INFO

CAFek 150 milioi euroko kontratuak sinatu ditu Italia «ibilgailu jasangarriez hornitzeko»

CAF taldeak Italiako Cagliari, Napoles eta Palermoko hiriekin kontratuak sinatu ditu bertako mugikortasunaz arduratzeko. Orotara 150 milioi euro baino gehiagoko balioa duten kontratuak sinatu ditu. Bere esanetan, mugikortasun «jasangarriagoa» lortzeko aukeratu dute Goierriko enpresa.

CAFek egindako Napoleseko metroko unitateak. (CAF)

Italiako Cagliari, Napoles eta Palermoko hirietako mugikortasunaz arduratzeko CAF taldea hautatu dute. Beasaingo enpresak azaldu duenez, hiru hiri hauek «konfiantza CAFengan jarri dute hiriko mugikortasun jasangarrira zuzendutako eraldaketan irmo aurrera egiteko». Sinatutako kontratuak 150 milioi euro baino gehiagokoak direla azaldu du.

Sinatutako kontratuen arabera, Cagliariko hiriari autobus elektrikoak hornitu dizkio CAFek, Napolesi metro unitateak eta tranbiak Palermori. Tren konpainiak azaldu duenez, kontratuan zehaztutako ibilgailuak zero isurpenekoak dira. «Kontratu horiek baieztatu egin dute zero isurpeneko hiriko garraio soluzioen gama zabalaren hornitzaile gisa CAFek eskaintzen duen balio proposamen sendoa», azaldu du.

CAF taldeko Solaris enpresak Cagliari hiriko CMT Cagliarirekin sinatu du kontratua 98 autobus elektrikoko eskari batengatik. CAFek azaldu duenez, Sardiniako hiriburuko enpresak Solarisi 12 metroko 80 autobus eta 18 metroko 18 autobus artikulatu eskatu dizkio. Enpresaren aurreikuspenen arabera, 2024 eta 2025ean entregatuko dituzte. Gainera Solaris High Energy bateriekin hornituko direla azaldu dute: «Horrek autonomia eta operatibitate handia eskainiko dio flotari zerbitzu osoan zehar».

Solaris enpresak 2010etik zerbitzua eskaini duela gogoratu du CAFek. «Azpimarratu beharrekoa da Italia dela garraio publikorako ibilgailu jasangarriei dagokienez Solarisen merkatu nagusietako bat», adierazi du Beasaingo konpainiak.

Napoleseko metroaren kasuan, CAFek oroitu du 2020ean 10 metro unitate hornitzeko kontratua sinatu zuela, eta orain berriz hornidura handitzeko kontratu berria sinatu dute. Gainera, metro unitateak eskaintzeaz gain, hiru urtez hauen horniduraz arduratuko dela adierazi du.

Metro unitateak 2020ean emandako ezaugarri berdinak dituztela jakinarazi du CAFek. «Eraginkortasunari, eskuragarritasunari eta segurtasunari dagokienez errendimendu gorena bermatzeko diseinatuta daude» jakinarazi du CAFek. Horretaz gain, bidaiariak erosoago egoteko metro unitateak duten «espazio zabala» nabarmendu du.

Horretaz aparte, Palermoko A, C eta B tranbiako lineak berriak eraikitzeaz eta unitateen hornikuntzaz arduratuko da CAF. Gainera, tranbia linea hauen t9 ibilgailuak fabrikatzeaz aparte, kontratuan etorkizunean eskaria handitzea aurreikusten dela jakinarazi du Beasaingo enpresak. Kontratu honek 400 milioi euroko balioa du.