INFO

Gezia urrunago jaurtitzeko


Politikoki Monzonzale garenoi, Telesfororen pentsamenduan eta balioetan etorkizunerako irakaspen eta gako asko ikusten ditugunoi, ia eztabaida guztietan antzeko gertatzen zaigu: sarritan bisitatzen dugu bere itzala egungo demontre eta desafioetan zer esango lukeen asmatzeko. Ez zizkigun esloganak utzi, berak baliabide metaforikoak eman zizkion herri honi, kantak eta pertsonaiak. Berarentzat programa politiko baten puntuak buruz ikastea baino eraginkorragoa zen ipuintxo bat kontatzea, kontsignen fedeari itsu jarraitzea baino askoz hobea abesti bat kantatzea. Ez zion bortxaz herriari teoria bat ezarri nahi, ez zegoen teoria baten zerbitzura. Ez zuen teoria baten neurrira egindako herria nahi; herri batentzat bide bat bilatzen zuen, kantatuz, poesiaz, hots, hizki larriko politikaz.

San Juan festetan gure herrietako bazterretan ibili eta kantak entzun izan balitu, zer esango zuen pentsatzen ibili naiz. Bazekien soinuak pentsamenduan eragiten duela, musika herrikoiak konpromiso bat eskatzen duela, musikaren merkantilizazioaren aurrean erresistentzia jarrera bat. Berak idatzitako abestiak lagunarteko bazkalosteetan, abesbatzetan edo punk taldeen kontzertuetan kantatuak izan dira. Irakinaldi sozial beteko garaietan, nahi bada, abesti interesgarri pila bat izan zituen musikaren urrezko aro batean, taldeentzat ugaritasun-urteetan. Zenbateraino dauka garaiak mitifikaziotik? Zer puntutaraino izan zen gogoangarria?

Ez dira garai haiek nostalgiarekin begiratu behar. Gaztaroa orainaldi bezala gogoratu behar delako, haurra eta nerabea soinean eraman beti. Baina garaiak gordetzen du mitoaren nolabaiteko balioa, herriaren indar interesgarri bat gogoratzen du, irudimen kolektibo baten prestutasuna, arreta publiko baten egoera.

Mugimendua sortzen jarraitu behar da beti. Baina musika preso hartu duen formatua gailendu da, etekinak nahi dira, azkar, emozio musikal eta bilaketaren espiritutik harago. Noski, herria ari da abesti berriak sortzen, baina ez dira azaltzen. «Zenbat eta hutsalagoa izan, orduan eta gehiago saltzen da» ideia lehenetsi da, eta hor beti irabazten dute abesti tontoek.

Eta horrek herrian daukan proiekzio hezigarriak kezkatu beharko gintuzke. Gure haurrek izarrak izan nahi dute, publizitatearen bitartez arrakasta lortu. Haur direnetik akademietan abestu edo dantzatu, noizbait telebistako lehiaketa batean aurkeztu, izar bilakatzeko. Eredu hori hutsala da, baina, ez du tradizio musikalen aberastasuna jasotzen, ez du etorkizunari begira sortzeko ausardiarik erakusten.

Herriak kantatuko duen musika helburu, esango nuke aurrenik indarra transmititzen duen tradizio eta soinu iturri batekin lotzea eskatzen duela. Gero, lagunekin konpartitzea, entzuleria zabaletara iritsi baino lehen gertutasunean kolektibizatzea, aurrez aurre, pertsonatik pertsonara. Artearen transmisioa, oro har, musikarena, pentsamenduarena, poesiarena, pertsonatik pertsonarakoa delako, lilura barruraino sartzen dizun lagun edo maisu on bat izatetik datorrena. Behetik gora kolektibizatu behar da, auzoan, eskolan, izkinan, bilaketa poetikoa eta musikala asetzeko. Eta, azkenik, ahal denean, bidaiatu. Juglare on bat izateko, bidaiatu egin behar delako.

Musika pentsamenduaren betaurrekoak dira, memoriaren transmititzailea, narratiben eta errelatoen eraikitzailea, herri batek bere burua imajinatzeko gonbidapena. Gezia urrunago jaurtikitzea da. •