INFO

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena, Tourraren aurkezpenean

Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela; aldarrikapen hori ere izan zen ostegun arratsaldean Bilbon egin zen Tourraren taldeen aurkezpen ofizialean. Gure Eskuk banatutako ikurrinak han izan ziren.


Tourraren taldeen aurkezpen ofiziala izan zen atzo arratsaldean Bilbon, eta han ere erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena presente izan zen, ehunka ikurrinaren bidez.

 «Euskal Herriak Erabaki-Basques Decide» leloa duten 60.000 ikurrina banatuko ditu Gure Esku dinamikak egunotan lasterketak Euskal Herrian hiru egun egingo dituela aprobetxatuta, eta horietako asko atzoko aurkezpenean ikusi ahal izan ziren.

Tourraren zuzendari Christian Prudhommek ere aldarrikapen hori daraman ikurrinarekin argazkia atera zuen, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bingen Zupiria Lakuako bozeramailea eta Udaleko beste ordezkari batzuekin, Fan Zone delakoan.

Horren ondoren, erabakitzeko eskubidearen aldarria agertoki nagusira ere heldu zen, izan ere Neomak taldeak publikoan zeuden zaleek emandako ikurrinak soinean hartu eta «Euskal Herriak erabaki» leloa lau haizeetara zabaldu baitzuten.

Gure Eskuk Tourrak nazioartean duen oihartzuna baliatuko du «Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta herria dela eta gure etorkizuna libre erabaki nahi duela» munduaren aurrean agertzeko». Hori dela eta, txirrindularitzaren festa handiarekin bat eginez, hainbat ekimen antolatu ditu egunotarako.

Ikurrinak Fan Zone delakoan eskuratu ahal izango dira, baita NAIZ eta ‘Berria’ guneetan, kuestazioan, eta uztailaren 3an karabanan.