INFO

Grace Berger eskoltak kalitatea emango dio Lointek Gernika Bizkaiaren kanpoko lerroari

Indianako Unibertsitatean bere kirol ibilbidea hasi eta gero, WNBAko Indiana Fever taldean ari da jokatzen egun. 24 urte eta 1,83 metroko jokalari honentzat hauxe izango da bere aurreneko esperientzia Europan, baina jaso dituen erreferentzia onei esker, «gogotsu» omen dago Gernikara etortzeko.

Grace Berger, Mario Lopezen taldearen apostua. (@LOINTEK GERNIKA)

Lointek Gernika Bizkaiak Grace Berger eskolta estatubatuarra (Lousville, 24 urte eta 1,83 metro) fitxatu du 2023/24 denboraldirako. Berger Indianako Unibertsitate famatutik dator eta orain WNBA jokatzen ari da Indiana Fever taldearekin. Hain zuzen ere, talde horrek WNBA Drafteko zazpigarren postuan aukeratu du aurten. Unibertsitatean 12,9 puntu, 4,8 errebote eta 5,8 asistentzia lortu ditu batez beste pasa den sasoian.

Horregatik, hiru aldiz aukeratu dute ‘Big Ten’ konferentziako bostekorik onenean. Hori gutxi ez eta, inork ez ditu Bergerrek baino garaipen gehiago pilatu Indianako Unibertsitatean, guztira 118, 2018 eta 2023 urteen bitartean lortuak. Gainera, AEBtako selekzioarekin debutatu zuen 2021eko America Cup txapelketan 22 zituela eta 5,2 puntu, 3,2 errebote eta 1,8 asistentzia lortu zituen, bere taldearekin urrezko domina irabaziz. Gernikakoa bere lehen esperientzia izango da Europan.

Bergerrek «oso gogotsu» dagoela adierazi du sare sozialen bitartez Europan bere kirol ibilbideko etapa berri honi ekiteko, are gehiago talde bizkaitarragatik jaso dituen iritzi onak entzun eta gero. «Niretzat oso garrantzitsua zen Europako nire lehen esperientzian toki egoki batera joatea eta Lointek Gernika Bizkaia talde ezin hobea da, aukerarik onena», azpimarratu du.

Bere ezaugarri behinena, hala, «konpromiso handiko jokalaria» izatea dela zehaztu du. «Bat nator taldeak transmititzen dituen baloreekin; nireak egin ditut, lehiakorrak gara biak ala biak. Gainera, herria bikaina da eta baita zaleak ere», esan du.

Kanpoko lerroa indartzeko apostu oso serioa egin du fitxaketa honekin Lointek Gernika Bizkaiak. Ondorioz, Mario Lopez ere pozarren dagoela esan du Bergerren fitxaketarekin.

«Gracek kanpoko lerroko hiru posizioetan jokatzeko gaitasuna du. Oso abila da baloiarekin eta jokoa oso ondo ikusten du. Horrez gain, jaurtiketetan ere oso ona da, aurkarientzat mehatxua da uneoro, batez ere botea egin eta bat-bateko jaurtiketan. Erasoan, jokoa sortzeko gaitasuna dauka buruz buruko egoeretan eta baita blokeo zuzenetan ere. Defentsari dagokionez, esku azkarrak ditu eta oso ondo erabiltzen ditu, eta beti dago laguntza emateko prest. Bere ezaugarriak oso ondo egokitzen dira taldearen jokamoldera; hau da, defentsa gogorra eta trantsizio arinak. Gaztea izan arren, Europako bere lehen denboraldian barruan duen dena erakustea nahi dugu», adierazi du entrenatzaile gernikarrak.

Grace Berger fitxatu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak zortzi jokalari ditu dagoeneko hurrengo denboraldiari begira: Itziar Ariztimuño eta Laia Flores antolatzaileak; Roso Buch, Marta Alberdi, Angie Bjorklund eta Grace Berger hegalekoak, eta Sofia Da Silva eta Maya Dodson pibotak.