INFO

EH Bildu: «U23an geldiarazten saiatu diren sakoneko marea olatu erraldoi bihurtzea dagokigu»

Udal hauteskundeetan lortutako emaitzekin sortutako mugimendua «geldiezina» dela azpimarratu du EH Bilduk datozen uztailaren 23ko hauteskundeei begira. Maddalen Iriartek EAJ eta PSEri leporatu die «Voxen aliatu» den PP «erreakzionario» batekin lerrokatzea.

Gasteizen egin dute agerraldia Asironek, Iriartek eta Viterok. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EAJ eta PSEri hautetsontsietan erabakitakoa «geldiaraztea» leporatu die Maddalen Iriartek, «Voxen aliatu» den PP «erreakzionario» batekin lerrokatuta PPk EAJ eta PSEri Gipuzkoako Batzar Nagusietan emandako babesa hizpide. Uztailaren 23ko hauteskundeei begira, EH Bildurena «geldiezina den sakoneko marea» dela azpimarratu du.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako egungo EH Bilduren bozeramaileak hauteskunde kanpainaurreko ekitaldi batean parte hartu du, Gasteizen, lehen postuetan ez dauden Kongresurako beste hautagai batzuekin, Rocio Vitero Gasteizko Udaleko bozeramailearekin eta Joseba Asiron Iruñeko Udaleko zinegotziarekin batera.

Iriartek EAJ eta PSEren eredua «agortu» egin dela eta bi alderdiei ohartarazi die boto-emaileei «entzungor» egiten badiete uztailaren 23an entzungo duten aldarriak «gauzak oso argi» utziko dizkiela. «Erronka berriei erantzuteko, soluzio berriak, lidergo berriak eta gehiengo berriak behar eta nahi ditu gure herriak», adierazi du.

Bestalde, politikareko desafekzioa «gauza bat esan eta beste bat egiten duten» alderdiekin gertatzen dela adierazi du. Horren harira, EAJk eta PSEk Diputazioa lortu arte egin ez zuten moduan PP eta Vox alderdiez hitz egitea aipatu du.

Rocio Viterok dei egin du uztailaren 23an ezkerreko boto subiranistarik «etxean gera ez dadin», eta gogora ekarri du EH Bilduk Kongresuan egindako lana, esate baterako, alarguntza pentsio minimoak %15 igotzeko edo etxebizitzaren alokairuari mugak jartzeko eta etxegabetzeak geldiarazteko.

«Oin bat erakundeetan eta bestea kalean, pertsona guztientzako bizitza duinak eta eskubideak defendatzera gatozenak gara», laburbildu du.

Joseba Asiron Iruñeko Udalean «aldaketarako atea itxi eta eskuinari ireki» dioten alderdien «ausardia faltaz» aritu da. EH Bilduk «inoizko emaitzarik onenak» izan ditu, eta datorren 23an koalizio suberanista «indartsuagoa eta erabakigarriagoa» izateko beste aukera bat dagoela esan du.

«Batzuek nahiago izan dute Iruñean eskuinari lekua utzi, EH Bilduk erakutsitako erantzukizunaren alde egin beharrean, milaka herritarren aldaketarako itxaropena zapuztuz. Bada, milaka horiei gaur esaten diegu, ozen eta argi, uztailaren 23an gauzak iraultzeko aukera dutela. Aukera dute itxaropenaren atea ixten saiatu direnei beren botoarekin esateko horrelakorik ez dutela onartzen, zuzendu egin beharko dutela eta aurrerabidearen edo erregresioaren artean aukeratu beharko dutela», adierazi du Asironek.