Donostiako Udalak Ion Aranbururen kontrako eraso faxista arbuiatu du adierazpen batekin
Ion Aranburu donostiarraren aukako eraso faxista arbuiatu du Donostiako Udalak adierazpen instituzional baten bitartez. EH Bilduk proposatu zuen testua eta astelehen honetan onartu du Bozeramaileen Batzordeak, PPren kontrako botoarekin.
Adierazpen instituzional baten bidez, Ion Aranburu donostiarraren kontrako eraso faxista arbuiatu du Donostiako udalbatzak eta Sorian gertatutakoa argitzeko galdegin die «dagokien erakundeei».
EH Bilduk proposatu zuen adierazpena eta astelehen honetan onartu du Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, PPren kontrako botoarekin. Testuak gogora ekartzen du 44 urteko antiguatarra «egoera larrian» dagoela maiatzaren 27az geroztik. Talde faxistek eraso egin zioten egun horretan Sorian, Numancia eta Cornella futbol taldeen arteko partida hasi baino lehen.
Koman egin zituen bi aste eta erdi, Burgosko ospitalean eta aurreko astean mugitu zuten Donostiako Ospitalera.
«Senitarteko eta lagunen arabera, Ionek ‘garezurreko haustura’ bat du eta beste bat belarrian. Erasoa ‘erabat antolatua’ izan dela gaineratu dute, beste toki batzuetako ‘faxistek’ ere parte hartu zutela eta Espainiako jokabidea zein tratamendu mediatikoa salatu dute», jasotzen du Donostiako Udalak onartutako testuak.
Hori dela eta Donostiako udalbatzak «arbuiatu» egin du Antiguako bizilagunak jasandako erasoa, «elkartasuna eta babesa» adierazi die haren senide eta lagunei eta Sorian gertatutakoa «argitzeko» eskatu die «dagokien erakundeei».