INFO

Pasaiako segadako biktimen margo oroigarriari eraso egin diotela salatu du Egiari Zorrek

Pasaiako segadako hilketen oroigarriari eraso egin diote, espainiar bandera margotuta Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak hil zituzten lekuan. Egiari Zorrek salatu du Estatuko biktimen memoriaren aurkako erasoak «ez direla berriak».

Bandera espainiarra margotu dute segadan hildakoen oroigarrian. (EGIARI ZOR)

Egiari Zorrek Pasai Donibanen Jose Mari Izura, Pedro Mari Isart, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru Komando Autonomo Antikapitalistetako kideen hilketak oroitzen dituen margoei eraso egin dietela jakinarazi du, horren gainean espainiar bandera margotuta. 1984an hil zituen Polizia espainiarrak Pasaiako badian, segada batean.

«Ez dira berriak Estatuko indarkeriaren biktimen oroimenari egindako erasoak, kontakizun eta proiektu politiko jakin bat ezarri nahi dutenen jomuga izaten jarraitzen dute. Gaur, Pasaiako badian, kasua judizialki irekita izanda», argitaratu du memoriaren aldeko Fundazioak bere Twitter kontuan. Joseba Merino Pasaiako segadatik bizirik atera zen eta sarraskian parte hartu zuen polizietako bat identifikatu zuen RTVEren webgunean; auzibidea irekita dago orain.

Egiari Zorrek ziurtatu duenez, Pasaiako segadako hildakoak oroitzeko margoa ez da eraso egin dioten memoriaren aldeko lehen oroigarria. Landerlandia Twitter erabiltzaileak gogoratu duenez, German Rodriguezen oroitarria Iruñean edo 1976an Poliziak hil zituen Gasteizko bost langileen monumentuak Arabako hiriburuan eta Dulantzin ere kaltetu izan dituzte. Kasu hauetan ere erasotzaileak espainiar bandera margotu zuten.

Pasaiako segada izan zenetik 39 urtera, aurten jakin da duela hiru urte Lakuako Gobernuak enkargatu zuen txosten batek onartzen duela lau heriotzak «exekuzio extrajudiziala» izan zirena baieztatzeko zantzuak daudela.