INFO

Asiako turistak Sanfermin jaietara itzuliko dira pandemiaren ostean

Normaltasun turistikoa itzuliko da Iruñeko Sanferminetara. Pandemia aurretik baino altuagoa da erreserba-maila eta Japoniatik, Txinatik eta Hego Koreatik etorritako bisitariak ere bidean dira, azken bi urteetan ez bezala.

Bisitari batzuk, Estafetan entzierroa ikusteko prest. (Jon Urbe | Foku)

Bi urtez Sanferminak ospatu gabe egon ondoren (2020an eta 2021ean), eta pandemiak hartu dituen hiru urteak igarota, gidari turistikoek mundu osoko milaka bisitariri lagunduko diete jaiak zein Iruñea bera ezagutzen. 2019an baino erreserba gehiago egin dituzte datozen egunetan helduko diren bisitariek eta nabarmentzekoa da Asiako turistak ere itzuliko direla, pandemia aurreko maila berean.

Mikel Ollo Destino Navarrako gerentearen hitzetan, «orain esan dezakegu pandemia bera eta turismoaren sektorean izan duen eragin negatiboa atzean geratu direla behin betiko». Izan ere, bisitarien kopurua 2019koaren gainetik egongo omen da, eta bulego honetan aurten 1.000 bisitari baino gehiago hartuko dituzte, hogeita hamar bat herrialdetatik etorriak, Asiakoak barne.

Pandemia baino lehen, Txina goraka zihoan merkatua zen, Destino Navarraren erreserba guztien % 10a suposatzen zuelarik, eta aurten joera hori berreskuratu eta sendotu da. Gainera, enpresak Japoniako eta Hego Koreako taldeak hartuko ditu, baita Indonesia edo Filipinak bezalako herrialdeetatik beren kabuz iritsiko diren turistak ere.

Ollok gaineratu duenez, «joan den urrian hasi ginen 2023ko Sanferminak prestatzen, aurreko urteetako ziurgabetasunik gabe eta aurreikuspen onekin, eta aurreikuspenak aise bete dira». Era berean, azaldu du, azken urteetan ohikoa izan den bezala, banakako bezeroei egindako salmentak handitu egin direla enpresaren webgunearen bidez.

Bestalde, turista gehienak Sanferminetako lehen egunetan pilatuko dira, ohikoa izaten den bezala, eta erosteko ahalmen handiko familia, bikote edo talde txikiak dira nagusi. Kontratatzen dutenek gero eta zerbitzu pertsonalizatuagoak bilatzen dituzte, eta aurten ere nabarmentzekoa da txupinazoaz eta entzierroez gozatzeko balkoien erreserba egin nahi izan dutela, tokiko gidariekin batera.