INFO
Entrevista
Josu Larrazabal
Lidl-Trek taldeko errendimendu arduraduna

«Hamar urteetako hoberena da hau, epe luzerako prozesu baten ondorioz»

Orozkoko prestatzailea zoriontsu agertu da Mads Pedersenek Lidlentzat lortutako lehen garaipenagatik, denboraldiko 22.enagatik. Lehen babesle berriaren etorrerak aurrekontua handitzea eta itzuli handietarako lider bat fitxatzeko aukera emango du. Mikel Landarekin harremanetan jarri direla onartu du.

Josu Larrazabal, Lidl-Trek taldeko errendimendu arduraduna. (J.I.)

Larrazabal Lidl-Trek taldera Euskaltel-Euskaditik iritsi zen 2013an, eta urtez urte garrantzia irabazi du taldean. Egun errendimendu arduradun nagusia da. Staffeko kide guztiak koordinatzeaz arduratzen da: zuzendariak, prestatzaileak, nutrizionista... eta oso pozik dago denboraldiarekin, taldean daramatzan hamaika urteetako onena dela dio.

Nola bizi duzue Lidl sponsor berriari eman diozuen lehenengo garaipen handia?

Guretzat Limogeseko etapa oso garrantzitsua zen. Tour hasieran, Bilbon, markatutako egunen arteko bat zen eta goizetik helburu horrekin hasi ginen. Hasieran asmoa ihesaldi handi batean sartzea zen, Mads Pedersen, Jasper Stuyven eta Tony Gallopinekin, baina azkenean talde batzuek oso ondo kontrolatu zuten hasiera eta aukera bakarra esprinta izan zen. Nahiz eta Philipsen topera egon bagenekien etapa gogor batean eta azken kilometroa apur bat maldan gora izanda Madsentzat hobea izango zela eta horrela izan zen, zorionez.

Lidl-Treken lehen garaipena da eta taldeak lan egin duen bezala lan eginda bereziki polita da. Quinn Simmons momentu txar bat pasatzen ari da erorketen ondorioz, baina bidoiak igotzen ibili zen, taldekideentzat, eta beste guztiek lan bikaina egin zuten. Ciccone, Skjelmose, Juanpe Lopezek… Denek. Azken kilometroan lasterketaren kontrola hartu genuen eta Madsen esprinta itzela izan zen, bere egun onenetan egiten duen esprint horietako bat, eta momentuan sasoi hoberenean dagoen esprinterrari irabazi zion. Egun polita eta berezia, festa eder bat egiteko eguna.

Pirinioetako bi etapak zuentzat desberdinak izan ziren…

Bai. Lehena oso ondo joan zen. Juanpe Lopez ihesaldian sartu zen, Cicconek bigarren egin zuen eta Mattias ondo egon zen, sailkapen nagusikoekin, nahiz eta egun hartan bi erorketa izan. Horiengatik bigarren etapan, Cauteretserako bidean, asko sufritu zuen. Zortzi minutu galdu zituen eta hemendik aurrera Mattiasekin helburuak aldatu beharko ditugu. Cicconeren kasuan, mendiko maillotaren atzetik dabilela, berehala ikusi genuen Tourmaleteko etapa sailkapen nagusiko txirrindularientzat izango zela eta aukera bat galdu genuen puntuak pilatzen joateko. Orain hitz egin behar dugu Alpeetara joan aurretik. Hor dago mendiko sailkapenean, ez aurrenekoekin, baina nahiko gertu dago eta maillota lortzeko moduan egongo da, hurrengo etapetan ondo badabil. Pirinioak ez dira joan espero genuen bezala, baina oraindik aukera asko ditugu eta horien bila jarraituko dugu.

Baina ikusi da hirurak ondo iritsi direla Tourrera...

Hori da, Tourrari begira prestaketa oso ona egiteko aukera izan dute. Madsek Giroa ez zuen bukatu gaixo zegoelako, baina gero bere prestaketa guztia ondo joan da, Cicconek Dauphinen etapa irabazi zuen eta Mattiasek, Suitzan etapa bat eta sailkapen nagusia. Oso ondo iritsi gara eta hasiera honetan hori ikusi dugu, hirurak ondo daudela, lehiakor. Gainera, asteazkenean Juanpe ere ihesaldian egon zen Cicconeri laguntzeko eta Mattias sailkapen nagusiko txirrindulariekin egon zen. Pozik gaude.

Ez da Tourreko kontua soilik. Denboraldi hasieratik oso ondo ari zarete, garaipenak lortzen, protagonista eta irabazle izaten, inoiz ez bezala.

Epe luzerako prozesu bat izan da. Mattias 2021ean iritsi zen eta denbora behar izan du bere maila lortzeko, Cicconek urte pare bat izan ditu gaixotasunekin eta erorketekin, zorte txar handiarekin, baina momentu onean dago eta Mads ere apurka gora etorri da. Taldeak heldutasun puntu hori hartu du etxeko ziklistekin, epe luzera lan egin dugun horiekin. Horregatik bereziki, oso pozik gaude, modu horretan izan delako prozesu hau. Urtea oso ondo doa, azken hamar urteetatik hoberena da, taldekako rankingean laugarren gaude, 22 garaipen ditugu, errekorra dena.

Txapelketa asko irabazi dituzue Tourraren atarian eta horregatik beraiek ez daramate Lidleko maillot originala...

Zortzi txapelketa irabazi ditugu, horietatik hiru hemen daude. Hori beste adibide bat da, nahiz eta argi egon txapelketa batzuetan maila apur bat baxuagoa dela, Belgikan eta Frantzian ere podiumean egon ginen, txapelketa garrantzitsuak direnak. Bolada positibo horretan gaude, konfiantza ematen digu eta emaitzak bat edo bi txirrindulariekin lortu beharrean, bost-zazpirekin lortzen ari gara. Horrek dinamika oso indartsua sortu du.

Azpimarragarriena Skjelmoserena da. Suitzan irabazi zuen eta hori handia da, baina Tourrean hain ondo hastea harritzekoa izan daiteke.

Mattiasek bere prozesua egin du. Iaz Luxenburgon sailkapen nagusia irabazi zuen eta World Tourrekoak ez diren lasterketa batzuetan oso ondo ibilitakoa da, erlojupekoak eta talde txikietako esprintak irabazi ditu eta aurten martxa hori mantendu du, baina World Tour mailan. Argi dago Suitzako itzulian, zoritxarrez, Ginoren asuntoaren ondorioz etapa nahiko lasaiak izan zirela erlojupekoa baino lehen, eta seguru hori bere aldekoa izan zela. Etorkizunean, bi eta hiru astetan nola moldatzen den erakutsi behar du. Baina 22 urte ditu, berdin zaigu azken emaitza eta berari mezu hori transmititzen ari gara, pozik egongo garelako emaitza edozein izanda. Sailkapen nagusia egiten saiatu zen eta orain helburua aldatu beharko du, ihesaldietan sartuz. Hala ere, ez dugu espektatibarik zentzu horretan eta ez dago helburu zehatzik. Datorrena datorrela pozik egongo gara.

«Madsen esprinta itzela izan zen, bere egun onenetan egiten duen horietako bat; momentu honetan sasoi hoberenean dagoen esprinterrari irabazi zion»

Nolakoa da Mattias? Nola jasaten du presio hori?

Esango nuke belaunaldi berri hauetako txirrindulari bat dela. Ikusiko dugu noraino heltzen den baina, zentzu horretan, Pogacar, Vingegaard eta horien modukoa da. Oso konpletoa, erlojupekoetan oso indartsua, igoeretan ere bai, azkarra talde txikietan eta momentura arte presioa oso ondo eramaten duena. Gaztetatik, aurreko urtean Luxenburgon bezala, lidergoa hartu zuen taldearen barruan, taldekide guztiak lider bezala hautematen dute berak posizio hori nahiko modu naturalean hartzen duelako eta, horregatik, belaunaldi berri honetako lider bat dela esango nuke.

Mads Pedersen-en bilakaera ere azpimarratu behar da. Lehen klasikomanoagoa zen eta esprinter onenetariko bat bihurtzen ari da.
Bai, Fabian Cancellara bezalako txirrindulari bat dela esango nuke. Suitzarra nekea zegoenean, etapa gogorra zelako, azkarra zen, baina ez zen azkarrena besteak fresko zeudenean. Madsi berdina gertatzen zaio. Itzuli handietako aurreneko etapetan ez du irabazten beste esprinterrak fresko daudelako, baina klasiketako perfil hori dauka. Erlojupekoetan ondo dabil, azkarra da neke minimo bat dagoenean tropelean, etapa gogorra izan denean irabazteko gai da. Ez da igotzailea, baina igoera bakarra ondo egiteko gaitasuna du.

Beraz esprinter hoberenen aurka lehiatzeko aukerak izango ditu hemendik aurrera beste garaipen bat lortzeko?

Bai, Madsek Tour honetan zortzi-bederatzi aukera izango ditu, eta ez bakarrik esprinterako. Adibidez, atseden egunaren ondorengoa, hamargarrena, ihesaldirako etapa izango dela uste dugu eta berarentzat oso ona da. Esprintak ere aukera onak dira, baina aurreko urtean garaipena ihesaldi batean lortu zuen Filippo Gannarekin eta Stefan Küngekin ibili eta gero. Beraz, zentzu horretan bi aukera ditugu, esprintak eta ihesaldiak; berak hori argi dauka. Momentura arte bost aukera pasa dira; Donostiako aukera bagenekien etaparen erritmoaren arabera zalantzan zegoela, eta ez zen posible izan, baina oraindik aukera asko ditugu.

«Kontratua bukatzen duten txirrindulari on guztiekin egon dira harremanak, Mikel Landarekin ere bai»

Zer suposatzen du taldearentzat Lidl bezalako sponsor bat izateak? Aurrekontua handitzen du fitxaketak egiteko?

Dudarik gabe. Hamar urte pasa ondoren Trekek aurreneko izena eman du eta sponsorrak lehen izena hartzerakoan aurrekontuari begira Lidlek salto bat emateko aukera ematen digu, beste ziklista batzuk ekartzeko eta helburu gehiagotarako. Lasterketetan garrantzitsuagoak izateko aukera izango dugu. Klasiketan beti indartsu ibili gara, baina orain itzuli handietarako taldea ere sortu beharko dugu, ez epe laburrera, baina pixkanaka 2025-26rako espero dugu podiumak edo garaipenak borrokatzea itzuli handietan.

Mikel Landa jarri dute zuen inguruan. Interesa badago?

Merkatua irekita dago eta kontratua bukatzen duten txirrindulari garrantzitsu guztiekin egon dira harremanak, Mikelekin ere bai. Baina merkatua oraindik pil-pilean dago; ikusiko dugu nora doazen aukera desberdinak.

Marie Blanquen ikusitakoaren ondoren, Vingegaardek lasterketa bideratua zuela uste zenuen, gehienek bezala?

Jumboko txirrindulariek bazekiten Pogacar ez zela bere momentu hoberenean iritsi. Bilbon erakutsi zuen, seguruenik estrategia moduan, jendeak espero zuena baino hobeto zegoela; Marie Blanquen gora ikusi zen agian puntu bat falta zaiola. Hala ere, hurrengo egunetik aurrera horrek karrera egoera politago batean jarriko duela uste dut. Pogacar bigarren postuarekin ez delako pozik egongo eta azken astean gogortasuna pilatuta dagoelako. Seguruenik lehiakorra eta agresiboa izango da. Nire ustez, politagoa izango da egoera hau Pogacarrek lasterketa kontrolpean duenean baino. Tourrarentzako ezin hobeto doa asuntoa; azken astean karrera polita izango dugu.