INFO
Entrevista
Xabi Tolosa
Aspeko atzelaria

«Pena izan zen nola amaitu zen, baina nire izenak lehen mailan sinesgarritasuna lortu zuen»

Binakako finaletik, eta txapeletik, baztertu zuen zuntz haustura nahi eta espero baino gehiago luzatu zaio anoetarrari, baina ostiral honetan kantxetara bueltan izango da, non eta Iruñean, San Fermin egunean. Oinazeak alboratu eta baikorra izateko gaitasun handiarekin, ilusioz gainezka dago.

Xabi Tolosa, min hartu zuen partidako irudi batean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hasteko, nola zaude, bi astez atzeratu da zure itzulera baina arriskurik ez hartzeko izango zela uste dut, ala?

Bai. Frontoian entrenamenduetan hasi nintzenean zuntz hausturaren inguru horretan gainkarga batzuk izan nituen eta orduan, ekografoarekin ikusten egon ginen. Esan zigun oraindik bi aste edo geratu beharko genuela. Orain frontoiko entrenamenduetan sentsazio hobeak ditut, inguru hori askoz hobeto daukat, gainkarga sentsazio hori kenduta.

Ez du merezi bi astegatik arriskatzeak.

Hala da, azkenean ikusita hiru hilabete pasa direla, aste batzuk gora edo behera ez du garrantzirik. Hasieran uste genuen denbora gutxiago izango zela baina gero, ikusita nolako haustura zen, denbora behar da halako lesio bat ondo osatzeko. Orain ondo osatuta gaude.

Animoz ere ondo sumatzen zaitut.

Bai, esan izan dut beste elkarrizketaren batean, filosofia oso onarekin hartu dudala, kontzientzia oso lasai. Azkenean, makuluak kendu nituen lehen egunetik egon naiz jo eta su osatzeko prozesu horretan, gimnasioan ordu asko sartu ditut azken aste hauetan, baita frontoian ere eta egindako lanarekin gustura nago. Ea orain hankak ondo erantzuten duen.

Irudipena daukat hasierako kolpea hain gogorra izanda, oso azkar eman zeniola buelta.

Bai, momentuan sekulako pena izan nuen eta hurrengo egunean ere pena horrekin egon nintzen, baina nire izaera oso baikorra da eta, alde horretatik, nik uste dut izaera horrek lagundu didala egoera hau hobeto eramaten. Eta gero, haustura hau ez da ezer; pentsatzen jarrita, beste hamaika gauza okerrago etortzen zaizkit burura eta hau azkenean ez da ezer, hiru hilabeteko kontu bat.

Ez da agian horren larria izango baina bai oso krudela. Gogoan dut nola esaten zenuen zure ibilbideko aukerarik onena zure sasoirik onenean heldu zela, eta lesioa ere unerik gozoenean heldu zen.

Bai, aukerarik onena momenturik onenean heldu zitzaidan eta nik uste, oso ondo aprobetxatu nuela. Ilusioz gainezka nengoen, entrenatzen izugarrizko gogoekin gero partidetan maila ona emateko. Nik uste, txapelketa oso ona egin nuela eta aurreneko mailan nire izenak sinesgarritasuna lortu zuela. Pena izan zen nola bukatu zen baina azkenean kontzientzia oso lasai neukan, banekien egindako txapelketa oso ona izan zela eta horrek ere ematen zizkidan lasaitasuna eta animoak aurrera jarraitzeko.

«Haustura hau ez da ezer; pentsatzen jarrita, beste hamaika gauza okerrago etortzen zaizkit burura»

Goiko mailan zure tokitxoa egin duzula sentitzen duzu?

Esandakoa, sinesgarritasun hori lortu dut baina baita ere jakitun izan behar dut nire gainetik maila hobea duten pilotari asko daudela eta hankak lurrean izan behar ditut; uneoro jakin zein den nire maila eta gero, kantxak epaitzen du norberaren maila. Ni, behintzat, Binakakoan egindako lanarekin lasai eta sinesgarritasuna lortuta sentitzen naiz.

Eta horren baikorra izanda, txar horretatik ere zerbait ona aterako zenuen, ala?

Halako momentuetan kontzienteago zara baloratu behar dela ondo gauden momentu horiek, baina kontuan izan behar dugu lesioak ere kirolaren parte direla eta ahalik eta umore onenarekin saiatu behar dela hartzen. Saiatu naiz lagunekin eta familiarekin denbora gehiago pasatzen, plan desberdinak egiten, denborarik ahalik eta gehiena betetzen... Horrek guztiak ere laguntzen du egoera hau hobeto eramaten.

Zuretzat ere lagungarria izango zen baina zuk eta kideek egun horretan emandako irudiak ere, nik uste, pilotari, orokorrean, mesede handia egin ziola.

Bai, noski baietz, jendeak eta pilotazaleek eman zidaten babesa izugarria izan zen eta horrez gain, telebistan ikusitako irudi horiek pilotaren irudia oso maila altuan jarri zuten; pilotaren baloreak, dagoen elkartasuna, laguntasuna... Izugarri polita izan zen dena. Kanpotik ikusita, ematen zuen gidoi batean idatzita zegoela.

Telefonoarekin azkenerako nazkatu ere egin omen zinen hainbeste babes mezu erantzun beharrarekin.

Bai, hurrengo egunean mugikorra kolapsatuta eta izugarrizko mezu pila nituen eta ordutik Whatsapp aplikazioari bastanteko mania hartuta.

«Jendeak eta pilotazaleek eman zidaten babesa izugarria izan zen eta telebistan ikusitako irudi horiek pilotaren irudia oso maila altuan jarri zuten»

Lehen ere izana zenuen lesio luze bat eskumuturrean. Erakutsi zizun pixka bat nola jokatu edo desberdina izan da hau?

Eskumuturreko lesioarekin lau hilabete inguru izan nintzen geldirik, ebakuntza bat tarteko. Kasu honetan, ebakuntzaren beharrik ez dugu izan baina denbora bai, antzekoa izan da. Lehenagotik halako bizipenak izateak laguntzen dizu, eta hemendik aurrera, partidak jokatzen hasten naizenean, ba garrantzitsuena hankak ondo erantzutea izango da, minik ez izatea, pixkanaka maila hobetzen joatea. Dagoeneko denbora asko daramat profesionaletan eta denbora guzti horretan pilatutako esperientziak ere laguntzen du aurrera begira eta kantxara irteten zarenean lasaitasun puntu hori izaten. Ea gauzak bide onetik doazen eta hankak ez didan gerra handirik ematen.

Lesio horri arrazoiren bat bilatzen saiatu zara edo besterik gabe, eman zen eta kitto?

Nik uste gainkargagatik izan zela. Nik uste, tentsioa baino, esfortzu pilaketagatik izan zela. Egia esan, finalerdietan oso lasai nengoen eta nire buruarengan konfiantza banuen; alde horretatik, urduritasunik ez nuen. Baina txapelketa, akaso, behar baino luzeagoa egin zitzaidan eta horren ondorioz giharra kargatu zitzaidan behar baino gehiago eta hortik etorri zen lesioa.

Pentsatzen dut orain helburua maila hori berreskuratzea izango duzula eta uda ez da sasoi txarra horretarako.

Bai, udan partidak izango dira, ikusi beharko ea hankak nola erantzuten duen baina erantzun ona edo minik izaten ez badut, partidak izango ditut. Txapelketan emandako maila egun batetik bestera ez da lortzen, lan handia dago atzetik eta denbora beharko dut, hori badakit, eta pazientzia izan behar dut. Printzipioz, epe laburrean hankak inolako arazorik ez ematea izango da helburu nagusia eta behin lesioa ondo kontrolatuta daukadanean, ba mailaz igotzen saiatu.

Jokini Altunari galdetu nion ea hurrengo urteko Binakako bikote bat dagoeneko erabakita dagoen eta ez zidan ezetzik esan.

(Barrez) Jende askok esaten du polita izango zela elkarrekin jartzea baina ez dago gure esku.

Baina hala ere, iaz emandako mailarekin askoz zailagoa izango zela zuentzat ere esan zidan, faborito irtengo zinaketelako.

Bai, iazkoa oso ondo irten zen baina horrek ez du esan nahi datorren urtean derrigor hala irten behar duenik. Guk gure maila erakutsi genuen eta behin maila hori erakusten bada, hori errepikatzea posible da, noski baietz.