INFO

Kooperatibek EAEko enpleguaren %5,9 osatzen dute, 54.000 langile baino gehiagorekin

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kooperatibetan 54.000 pertsona inguru ari dira lanean, 2.741 establezimenduetan banaturik dauden 1.856 enpresatan. Orotara, EAEko enpleguaren %5,9 dagokie kooperatibei eta Gipuzkoak enplegu kooperatibistaren %50a osatzen du.

Zornotzako EKIN kooperatiba. (Aritz Loiola | Foku)

Eustat EAEko estatistika erakundearen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpleguaren %5,9 kooperatibek osatzen dute. Hiru herrialdeetan 1.856 enpresa kooperatibo daude, 2.741 establezimendutan banatuta. Guztira, 54.000 lagunek lan egiten dute kooperatibetan. 2021ean 8.000 milioi euro baino gehiagoko salmenta garbiak izan zituzten.

Establezimenduen banaketari dagokionez, %43,4 Bizkaian kokatuta daude, Gipuzkoan %42,4 eta Araban %14,2. Hala ere, enpleguari erreparatuz, kooperatibek EAEn sortzen duten enplegu osoaren erdia baino gehiago Gipuzkoari dagokio. Bizkaiaren kasuan, enpleguaren %36,6 osatzen du eta Araban %9,5.

Kokapenari dagokionez, zenbait udalerritan presentzia handia dute; besteak beste, Arrasate, Bilbo, Gasteiz, Oñati, Donostia, Aretxabaleta, Elorrio, Hernani, Bergara eta Irunen. Udalerri hauek kooperatiben establezimenduen eta enpleguaren ia erdia osatzen dute (%46,5 eta %49,3, hurrenez hurren). Horien artean, Arrasate eta Bilbo dira establezimendu gehiago dituztenak eta enplegu gehien osatzen dutenak.

Kooperatibetan nabarmentzen diren sektoreak merkataritza eta konponketa eta manufaktura industria dira. Horretaz gain, EAEn jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak eta hezkuntzak ere presentzia handia dute. Manufaktura industriak kooperatiben enpleguaren %36,2 osatzen dute. Bestalde, hezkuntzak %16,2 eta merkataritza eta konponketa sektoreari %15,9ko enplegua dagokio. Azken honek, guztizkoaren establezimendu kopuru gehiena osatzen du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kooperatibetan lan egiten duten pertsonen %52,1 gizonak dira eta %47,9 emakumeak. Nahiz eta orokorrean kopuru aldetik alde handia ez izan, sektoreen arabera ezberdintasun handia dago sexuari dagokionez. Eraikuntza eta garraioko sektorearen enplegu gehiena gizonek osatzen dute (%92,3 eta %84,1, hurrenez hurren). Aldiz, ostalaritza, merkataritza eta konponketa, hezkuntza eta osasun jardueran alderantzizkoa ematen da, gehienak emakumeak baitira.