INFO

Ekainaren 30ean etxeratzearen aldeko bizikleta itzulia antolatu du Bilboko Sarek

Ekaineko azken ostirala izanik, eta Frantziako Tourraren hasiera baliatuz, Biboko Sarek euskal presoen etxeratzearen aldeko bizikleta itzulia egingo du Bizkaiko hiriburuaren ekainaren 30ean.

Bilboko Sarek bizikleta martxa deitu du ostiral honetarako. (SARE)

Bilboko Sarek euskal presoen etxeratzearen aldeko bizikleta itzulia egingo du Bilbon ekainaren 30ean, hau da hurrengo ostiralean. Egun horietan Frantziako Tourra hiritik pasako dela baliatuta, presoen eskubideen aldeko aldarria bizikleta bidez zabaltzeko mobilizazioa antolatuko dute Sareko kideek.

Euskal presoek bizi duten salbuespenezko egoera ikustarazi eta salatzea izango da Bilboko auzo ezberdinetatik igaroko den bizikleta itzuliaren helburua. Horretarako 18.15ean Bilboko Plaza Biribilean hasiko da protesta eta 19.20ean Plaza Eliptikoan bukatuko da. Horren ondoren, hilero Etxeratekin batera antolatzen den Azken Ostiraleko mobilizazioarekin bat egingo du Sarek.

Antolatzaileek azken urteetan etxeratze prozesuan emandako aurrerapausoak balioan jarri dituzte, baina, aldi berean, oraindik euskal presoen giza eskubideak errespetatzeko «aldaketa ugari emateke daudela» azpimarratu dute. Horregatik euskal presoen eskubideen aldeko dinamika soziala indartzea beharrezkoa dela uste dute, eta zentzu horretan, bizikleta martxan parte hartzeko gonbita egin dute.

Egun berean, Iruñean, kalejira antolatu dute Sarek eta Etxeratek 20.00etan abiatuko da Sarasate pasealekutik. Ibilbidean zehar, besteak beste, joaldunek, DJek, txarangek, txalapartariek, Mila eta Idoia jotariek, Mintxi eta Marton bertsolariek eta Fermin Balentzia kantautoreak hartuko dute parte.