INFO

Guardia Zibilak 42.000 alkohol-proba egin ditu sanferminetan, eta 275ek positibo eman dute

Sanferminetan 175 zirkulazio-kontrol egingo ditu, orotara, Guardia Zibilak. Orain arte 42.000 alkohol-proba egin ditu eta 275ek positibo eman dute. Drogen kontsumoak ematen dituen emaitzak, aldiz, bestelakoak dira: egiten diren proben ia erdiak positibo ematen du.

Guardia Zibilak ezarritako alkoholemia-kontrol baten artxiboko irudia. (GUARDIA ZIBILA)

Iruñeko Sanferminetan, orain arte, Guardia Zibilak 42.000 zirkulazio-proba egin ditu alkohol-kontsumoa detektatzeko, eta 275 probek positibo eman dute. Gobernu espainiarrak Nafarroan duen ordezkariak, Jose Luis Arastik, jakinarazi du datua astearte honetan.

Guardia Zibilaren Trafiko Batasunak sanferminetan zehar egingo dituen 175 kontroletako batean izan da Arasti astearte honetan, Zuasti ordainlekuan. eta esan du alkohol tasa gainditu duten 275 probetan 10ek delitu penala dakarren tasa eman dutela. Positiboen tasa, esan du, %1etik behera kokatzen da egun; duela hamarkada bat %3-4koa zen.

Kopuru horrek, nabarmendu duenez, «gizarte kontzientziazioa emaitzak ematen ari dela» erakusten du. Hala ere, kezka adierazi du, egiten diren droga-probetan ia erdiak positibo ematen duelako.

«Aspalditik daukagu alkoholaren tasa %1etik behera jaisteko helburua, eta hori lortzen ari gara, baina ikusten dugu drogen emaitza positiboek gora egiten jarraitzen dutela», esan du Arastik. «Pertsona batzuek ez dute ikasten, baina arreta jarri behar dugu jada kontzientziatuago dauden eta sanferminez gozatzera etortzean arduratsuagoak diren pertsona horiengan», gaineratu du.

Agustin Aznarez Nafarroako Guardia Zibileko Trafiko azpisektoreko buruak azaldu duenez, agenteek drogen testa egiten dute kontsumo aztarnaren bat ikusten dutenean, eta esan du horregatik dela hain altua positiboen tasa. Test horiek ausaz egingo balira, zehaztu du, tasa %25ekoa izango litzateke.