INFO

Donostia Zinemaldiak atzerabegirakoa Hiroshi Teshigahara zuzendari japoniarrari eskainiko dio

Hiroshi Teshigahara zuzendari japoniarrari eskainiko dio Donostia Zinemaldiak 71. edizioko zinema klasikoko atzerabegirakoa. Bestalde, Donostia Zinemaldiak «poliziesco» delakoari eskainiko dio 2024ko atzerabegirakoa; 'Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra' izenburupean, 2024an.

Hiroshi Teshigahara artxiboko irudi batean. (Sogetsu Foundation)

Donostia Zinemaldiak Hiroshi Teshigahara (1927-2001) zuzendari japoniarrari eskainiko dio 71. edizioko zinema klasikoko atzerabegirakoa, Euskadiko Filmategiarekin batera antolatuta, Japan Foundation erakundearen eta Etxepare Euskal Instituaren laguntzarekin, Euskadi-Japan 2023 programaren baitan.

Zinemalditik nabarmendu dutenez, Teshigahara 1960ko hamarkadako zinema japoniarraren ezinbesteko egilea da, poetika esperimentaleko film sorta bati eta Kobo Abe idazlearekin egin zuen elkarlan luzeari esker. Espainian eman zuten bere film bakarrak oso ondo laburbiltzen du garai hura eta Teshigahararen estiloa: 'Suna no onna / Woman in the Dunes' (1964).

Bada, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan, irailaren 22tik 30era, zuzendariaren filmografia osoa emango da. Bere filmetako bik Zinemaldiaren aurreko edizioetan parte hartu zuten; hain zuzen ere, 'Suna no onna' filmak 1985eko edizioko 'Errautsak eta diamanteak' zikloan parte hartu zuten, eta 'Moetsukita chizu' filmak 2008ko edizioko 'Japonia beltzean' atzerabegirakoaren barruan.

Zikloa osatzeko, Inuhiko Yomotaren 'Crónicas de vanguardia. Conversaciones con Hiroshi Teshigahara' liburua argitaratuko da. Daniel Aguilarrek itzuli du japonieratik gaztelaniara.

Teshigahararen ibilbidea

Teshigahara Tokion jaio eta hil zen. Arte Ederrak ikasi zituen, eta 1950eko hamarkadaren erdialdean, film labur dokumentalaren eremuan debutatu zuen. Erresistentzia mugimenduek Bigarren Mundu Gerran erakutsi zituzten mendebaldeko joera zinematografiko guztiak interesatzen zitzaizkion, bereziki neorrealismo italiarra eta garaiko zinema frantsesa, eta Cinema 57 izeneko klub moduko bateko kidea izan zen. Bertan, askotan zinema areto komertzialetan ikusten ez ziren dokumentalak ematen zituzten eta horiei buruz eztabaidatzen zuten. Zinema dokumentalarekiko interes argiak eragin handia izan zuen beregan fikziozko film luzeak egitera igaro zenean.

Bere lehen film laburra, 'Hokusai', 1953koa da, eta bere lehen film luzea, 'Otoshi-ana / The Trap', berriz, 1962koa. Bi data horien artean uhin berri japoniarraren joera ezberdinen izen adierazgarriak izan zirenek ere jada eginak zituzten beren lehen filmak; besteak beste Nagisa Oshimak, Seijun Suzukik, Shohei Imamurak, Susumu Hanik, Yoshishige Yoshidak eta Masahiro Shinodak.

Teshigaharak «rol tangentzialagoa» izan zuen mugimendu horretan, eta nazioarteko oihartzun txikiagoa izan zuen. Nahiz eta Cannesen Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen 'Suna no onna / Woman in the Dunes' filmarekin eta zuzendari onenaren eta ingelesez besteko film onenaren Oscar sarietarako izendatu zuten film berarengatik.

Kobo Aberekin elkarlan oparoa egin zuen; hark idatzi zituen 'Otoshi-ana / The Trap filmaren' gidoia eta 'Suna no onna, Tanin no kao kao / The Face of Another' (1966) eta 'Moetsukita chizu / The Man Without a Map' (1968) filmek oinarri dituzten hiru eleberrien egokitzapenak. Azken hiru horiek zinemagilearen ezinbestek obrak dira.

Bere azken lanak, 'Rikyu' (1989) eta 'Go-hime / The Princess Goh' (1992), film historikoak izan ziren. Telebistarako ere filmatu zuen, eta ez zion inoiz lan dokumentalak egiteari utzi; film labur, ertain eta luzearen formatuak landu zituen. Bi film eskaini zizkion Jose Torres puertorrikar boxeolariari, bat Jean Tinguely eskultore eta margolariari eta beste bat 1958ko Tokiori. Edonola ere, bere dokumentalik ezagunena 'Antonio Gaudí' (1984) da, kataluniar arkitekto modernistaren irudia eta obra bikain erakusten dituena.

Teshigahara zinemagilea izan zen, baina baita 'ikebana' lore apainketaren arte japoniarreko maisua ere. 1980tik hil zen arte, Ikebana Sogetsu eskola zuzendu zuen, haren aitak sortu zuena, eta 'The Art of Ikebana' (1997) liburua argitaratu zuen. Toshiko Kobayashi aktorearekin ezkonduta egon zen eta 'Sama soruja / Summer Soldiers' filma zuzendu zuen.

'Italia biolentoa' 2024an

Bestalde, Donostia Zinemaldiak «poliziesco» delakoari eskainiko dio 2024ko atzerabegirakoa. 'Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra' izenburupean, herrialdearen erretratu egoki bat egiteko balio izan zuen eta oraindik ere ikuspegi garaikide batetik berrikusteko dagoen genero baten zenbait film emango dira 72. edizioan.

Faxismoaren eta gerraosteko urteetan biziraun ondoren, polizia zinema italiarra Pietro Germiren 'Un maledetto imbroglio / The Facts of Murder' (1959) filmean gauzatu zen kanonikoki. Frantziako 'noir' generoa imitatu ez zuen lehena izan zen, eredu propio bat finkatu zuen eta generoarentzako benetako urrezko aroa ireki zuen.

Haren bilakaera, ordutik aurrera, herrialdeko politikarena eta gizartearena izan zen: hazkunde ekonomikoaren Italiak hiri espazioetara eraman zuen eta delinkuentzia eta krimen antolatuen lehen ahaleginak islatu zituen. 1968ko maiatza piztu zenean, Italian bereziki bortitza izan zena, deriba politikoetara eraman zuen, Francesco Rosi, Damiano Damiani eta beste errealizadore batzuei esker.

'Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto / Investigation of a Citizen Above Suspicion' (Elio Petri, 1970) filmak lortu zituen Urrezko Palmak eta atzerriko film onenaren Oscar sariak generoaren amaiera markatu zuten, baina ez zen zaharkituta geratu, eta «mutazio berrietara" ireki zen: polizia zinema ortodoxoak, besteak beste, Fernando Di Leo errealizadoreari esker jarraitu zuen, eta «mafia movies» direlakoek ordura arte inoiz urratu ez zituen bideetatik eraman zuten.

Donostia Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabazi ondoren, 'La polizia ringrazia / Execution Squad' (Steno, 1972) filmak «poliziottesco» delakoaren mauka ireki zuen, terrorismoa, indarkeriaren belaunaldi estatubatuarrak finkatutako parametroen arabera, agertzeak eragin zuen nahasmenaren isla.