietatik hamahiru azken hamaika urteetan) eta horien 16 senide eta/edo lagun hil dira. Gainera, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten espetxeratzea saihesteko», gogaratu dute Zierbenan egin duten ekitaldian.

«Ez digute ezer oparitu, betiko lez, mobilizazioak eta kaleko lanarekin batera instituzioetan egindako kudeaketak eta lanak, eragile sozialekin ibilitakoak, presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzen lagundu du. Senide eta hurbilekoak hobeto daude, beste giro bat dugu. Eta lanean jarraituko dugu, urratsez urrats. Herri honen etorkizunaren alde. Preso, errefuxiatu eta deportatu guztiak etxera ekarri arte», gaineratu dute.

«Toki honetan bertan iaz esan genuen. Badirudi batzuetan aurrera egin beharrean atzera egiten dugula. Badakigu eta bagenekien ez zela erraza izango herri honek pairatu dituen sufrimendu guztiak jasoko duen konpartitutako errelatoa eraikitzea. Gorrotoan eta mendekuan oinarrituriko errelato bakarra inposatzen saiatzen dira batzuk. Baina ezin izango dute martxan dabilen herri honen kontra, elkarbizitza eraikitzen eta, batez ere, aurrera begiratzen tematu garelako», adierazi dute Zierbenako ekitaldian.