INFO

Eduardo Ruiz de Gordejuela izendatu dute Kutxabankeko kontseilari delegatu

Kutxabankeko Administrazio Kontseiluak Eduardo Ruiz de Gordejuela Palacio izendatu du erakundeko kontseilari delegatu, aho batez. Martxoan hasi zen toki hau hartuko zuen pertsona berria hautatzeko prozesua eta ostiralean amaituko da Akziodunen Batzar Nagusiaren oniritziarekin.

Anton Arriola, Kutxabankeko presidentea, eta Eduardo Ruiz de Gordejuela. (Kutxabank)

Eduardo Ruiz de Gordejuela izango da Kutxabankeko kontseilari delegatu berria, Administrazio Kontseiluak aho batez izendatu baitu ostegun honetan. Ostiralean Akziodunen Batzar Nagusiak oniritzia emango dio.

2012an Kutxabank sortu zenetik, bankuko zuzendaritza batzordeko kidea da Ruiz de Gordejuela, hasieran zuzendari nagusi, eta geroago, 2018tik, Kutxabankeko Txikizkako Negozioko zuzendari nagusi. Fineco, Kutxabank Banka Pribatuaren presidentea eta Cajasurreko Administrazio Kontseiluko kidea ere bada. Besteak beste, Baskepensiones, EPSV, Euro-6000, BBK GE Kredit eta Kutxabank Seguros enpresen kontseiluetako kide izandakoa da.

Ostegun honetako ohiko bilkiran goi-zuzendaritzako izendapen berriak onartu dura. Antolamendu egitura eredu berria osatzen dute, ohar baten bidez adierazi dutenez, «Kutxabankek aro berri honetan dituen erronkei aurre egiteko asmoarekin».

Organigrama berria osatzen dutenei buruz, Ruiz de Godejuelak honakoa adierazi du: «Eskarmentu handiko jendea da, baina batez ere etorkizunari begiratzen dioten langileak dira». «Kutxabanken ildo exekutiboan belaunaldi aldaketa prozesuarekin jarraitzen dugu, oreka bilatuz, egitura horizontalagoarekin eta ikuspegi profesionaletik edota ezagutzari dagokionez aberastasun handiagoa bilatuz», gaineratu du.

Beraz, lau arlok zuzenean presidentetzaren menpe jarraituko dute: Jose Antonio de Tomas Estrategiako zuzendari nagusia izango da, Fernado Lopez de Eguilaz Jasangarritasun arlo berri eta indartuaren zuzendaria, Francisco Paniagua eta Xabier Notario zuzendaritza juridikoko eta gobernu organoen Idazkaritza Teknikoko arduradunak eta Endika Ruiz de Zarate Komunikazioko zuzendaria.

Zuzenean kontseilari delegatuaren menpe egongo diren arloak honako hauek izango dira: Fernando Martinez Jorcanok zuzenduko duen Bitartekoen Zuzendaritza Nagusia, Aitor Aranburuk zuzenduko duen Txikizkako Negozioko Zuzendaritza Nagusia, Fernando Del Hoyo gidatutako Handizkako Negozioaren Zuzendaritza Nagusia –azken hau Europako Banku Zentralaren egokitasun probaren zain–, eta Arriskuen Zuzendaritza Nagusia, Fernando Irigoyenen menpe egongo dena.