Eibarrek lehen fitxaketa egin du: Nati Cano aurrelaria hiru denboraldietarako sinatu du
Armaginek Mallorcako 20 urteko aurrelari gaztea fitxatu dute. Eibarrek pasa den denboraldian igoera lortuta, talde lehiakorra osatu nahi dute Lehen Mailari eusteko. Canok Atletico de Baleares taldean jokatu du 2. RFEF mailan, gorengoan baino bi maila baxuagoan, alegia.
Eibar hasi da mugitzen datorren sasoira begira, eta lehen fitxaketa jakinarazi dute gaur: Nati Cano aurrelaria. 20 urteko jokalari gazteak hiru denboraldietarako sinatu du armaginekin. Mallorcakoa da eta pasa den sasoian Atletico Baleares taldean jokatu zuen 2. RFEF mailan, gorengoan baino bi maila baxuagoan, alegia. 1.906 minutu jokatu zituen eta hamabi gol sartu.
Deigarria da Lehen Maila baino bi kategoria baxuagoan aritu den jokalari bat ekartzea, baina hiru denboraldietarako sinatu du eta ematen du klubak etorkizunera begirako apustua egin duela aurrelariarekin.
Armaginek ez dute erronka erraza izango datorren denboraldian; onenen aurka aritzea ez baita lantegi erraza. Esperientzia badute, behintzat. Orain dela bi denboraldi igo ziren lehen mailara, 2020-2021ean, eta bi sasoi bertan lehiatu ostean, 2021-2022 denboraldian mailaz jaitsi ziren. Hori bai, sasoi baten buruan, berriro ere, igotzea lortu dute. Bi denboraldi horietan pilatutako esperientziak balio beharko lieke datorrenari aurre egiteko.
Osasuna, taldea sendotzen
Osasunak ekinean jarraitzen du. Gorritxoek ez dute denborarik galdu nahi pentsatzen bosgarren saiakeran ez dutela lortu Lehen Mailara igotzea. Horren ordez, lanean hasi dira multzorik sendoena osatzeko. Mai Garde Osasunako kirol zuzendariak ekarri du hirugarren jokalaria: Ariadna Sanchez. Bartzelonako B taldetik etorri da aurrelaria, Bigarren Mailatik, eta sasoi baterako sinatu du. Kataluniarrak 23 urte ditu eta pasa den denboraldian hiru gol sartu zituen.
Orain arte etorri diren hirurak aurrelariak dira, –Yaiza Relea eta Elena Valej izan dira beste biak–. Nonbait Patri Zugastik eta Maria Vilariñok utzi duten hutsunea betetzera etorri dira. Izan ere, Zugasti Athleticek fitxatu du, eta ematen du Vilariñok ere norabide berbera hartuko duela.