INFO

Azpiko inflazioa jaistea «zaila» izango dela aurreikusten du Laboral Kutxak

Laboral Kutxak 2022ko Euskal Ekonomia txostena aurkeztu du, iazko balorazioa egin eta 2023ra begirako aurreikuspenak zabaltzeko. Indize orokorra zuzendu bada ere, azpiko inflazioa %2 ingurura jaistea ez omen da erraza izango. Hala ere, hazkundea aurreikusi dute Hego Euskal Herriko ekonomian.

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, Iruñeko prentsaurrekoan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Inflazioaren gorakada kenduta 2022.a urte positiboa izan dela adierazi du Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapen Areako zuzendariak, Joseba Madariaga erakundeko Ikerketa zuzendariarekin batera Bilbon eta Iruñean eskaini dituzten prentsaurrekoetan. 2022ko Euskal Ekonomia txostena aurkeztu dute, joan den urteko balorazioa egin eta datorrenari begirako aurreikuspenak plazaratzeko. Azpiko inflazioak suposatzen duen arazoa azpimarratu dute: «Oso handia da, eta ez da erraza izango %2aren ingurura eramatea».

Halaber, azaldu dute hazkundea espero dutela, %1,7koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %1,5ekoa Nafarroan. Azpimarratu dute joan den abenduan egin zuten aurreikuspenarekiko aldea daukala orain zabaldutakoak, datuek gora egin baitute nabarmen. Era berean, argi utzi nahi izan dute aldagaien portaera etengabe aldatzen ari delarik, aurreikuspenak ere aldatu daitezkeela etorkizunean.

Laboral Kutxako arduradunek azaldu dute joan den urtean EAEko Barne Produktu Gordinak %4,4 egin zuela gora eta Nafarroan %4,3. Estatu espainiarrekoa baino puntu bat baxuagoa izan da, beraz, Hego Euskal Herriko hazkundea.

Madariagak sektoreka xehatu ditu BPGd-aren inguruko datuak, adieraziz nekazaritza, industria eta eraikuntza sektoreak ere hazi diren arren, zerbitzuen sektorea izan dela gorakada nabarmenena izan duena. Pandemia garaiko murrizketek eragin negatiboa izan bazuten ere, sektoreak lortu du berreskuratzea.

Lan merkatuan ere gorakada izan da, %2,3ko hazkunde tasa izan delarik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta %2,9koa Nafarroan. Ildo beretik, langabezia tasak behera egin du, 1,2 puntu EAEn eta puntu bat Nafarroan. Madariagak esan du oraindik ere aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen (ABEE) eragina nabarmentzen dela.

Sektoreka

Enpleguaren bilakaera sektoreka aztertu dute txostenean eta datuek azaleratu dute Hego Euskal Herrian zerbitzuen sektorea dela, alde handiz, langile gehien zituena 2022an, 879.100, hain zuzen ere. Aldiz, lehen sektorean 18.200 aritu ziren, beste 273.000 industrian eta 70.700 langile eraikuntzan.

Horien guztien artean industriaren sektorea da 2021. urtearekin alderatuta hazi ez den bakarra, nahiz eta ez den 2020ko mailara jaitsi. Horren harira, Urgoitik azaldu du sektoreak «ahultasuna» ageri duela, «eta ez gara gai zergatia azaltzeko».