INFO

Lakuako Gobernuko zahar etxeen dekretu berriak prekarietatea betikotzen duela salatu du ELAK

Lakuako Gobernuak aurkeztutako zahar etxeen dekretuaren zirriborroak zuzeneko arretarako 2 orduak ez dituela bermatzen salatu du ELAk. Horretaz gain, egoitzetan lan egiten duten langileen prekarietatea areagotu egingo duela eta egoiliarren zaintzak okerrera egingo duela ohartarazi du sindikatuak.

ELAren zahar etxeetako langileen agerraldia, artxiboko irudian. (Jon Urbe | Foku)

ELAk Lakuako Gobernuak aurkeztutako zahar etxeen dekretuaren zirriborroak zuzeneko arretarako beharrezko orduak ez dituela bermatzen salatu du. Dekretuak zehazten dituen ratioak lanaldiaren arabera zehazten direnez eta ez eman beharreko arretaren arabera, sindikatu horren ustez ez du bermatzen egoiliarren arreta egokia. Orokorrean sektoreko eragileen eta langileen aldarrikapenak ez dituztela kontuan hartu adierazi du ELAk.

Dekretuaren zirriborroan egoiliarrei eskaini beharreko denbora langileen lanorduen arabera zehazten denez, «langileek lanaldia murriztea lortuz gero –Bizkaian gertatu legez eta langileen oinarrizko aldarria ere badena–, egoiliarrek zaintza denbora gutxiago izango dute», ohartarazi du ELAk.

Horretaz gain, sindikatuak defendatu du zuzeneko arreta ere nabarmenki handitu behar duela; bere ustez 0 eta 1 mailako menpekotasuna dutenentzat gutxienez bi ordukoa izan behar du eta 2 eta 3 mailetan hiru ordukoa. Horrekin batera, 24 orduz erizain zerbitzua eskaintzea aldarrikatzen du. Hala ere, Lakuako Gobernuak eskatzen duenaren erdia ezarri duela dio sindikatuak; 61 minutu 0 eta 1 mailentzat eta 97 minutu 2 eta 3 menpekotasuna dutenentzat. ELAren arabera erabaki horrek egun Gipuzkoan dauden baldintzak okertzea dakar, baita Araban daudenak ere.

Gainera, orain arte erizain zerbitzuarekin arazo ugari egon direla adierazi du, egoitza askotan ez baitzegoen 24 orduko zerbitzurik. Horren aurrean, Lakuako Gobernuak erizainek egin beharreko lana «erizain laguntzaileen eskuetan» utzi du. ELAk defendatu du erizain laguntzaileek ez dutela lan hori bere gain hartu behar eta erizain zerbitzu duin bat bermatu behar dela aldarrikatu du.

Dekretuaren zirriborroaren aurrean ELAk berriro ere bere eskakizunak gogoratu nahi izan ditu. Bertan kalitatezko eta doako zaintza profesional eta publikoak izan behar dutela esan du. Horretaz gain, ratioak handitzea eta eman beharrezko arretaren araberakoak aldarrikatu du, baita zeharkako zerbitzuenak ere (sukaldea, garbitasuna, ikuztegia,...).

Bestalde, zahar etxeen langileen baldintza prekarioekin amaitzeko ELAk beharrezkoa ikusten du urteko lanaldia 1.592 ordukoa izatea eta lanaldi osoko lanpostuak eskaintzea.