INFO

Nanclaresek Athleticen jokatuko du datorren sasoian, Realean lau denboraldi egin ostean

Bilboko taldeak Adriana Nanclares fitxatu du, eta zehazteko dago zenbat urtetarako sinatuko duen. Berandu baino lehen iragarriko du klubak informazio hori. Atezainari sasoi honetan amaitzen zitzaion kontratua talde txuri-urdinarekin, eta ez du onartu Realak egindako eskaintza kontratua berritzeko.

Adriana Nanclares irudian, sasoi honetan Realak eta Alavesek jokatu duten partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Athleticek Adriana Nanclares fitxatu du, eta zehazteko dago zenbat urtetarako sinatuko duen. Gaur goizean jakin da atezainak ez duela Realean jarraituko. Donostiako klubak jakinarazi duenez, atezainak ez du onartu Realak egindako eskaintza kontratua berritzeko. Miranda de Ebrokoari pasa den ekainaren 30ean amaitu zitzaion kontratua talde txuri-urdinarekin, eta atezainak Bilbo aldera jotzea hobetsi du Realean lau denboraldi egin ostean.

Nanclares Bilboko taldera libre iritsi den arren, Athleticek Realari diru kantitate bat ordaindu beharko dio jokalariaren formakuntza eskubideak direla eta. Halakoak eskatzen dituzte jokalariek 23 urte baino gutxiago dituztenean.

21 urteko atezaina 2018an iritsi zen Donostiako taldera, 16 urte besterik ez zuela. Denboraldi horretan Oiartzunen jokatu zuen utzita –bigarren mailan– eskarmentua hartzeko, eta 2019/2020 sasoian Realeko bigarren taldean aritu zen. Bertan pieza garrantzitsua izan zen taldea Euskal Ligatik Lehen Maila Nazionalera igotzeko.

2020/2021 denboraldian eman zuen jauzia lehen taldera, Realak sasoi gogoangarria egin zuenean Txapeldunen Ligara sailkatuta. Aurten, Elene Leterekin batera, minutuak partekatu dituzte. Ligan, esaterako, Zumarragakoak Nanclaresek baino partida bat gehiago jokatu du.

Athleticen, Realean denboraldi batez egon zen moduan, Mariasun Quiñonesekin egongo da. Baita Amaia Peña atezainarekin ere. Azken honi duela gutxi berritu zion kontratua Athleticek 2025eko denboraldi amaierara arte.

David Aznar entrenatzaile berriaren gidaritzapean Athleticek jada fitxatu ditu, Nanclaresez gain, beste hiru jokalari. Patri Zugasti eta Marta Sanadri aurrelariak eta Maddi Torre erdilaria eta atzelaria. Zugasti Osasunatik etorri da, Sanadri Alavesetik eta Torre Realetik. 

Tejadaren etorkizuna airean

Realean oraindik ere, eta jada ekainaren 30a pasa bada ere, zehazteko dago Ana Tejadak klubean jarraituko duen ala ez. Izan ere, errioxarrari jada amaitu zaio Realarekin zuen kontratua eta klubak ez du berririk eman horren inguruan.

Oihane Hernandez, Real Madrilera

Real Madrilek gaur jakinarazi du Oihane Hernandez Athleticeko jokalari ohia fitxatu duela 2024ko denboraldi amaierara arte. Sopelarrari denboraldi honetan amaitzen zitzaion kontratua talde zuri-gorriarekin, eta jakina zen ez zuela Bilbon jarraituko. Real Madrilek hurrengo denboraldirako egin duen lehen fitxaketa da.

Hegaleko jokalariak Munduko Kopa jokatuko du, pasa den astean Jorge Vilda Espainiako hautatzaileak 23 jokalariren zerrendan sartu baitzuen, Irene Paredes legazpiarrarekin batera.