INFO

Castillo Suarez euskaltzain oso izendatu berriak sarrera-hitzaldia irakurri du Altsasun

2022ko irailaren 30ean izendatu zuen Euskaltzaindiak Castillo Suarez euskaltzain oso eta gaur irakurri du sarrera-hitzaldia Altsasun, jaioterrian. Poesia garaikidea izan da protagonista hitzartzean.

Castillo Suarezek Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik jaso ditu euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra. (Jagoba MANTEROLA)

‘Maitasunaren botanika’ izeneko hitzaldian bere bizitzan eragina izan duten poema liburuak izan ditu gogoan Castillo Suárezek. Joan den urteko irailaren 30ean izendatu zuen euskaltzain oso Euskaltzaindiak eta gaur irakurri du sarrera-hitzaldia Altsasun, Akademiaren barne-arauek agintzen duten moduan. Izendapena jasotzen dutenean sarrera-hitzaldia egitea dagokie izendatuei eta, gehienetan, sorlekuan egin izan dute.

Euskal poesia garaikidetik hainbat liburu eta egile hautatu ditu Castillok, eragina izan dutenak berarengan eta bere idazkietan. Hitzaldian zehar Jose Luis Otamendi, Harkaitz Cano, Jon Gerediaga, Igor Estankona, Rikardo Arregi Díaz de Heredia, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Amaia Lasa eta Bernardo Atxagaren poemak hautatu ditu, bere bizipen pertsonalekin eta landareekin kateatu dituenak.

Akademiak Osoko bilkura egin du 10.00etan, Altsasuko udaletxean; ondoren, herriko txistulariek lagunduta agintarien segizioa Iortia Kultur gunera iritsi da, Altsasuko ezkila errepikarekin batera. Ekitaldi instituzionalari hasiera emateko Javier Ollo Altsasuko alkateak ongietorria egin die bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera. 150 euskaltzain eta herritar ugari bildu dira ekitaldian.

Sagrario Aleman eta Miren Agur Meabe euskaltzainen eskutik sartu da altsasuarra bere sarrera-hitzaldia ematera. Meabek gutunen bidez eman dio erantzuna Castilloren hitzartzeari. Poetikari eta estetikari buruzko gogoeta intimo modura planteatuta, poeta nafarraren gai batzuk aipatu ditu eta harremanetan jarri ditu mundu zabaleko beste idazle batzuen pasarteekin, hala nola Emily Dickinsonekin.

Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egin du «Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki» beteko dituela esanez, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren amaieran, giro alaian, Altsasuko zortzikoa dantzatu dute dantzari, agintari eta herritarrek.