Sumarrek BPGaren %1 etxebizitzako inbertsio publikora bideratzeko konpromisoa agertu du
Etxebizitza Ministerio bat sortu eta BPGaren %1 etxebizitzako inbertsio publikora bideratuko duela adierazi du Sumarrek. Donostian egindako ekitaldi batean, koalizioko ordezkariek EAJri eta PSEri leporatu diete etxebizitzaren afera lehentasun gisa ez izatea.
Pilar Garridok eta Joserra Becerrak Sumarren etxebizitzaren alorreko konpromisoak xehatu dituzte Donostian egindako ekitaldi batean, eta salatu dute EAJk eta PSEk kanpainan soilik hitz egiten dutela etxebizitza eskubideaz: «Denbora luzez gobernatu dute, eta ez dute egin, ez delako haien lehentasuna»
Sumarrek Etxebizitza Ministerio bat sortzeko asmoa agertu du, eta gaineratu du bermatuko duela BPGaren %1 Etxebizitzako inbertsio publikora bideratuko dela alokairuko parke publiko bat edukitzeko Europako herrialdeen mailan. Halaber, hainbat neurri abiaraziko dituela adierazi du, «errentamenduak seguruak eta eskuragarriak izan daitezen».
Pilar Garrido Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak gaur goizean azaldu dituzte Sumarrek etxebizitzaren arloan hartutako konpromisoak. Ekitaldian Joserra Becerra, Miren Echeveste eta Marivi Eizaguirre hautagaiek parte hartu dute. Metro karratuak Donostian daukan batezbesteko 5.191 euroko prezioa islatzeko kartela jarri dute lurrean.
«Badakigu zenbat kostatzen den metro koadroa, eta baditugu neurriak etxebizitza eskuratzea eskubidea izan dadin», adierazi du Garridok. Lehen neurria Etxebizitza Ministerioa sortzea izango dela iragarri du: «Ez da ulergarria Etxebizitza Ministerio bat ez egotea familien eta gazteen arazo nagusia denean». «Sumar espainiar Gobernuan indartsu badago eta Yolanda Diaz presidente bada», Etxebizitzaren ministerioa egongo dela ziurtatu du Gipuzkoako zerrendaburuak.
Garridok salatu du EAJk eta PSOEk kanpainan soilik aitortzen dutela etxebizitza eskubide gisa, «Euskadin eta Madrilen legegintzaldi asko gobernatu dituztenean eta ez dienean axola izan». Horregatik, Sumarren uste dute EAJrentzat eta PSOErentzat etxebizitzarena ez dela lehentasuna. Horren aurrean, koalizioa osatzen duten alderdi eta eragileek Etxebizitzaren Legea aurrera ateratzeko egindako lana azpimarratu zuen.
Hala ere, onartu dute bide luzea dagoela egiteko: «Ezin dugu onartu diru sarreren % 50-60 alokairuak eramatea». Izan ere, uste dute gehienez ere diru sarreren %30 bideratu beharko litzatekeela etxebizitza ordaintzera.
Garridok azpimarratu du hauteskunde hauetan ez dagoela jokoan Madrilen eragin handiagoa edo txikiagoa nork izango duen, baizik eta «gaur egun nork gobernatuko duen, koalizio-gobernua nork osatuko duen». Horregatik, ohartarazi duenez, lehia ez da Feijooren eta Sanchezen artekoa, «ezta Ortuzarren eta Otegiren artekoa ere Euskadin».