INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

«Baxoa euskaraz» aldarriarekin abiatu da festa Oinez Txokoan

Baionatik Iruñerat. Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek eta gurasoek haren aldarria Sanferminetako une gorenean ozen zabaldu dute Nafarroako hiriburuan, Oinez Txokoan suziria piztuz.

Etxepare Lizeoko ikasleen eskutik hasi da parranda Oinez Gunean. (Aitor Karasatorre | Foku)

Nafarroako Ikastolen Elkarteak Ipar Euskal Herrian indar handia hartu duen Baxoa azterketa euskaraz egiteko aldarrika jarri du erdigunean Sanferminetako hasiera-ekitaldian. Horretarako Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle, irakasle eta gurasoak hurbildu dira Nafarroako hiriburura, Oinez Gunean suziria pizteko ekitaldian protagonista izanik.

Haren aldarrikapenaren nondik norakoak azaldu ondoren, Takonerako berdegunean etxafuegoa aireratu dute Lapurdiko gonbidatuek, txalo artean. ‘Baxoa euskaraz’ dioten elastiko berdeak jantzi dituzte.

Hemendik aurrera jaiak ez du etenik izango Oinez Txoko honetan, nahiz eta Takonerak gune lasaiagoa eskaintzen duen beti, oasi moduko bat zenbaitetan, Alde Zaharreko kale nagusien algararekin alderatuta.

Hasiera indartsua izango dute Sanferminek bertan, hala ere. Honela, lehenengo egun honen arratsaldean, 18etan, Trikiteens taldearekin dantzaldia izango da. Eta gauean, 23.30tatik hasita, Brigade Loco.

Ia egunero-egunero 18etan dantzaldiak izango dira Oinez Txokoan, eta gau partean, aldiz, egurra emateko kontzertuak (Flitter, Nafarroa 1512, Onki Xin, STR...) Larunbatean Porrotxen bisita ere espero da, 12etatik aurrera. Eta honezaz gain, jakina, mokadu bat hartzeko, edateko eta lagun artean egoteko parada goizetik gauera.

Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastolari dagokio aurtengo Nafarroa Oinezen antolakuntza lana.