INFO

Mungian Elordi menperatuta, Altuna izango da Ezkurdiaren arerio San Fermin Torneoko finalerdian

Aurreneko pilotakadatik nagusi izan da Amezketako aurrelaria eta Buruz Buruko txapelduna erantzuten ahalegindu bada ere, beti atzetik ibili da Mallabikoa. Sakeaz sekulako mina eman dio Altunak Elordiri eta azken honek markagailua 10-20 izan ostean, ezin izan du itxuratu besterik egin.

Altuna, Elordiren aurkako partida batean; artxiboko irudia. (Gorka RUBIO)

ELORDI 15 - ALTUNA III 22

Euskal Herriko kirola ez da Tourretik bakarrik bizi. Asperen adarreko San Fermin Torneoko Lau eta Erdiko neurketa oso ona osatu dute Mungiako pilotalekuan Aitor Elordi eta Jokin Altuna, Buruz Buruko azken finalista biek. Honakoa ez da finala izan, Eibarko enpresari dagokion adarreko final-laurdenetako kanporaketa baino, baina nolanahi lehia ez da falta izan, agian uste baino arinago hautsi den arren.

Harritzekoa izan da neurri baten Elordi elastiko eta gerriko gorriaz ikustea, baina horrek ez dio indarrik murriztu Amezketako aurrelariari, ezta meriturik ere. Berak egingo dio aurre larunbatean Joseba Ezkurdiari finalerdietako neurketan Sopelan, Elordiri 15-22 irabazi baitio.

«Hasieran nahiko partida gogorra izan da, baina gero Aitor bete edo egin da eta sentsazio txarrekin aritu da. Ondorioz, partida pixka bat hautsi egin da eta azkenean nire alde erori da», adierazi du pilotari gipuzkoarrak.

Izan ere, lehenengo momentutik Mungiako pilotalekuko jaun eta jabe izan da Altuna III.a. Horren ohikoa duen erritmoa sartuta eta sakeaz egundoko mina eginda gainera, akordatzerako 0-5 aurreratu da Amezketakoa. Noizbait suspertu behar Buruz Buruko txapeldunak eta 0-5etik 4-6raino hurbiltzea lortu du. Baina egia esanda, Mallabiko aurrelaria ez da sekula ere markagailua berdintzeko gai izan.

Esan bezala, Altuna III.ak sakearekin zortzi tantu erabaki ditu –errestoaren osteko erremateak ahaztu gabe– eta hala, tanto ilarak bata bestearen atzetik sartu ahal izan dizkio bizkaitarrari.

Markagailua 6-12 dela iritsi da neurketa aurreneko atsedenaldira. Saiatu da Elordi orduan neurketa estutzen, baina 9-12koa ezarri ostean aldageletara joan behar izan du, erdi zorabiatuta.

«Partida oso gogorra espero nuen, eta ez azkenean lortu dudan aldetxo horrekin irabaziko nuenik. Nolanahi, Aitorri irabaztea ez da batere erraza eta hargatik oso pozik nago, eta larunbateko finalerdian jarri naiz pentsatzen dagoeneko», gaineratu du Jokin Altunak.

9-12koaz geroztik, Altunaren oparitxo bat besterik ezin izan du baliatu Elordik. Betealdi horretan murgilduta, Mallabiko pilotaria 10-20 atzetik jarri da, Altunak partida behin eta betiko hautsita. Hala ere, bizkaitarrak txapeldun handia dela erakutsi du beste behin eta galduta egonagatik, 15-20raino hurbiltzea lortu du, azken tanto biak sakez sartuta gainera, neurketan egin dituen bakarrak, hain zuzen.

Ez du markagailua iraultzerik lortu, ordea. 15-21ekoa lortuta, aurreneko aukeran jarri dio zigilua partidari Jokin Altunak eta gorriz zein urdinez aritu, txapeldun handia dela erakutsi du beste behin Amezketako izarrak. Larunbatean Ezkurdiaren aurka beste aukera bat izango du Sopelan.

FITXA TEKNIKOA

Iraupena: 49 minutu.

Pilotakadak: 235.

Sakez: 2 Elordik eta 8 Altunak.

Tantoak: 7 Elordik eta 10 Altunak.

Galdutakoak: 4 Elordik eta 6 Altunak.

Markagailua: 0-1, 0-5, 1-5, 1-6, 2-6, 4-6, 4-8, 6-8, 6-9, 6-12; 7-12, 9-12, 9-14, 10-14, 10-15, 10-20, 11-20, 15-20, 15-21, 15-22.

Gorabeherak: Sarrera polita Mungiako Udal pilotalekuan, Asperen adarreko San Fermin Torneko final-laurdenetako partida jarraitzeko. Jaialdiko aurreneko norgehiagokan elezkano II.ak eta Etxebarriak 22-17 irabazi diete Zabala eta Eskuzari.