INFO

Zaldibartik Lakuari mezua: «Ez gara alarmistak, baina alarmak piztuta daude eta badakizue»

Zaldibarko zabortegia hartzen zuen lekuan berriz lur jauzia gertatzearen arrisku biziak ehunka lagun atera ditu berriz kalera ostiral honetan. Orain arte gertatutako guztia salatu ostean, premiazko neurriak aldarrikatu dituzte eta Arantxa Tapia sailburuari erantzun diote.

Kezka nabaria ageri da mobilizazioan, are gehiago orain arte gertatutakoa batuz. (Zaldibar Argitu)

«Ez gara alarmistak, baina alarma guztiak daude piztuta, eta jakin badakite». Hau izan da ostiral honetan Zaldibarren Zaldibar Argitu herri plataformak, Ekologistak Martxan taldeak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak helarazitako mezua, berriro ere zabortegia hartu zuen lekuan lur jauziak gerta daitezkeela eta.

Arrisku hori txosten batean jasoa dago eta hizpide izan da Gasteizeko Legebiltzarrean azkeneko asteotan. Arantxa Tapia sailburuak esan duenez, alarmarako motiburik ez dago, baina argitaratu denaren arabera Lakuak hartu du berriz eremu horren kontrola, Verter Recycling enpresak egin beharreko sendotze lanak ez dituelako burutu. Likidazio fasean dago aspaldi zabortegiaren jabetasuna zuen Verterrek, eta beren ordezkariak, auzipetuta irekita dagoen bigarren auzian.

Gauzak honela, manifestariek ez dute kezka gorde nahi izan. «Eusko Jaurlaritzak berak zabortegiaren gainean industriagune bat sortzeko bideragarritasuna aztertzeko eskatutako txosten batek dioenez, zabortegiaren egonkortasuna egoera kritikoan dago, zabortegia amiltzeko arrisku maila 2020ko otsailak 6 hartan baino handiagoa izanik. Amiltze arriskuaz gain, txosten honek zabortegiak gasak zein usainak isurtzeko nahiz zabortegiak daukan metano kopurua medio, bertan suteak pizteko arriskuaz ohartarazten du», ekarri dute gogora.

Mobilizazioa amaitu aurretik, komuneko lan honetan dituzten hiru euskarriak aipatu dituzte. Lehena, langileak:  «Gure oroimena Joaquin [Beltran] eta Albertorentzat [Sololuze], eta gure elkartasun, babes eta maitasun
guztia bere senide eta gertukoenei». Bigarrenik, osasuna: «Pertsonon osasuna, lurren zaintza eta guztion segurtasuna lehen lerrora ekarri behar dira. Neurriak urgentziaz hartzea exijitzen dugu». Eta hirugarrenik, erantzukizunak: «Zaldibarko aferan ardurak izan dituzten guztien, enpresari zein arduradun
politikoen ardurak argitu eta garbitu behar dira. Arduradun politikoen arduragabekeriak argi utzi du
duten kudeaketa gaitasun eta gaitasun politiko falta», adierazi dute.