INFO

Zierbenako ur bihurrietan irabazi du Oriok denboraldiko bere lehen bandera

Oriok astindu du III. Edinor Bandera, Zierbenako ur bihurrietan lehiatutako estropada zinez interesgarrian. Tolosaldea eta Arraun Lagunakekin batera, poparean pare pare joan dira oriotarrak eta bere lehendabiziko bandera irabazi dute. Tolosaldea izan da bigarren.

Orioko eskifaia, erdian Nadeth Agirre patroia dela, garaipena ospatzen, Zierbenan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arraunean egun batetik bestera, beltzetik zurira igaro daitekeela berretsi da Zierbenako ur bihurrietan. Larunbatean, Donostiako estropadan, Nadeth Agirre Orioko patroiaren amorru aurpegia begibistakoa bazen, igande honetan, Zierbenan, III. Edinor Bandera irabazita erakutsi duen poztasuna ere maila berean kokatzen da.

Oriok denboraldiko bere lehendabiziko bandera astindu zuen, aurreko bi estropadetako frustrazioa askatuta. Emozio handiko lehia bizi izan da Zierbenan, Tolosaldea eta Arraun Lagunakekin parez pare aritu baitira poparean, azkenean segundo bakar batengatik garaipena ospatzeko. Ramon Erostarbek gidatutako taldea izan da bigarren, denboraldi hasiera honetan sasoiko daudela berretsita. Arraun Lagunakek, hirugarren eginda, lidergoari eutsi dio eta Orio bigarren jarri da.

Euskotren ligan jokatu diren hiru banderetan hiru irabazle ezberdin izateak ere markatzen du aurten ligan egongo den parekotasuna itzela izango dela; bai eta, hiru ontzi puntu kopuru berdinekin egotea, bigarren sailkatutik laugarrenera (19).

Donostiarra izan da txuritik beltzera igaro dena. Brankan denbora dezente galdu du Kaiarriban eta ziabogan ezin izan du denbora murriztu, hala jokoz kanpo geratu da poparean ere eta kasik, Hondarribiak, lehendabiziko txandan lehiatuta, denbora hobea egin du.

Atzo legez, Miren Garmendia patroi duen eskifaia, ehuneko batzuengatik geratu da bosgarren. Donostian, momentu batez, balentria lortu izana ospatu zuten baina denborak berresterakoan, bosgarren egin zutela konfirmatu zen. «Pena» puntua sentitu zutela onartu du gaur eta helburua, hor burua sartzea baldin bada ere, ziurtatu du hankak lurrean dituztela eta badakiela beraien lekua zein den.

Hibaika izan zen beste protagonista, Hondarribiarekin lehia estua eskainita. Errenteriako ontziak estropada benetan txukuna egin du eta txanda irabaztetik segundo bakar batera geratu da. Cabo eta Tiran izan dira azkenak.

III. Edinor Bandera

1. Orio 11:14.27

2. Tolosaldea 11:16.15

3. Arraun Lagunak 11:16.37

4. Donostiarra 11:32.69

5. Hondarribia 11:32.85

6. Hibaika 11:34.27

7. Cabo 11:46.71

8. Tiran 12:11.67

Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak, 21 puntu

2. Orio, 19 puntu

3. Donostiarra, 19 puntu

4. Tolosaldea, 19 puntu

5. Hondarribia, 12 puntu

6. Hibaika, 8 puntu

7. Cabo, 7 puntu

8. Tiran, 3 puntu