INFO
Entrevista
Pello Bilbao
Bahrain taldeko txirrindularia

«Garaipen baten bila arituko naiz; gogotsu gaude, etxetik sekulako moralarekin ateratzen gara»

Gernikarrak Euskal Herriko hiru etapetan izan dituen sentsazioak azaltzen ditu, Suitzan bere lagun eta taldekide Gino Maederren heriotzarekin bestelakoak sentitu ondoren. Suitzarrari garaipen bat eskaini nahi dio eta hark naturarekin zeukan konpromisoaren lekukoa hartu du Basoak SOS ekimenarekin.

Pello Bilbaok azkeneko asteetan bizi izan dituen sentsazioak kudeatu behar izan ditu. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Pello Bilbao (Gernika-Lumo, 1990) egindako lanaz gustura azaldu zen Baionako helmugan, NAIZi adierazi legez, bai eta igandeko saiakerarekin ere, nahiz eta lehenengo etapan ezin izan zuen lortu lehen taldean iristea. Pirinioei begira baikor azaltzen da eta bere liderra den Mikel Landa onenekin egotea espero du. Gernikarrak etapen bila aritzea nahiago du.

Nahiz eta azkeneko urteetan lehenengo postuetan bukatu duen proba guztietan, baita itzuli handietan ere, sailkapen nagusia ez du helburu aurtengo Tourrean. Beste era batera korritu nahi du.

Lehen bi etapa gogorren ondoren, lasaitasuna izan duzue eta Phil Bauhaus garaipenetik gertu egon da...

Nahiko lasai egin dugu, bukaeran azeleratu dugu, baina Phil denbora guztian kokapen oso onean joan da eta bagenekien berarentzat amaiera hori, hain azkarra izanda, ona izango zela. Bere lehenengo Tourrean bigarren sailkatzea ederra da, nire ustez. Motibazio handiarekin egingo du Tour hau, seguru. Pena da bigarren izatea baina, nire ustez, emaitza honek moral handia emango dio eta taldeari ere konfiantza ematen digu bere alde lan egiteko esprintetan.

Bera laguntzen aurrean ikusi zaitugu. Ondo zauden seinale da?

Bai, eskatu didate esku bat bota ahal banuen hamar kilometroren faltan-edo, saiatzeko. Ikusi dut taldekideak asko gastatzen ari zirela, haize asko jaten, eta ni nahiko gordeta egon naiz, blokeatuta taldearen erdialdean, baina azken unean zuloa topatu dut aurrera pasatzeko eta 500 metro badira ere, nire ustez, baliagarriak dira.

Zuretzat berezia izan da Tour hasiera. Zer sentitu duzu?

Suposatzen dut izar handiek (Van Aert, Remco Evenepoel eta hauek) sentitzen dutena, kamera guztiak gainean, elkarrizketak, atentzio handia gainean… Ez nago horretara ohituta, egia esan, baina esperientzia polita izan da. Orain lasaitasun handiagoarekin ekingo diogu Frantziako tarte honi, baina benetan oroitzapen oso politekin geratzen naiz. Bilbon zerbait gehiago egiteko gogoa nuen, baina igandean gustura ibili nintzen. Azkenean, irabazi edo ez irabazi, askotan helburua plan bat aurrera eramatea izaten da eta nik buruan nuena egin nuen. Ez zen irten, baina gustura gelditu nintzen egindako lanarekin eta behintzat erakutsita euskal zaleei nigan jarritako esperantzak ez zirela alferrikakoak.

«[Igandean] gustura gelditu nintzen egindako lanarekin eta behintzat erakutsita euskal zaleei niregan jarritako esperantzak ez zirela alferrikakoak»

Cavendish ikusi dugu euskal zaleak goraipatzen, berak ez duela inoiz ikusi horrelakorik nahiz eta 2014an Tourra Ingalaterran hasi izugarrizko giroarekin. Horrek asko esaten du euskal zaleen inguruan?

Bai, sekulako giroa bizi izan dugu eta askotan sentsazioa daukagu ea bakarrik euskaldunontzat ote den berezia, hemen beste begi batzuekin ikusten dugulako, baina orokorrean taldekideekin eta gainontzeko pelotoikideekin hitz egitean ikusten dugu hemengoa zerbait berezia dela. Ez bakarrik kantitatean, euskal zaleen errespetua eta talde guztiak eta txirrindulari guztiak animatzea goraipatuko nuke. Hori da orokorrean txirrindularitzaren zaleen, baina bereziki euskal zaleen, ezaugarria.

Zuretzat berezia izan da Tour hasiera hau, Suitzan bizi izandakoaren ondoren. Suitzan Ginorekin egon zinen, harreman ona zenuen berarekin; tristea da, ezta?

Bai, azkenean zaila da deskribatzea egun hauetan bizi izan ditugun emozioak. Tourrak berez sortzen dituen emozioei horrelako desgrazia batenak gehitu zitzaizkien. Atzo eta herenegun edozer egiteko prest nengoen berari omenaldi bat egiteko eta etapa bat dedikatu ahal izateko. Ez da posible izan, baina hurrengo aukerak aprobetxatzea espero dut.

«Atzo [astelehenean] eta herenegun [igandean] edozer egiteko prest egon nintzen berari [Gino Maderri] omenaldi bat egiteko eta etapa bat dedikatu ahal izateko»

Interneten saltseatzen, irakurri dut Ginok Pello izena jarri zion Bilbon aurkitu zuen txakur bati. Hain harreman estua zenuten? Bere omenez Basoak SOS bultzatzeko ekimena iragarri zenuen Tour hasieran.

Berak txakur hori ni ezagutu aurretik jaso zuen Bilbon. Historia hori egia da, baina gerora, elkar ezagutu genuenean, kontatu zidan. Bilbon topatu zuenez, berak Bilborekin erlazionatzen zuena nire izena zen eta horregatik jarri zion txakurrari izena.

Aipatu nahi dut ere Basoak SOS, martxan jarri dudan ekimena, bere omenez dela, bera oso konprometitua zegoelako kiroletik harago doazen gaiekin eta, batez ere, naturarekin; begirune handia zion pertsona zen. Berak 2021ean ekimen hori martxan jarri zuen Espainiako Itzulian zehar eta sistema bera erabiliz, bere omenez, Urdaibain dagoen lur zati bat berreskuratzen eta bertako espezieak birlandatzen saiatuko gara.

Pirinioak datoz. Zer espero daiteke Marie Blanquen? Pogacar eta Vingegaard gai dira dena hausteko?

Ziur aski, bai. Ikusi da zer nolako tartea ateratzen dieten gainontzekoei. Sasoi hasieratik hori erakusten ari dira eta badirudi Tourrean bide beretik jarraituko dutela. Seguruenik oldarkorrak izango dira. Vingegaardek Tadej bete-betean heldu den ikusi nahiko du; nahiz eta atzo eta herenegun oso indartsu ikusi genuen, goi mendietan ere probatu nahi izango du.

Zein aurreikuspen dituzue bi etapa hauetan?

Espero dut Mikel sailkapen nagusian lehen bost postuetan sartzea eta podiumerako hautagai sendo moduan ateratzea Pirinioetatik. Nire aldetik ez dakit; inprobisatzeko gogoz etorri naiz eta sailkapen nagusiko borrokan sartzeko asmorik ez daukat. Etapaz etapa egin nahi dut, garaipen baten bila. Gogotsu gaude, etxetik sekulako moralarekin ateratzen gara. Tour honetan ondo ari gara eta bide beretik jarraitu nahi dugu.