INFO

Zer dago jokoan euskararentzat?

Uztailaren 23an euskal hiztunok zer jokatzen dugun ulertzeko, bidelagun aparta hartu dugu eskutik, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia.

Sorionekuak ekimenak deitutako manifestazioa, joan den ekainaren 10ean Iruñean. Egun osoko jaia izan zen. Bertan nabarmendu zutenez, aurrerapauso bat emateko ailegatu zen «sorioneku» eskua. (Idoia ZABALETA/FOKU) (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gaur egungo egoera deskribatuz hasiko gara. Zer autonomia dugu Euskal Herrian hizkuntz politikak garatzeko? Euskara berezkoa da gure herriaren eremu osoan, baina hiru agertoki bereizi behar ditugu eta ikuspegi orokor batekin aritzea eragozten digu horrek. Bertzetik, hizkuntz politikak beti egiten dira. Orokorrean, gaztelania edo frantsesaren alde. Euskararen alde egiteko, ordea, zailtasun handiak daude, bereziki Ipar Euskal Herrian, ofizialtasunik ere ez duelako euskarak.

Elkargoarekin urrats batzuk egin arren, erakundetze horrek ez dio euskararen aldeko hizkuntz politikari bultzada handirik eman, Idurre Eskisabelen iritziz. Horren adibide, euskalgintzak iragan apirilean Baionan egin zuen manifestazioa, oinarri-oinarrizko eskaerekin: ikasketa ibilbidea euskaraz osatu dutenek hori balioztatzeko azterketa euskaraz egitea, bertzeren artean. 

Ikasketa ibilbidea euskaraz osatu dutenek hori balioztatzeko azterketa ere hizkuntza honetan egitea eskatu zuten bizikleta martxa honetan. (Guillaume FAUVEAU)

Nafarroan, egoera bitxia da: euskara ofiziala da, baina eremu batean bakarrik, eta horrek desberdinkeria bat sortzen du nafarren artean. «Baina hori zuzentzeko eskumena ere bada Nafarroan. Zonifikazioa apurtzeko erabakia bertako erakundeetatik ere pasatzen da», azpimarratu du Kontseiluaren lemazainak.

Nafarroako 200 gizarte eragile batu ditu euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarriak, tartean Kontseilua. Mikrofonoan, Idurre Eskisabel. (Iñigo URIZ/FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dago euskara biziberritzeko egoerarik onena. Euskara ofiziala da geografia osoan, eta ibilbide bat ere egin da euskararen aldeko hizkuntz politiketan, horretarako propio sortutako organoekin. Dena den, tresneria horrek 40 urte ditu jada, eta mundua azelerazio izugarrian aldatzen ari den honetan oso erronka handiak ditu. Euskalgintzak erabat errotutako gogoeta da etorkizunera begirako erronka horiei erantzuteko ezinbestekoa dela hizkutza politiketan jauzi bat egitea eta hori du aldarrikapen azken boladan. Gainera, erakundeek erabakitako euskararen aldeko hizkuntza politikak atzera botatzen ari dira epaitegiak.

Oldarraldi judiziala, baita politikoa eta mediatikoa ere

Uztail honetan, Madrilgo Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udal Legearen aurkako ebazpena eman du, eta horrekin «oldarraldi judizialak koska bat gora» egin duela salatu du Kontseiluak. Erandioko epaia izan zen aurretik. Uliazpi Fundazioaren lan deialdiaren aurkako sententzia baliatu zuten argudio gisa. Soka beretik heldu ziren Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkakoa eta euskara hizkuntza «zailegia» dela baieztatu zuen Laudiokoa. «Asko gertatzen ari den zerbait da. Horregatik, Kontseiluak eta euskalgintzak oldarraldi judizialtzat jotzen du. Zalantzak sortzen ditu egiaz EAEn ere behar eta nahi ditugun euskararen aldeko hizkuntz politikak egiteko egiazko autonomiaren inguruan».

Maiatzaren 10ean Bilbon egin zuten agerraldian, oldarraldi judizialaz gain, politikoa eta mediatikoa ere martxan daudela aipatzen zuten hamaika eragile sozialek. Epaile batzuetatik datoz epai horiek, baina badago bulkada sozio-politiko bat ere zenbait herritar halako gaiekin auzitegietara bideratzen dituena, bide hori abiatzeko aldeko giro bat. «Forma bateratu baten traza hartzen ari gatzaizkio».

Udaletako aktak euskara hutsez egitearen aurkako azken erabaki honetan ez, baina aitzinekoetan, epai horiek eman dituzten epaileak EAEn lanean ari dira. Dena den, «legedia Espainiakoa da, sistema judiziala ezartzen duen zoru guztia hangoa da. Hau da, hemen ari direnak ere Espainiako logikarekin, legeekin eta gehienetan hango ikuspegiarekin ari dira».

Andres Urrutia euskaltzainburuak Bizkaia Irratian azaldu zuen oraindik landu gabeko ildo bat dela autonomia erkidegoan ari diren epaileekin sentsibilizazio lan bat egitea. Legelaria da bera eta erraten zuen legearen aplikazioak errealitate sozialari lotuta egon behar duela baina irudipena duela hemen ari diren epaileek ez dutela bertako egoera behar bezala ezagutzen.

Kontseiluko idazkari nagusiak gaineratu duenez, epai horietako aunitz logika baten gainean eraiki dituzte: «Espainiar estatuko eremuan denok daukagu hizkuntza bat jakiteko betebeharra, gaztelania. Hori da neutralitatea, hori da zorua, eta hortik gorako nahi, premia eta hautuak luxua dira».

Zergatik orain?

Aitzinetik ere izan dira euskal hiztunen aurkako epaiak, baina zergatik etorri da oldarraldi hau justu orain? Ez dago ziur aski erantzun bakar eta osorik. Idurre Eskisabelek oroitu duenez, gure jendartean bada sektore espainiarzale edo frantseszale bat, are hizkuntzen auziaren gaineko ikuspegi supremazista duena. Aspalditik dago, beti dago, eta forma ezberdinetan azaleratzen da, indartsuago ala apalago, indar politiko batzuei lotuta ala ez, eremu murritzagoetan edo zabalago.

Orain, gauza bat baino gehiago elkartu dira. Alde batetik, Mendebaldean bakoitzak bere eskubide indibidualen bermea epaitegien bidetik eramateko dagoen joera. Sektore politiko batzuek, bertzalde, indartzeko aukera gisa ikusi dute euskararen aldeko hizkuntz politiken inguruan mezu batzuk erabiltzea: baztertzaileak diren susmoa hedatzea, segregazioarekin lotzea... Bada diskurtso politiko bat epaitegietara eramatearekin lotzen dena.

Momentu honetan administrazioan lanpostuak egonkortzeko prozesu ugari daude martxan. Bertze joera bat da lan ezegonkortasunaren aurrean helburu nagusia funtzionario bilakatzea izatea. Eta faktore mediatikoa ere garrantzitsua da. «Inpaktu handiko hedabideek etengabe plazaratu dituzte euskararen aldeko hizkuntz politiken gaineko susmoak».

«Mezu horien inguruan beti dago joko politikoa, eta espainiar Estatuko ezkerrean ere ikusten ari gara batzuetan bere egin duela urte askoz eskuinaren bandera izandakoa. Ezkerreko irakurketa batetik euskararen aldeko hizkuntz politikak bazterketa sozialarekin eta segregazioarekin lotzen dituzte. Baina hori ere ez da berria».

Zer ekar lezake eskuinaren garaipenak?

PPren diskurtso orokorrak entzunda, zer erranik ez VOXenak, beldur handia ematen du arlo aunitzetan bien gobernuak. Hala gertatzen da euskararen eta hizkuntzen eremuan ere. «Egia da hizkuntza politika zehatzei dagokienez printzipioz ez lukeela eragingo. Adibidez, Jaurlaritza administrazio publikoko deialdien hurrengo dekretua sortzen ari da. Bada, ez du plan horietan zuzenean eragingo. Baina bai sor liteke giro orokor bat, eta lehen aipatutako oldarraldi horrek indar eta babes handiagoa edo agerikoagoa har lezake. Zuritze ofizial bat izango luke».

Zalantza gehiago ere badira: nola jokatuko dute bertze alderdi eta eragileek halako jarrera supremazista agerikoaren aitzinean? Baliteke egoera horren aurrean alderdiek uneon euskararen aldeko hizkuntz politiken arloan dituzten diskurtso eta jokabideak aldatzea.

Ikus-entzunezkoen legea

Legealdi honetan onartu da Ikus-entzunezkoen legea. Paul Bilbao orduan Kontseiluaren lemazain zenak erran zuen «aukera galdu bat» izan zela eta agerian jarri zuela nola kudeatzen duen estatu honek hizkuntz aniztasuna: «Hizkuntza bakarrak balio du».

Honen inguruan, Eskisabelek adierazi du ikaragarri kostatzen dela estatu espainiar eta frantsesak duten ikuspegiarekin, gaztelaniaren eta frantsesaren aitortza ia bakar horrekin, bertze hizkuntzetan egiaz bizi eta munduari begira jartzeko baldintzak izatea. «Estatu espainiarrak hizkuntz aniztasuna onartzen duela esaten da, baina hori ez da gero inon ispilatzen. Ikus-entzunezkoen legea da adibide».

Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako hizkuntzen aldeko mugimendu sozial indartsuen ondorioz, Kontseilua tartean, lege horretan gutxieneko batzuk sartzea lortu zen; RTVEk dituen kate tematikoetan tokiko hizkuntzak erabiltzea errate baterako, baina horiek ere ez dira betetzen ari.

Bertzalde, Auzitegi Gorenak Kataluniako murgiltze ereduaren aurkako epaiak eman ditu. Argudiatu duenez, gaztelaniak izan behar du eskolako hizkuntza gidaria, Konstituzioak blindatua, lege autonomikoak hala jaso ez arren. Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, Konstituzioarekin talka egiten duen bakoitzean amaitzen da autonomia erkidegoen eskumena. «Jokalekua hori da eta badirudi ez duela beste zirrikiturik uzten. Hori horrela da Madrilen ustez ezaugarri ezberdineko gobernuak egonda ere. Beti hor dago hesi edo horma hori eta gure zailtasuna da nola egin politikak euskaraz bizi ahal izateko».

Batuz Aldatu

Agertoki horretan ari da lanean Kontseilua, egungo hizkuntza politiken bideak berea eman duela eta jauzirako garaia dela iritzita. Batuz Aldatu ekimena du martxan, batasun zabal bat eta bide-orri argi bat eskaintzen dituena. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatuz, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bertzetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta elkarlotuz, hala nahi duen orok ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik. Bi oinarri sinple baina garrantzitsu horien gaineko akordio soziala eskuratua dute, eta adostasun politikorako jauzia ematea dute orain erronka.

Ekimena nahi baino mantsoago doala aitortu du Idurre Eskisabelek, bertzeak bertze oldarraldi judizialak nahi baino denbora gehiago hartzen dielako egunerokoan. «Miserietako bat hori da: adostasun horretan pentsatzen egon beharko genuke, baina atzera eramaten gaituzten zamak kudeatzen ari gara».

Batuz Aldatu ekimenean «oso gauza inportanteetaz» ari direla ohartarazi du Hendaian bizi den beasaindarrak, «hizkuntzaren auzia badelako bizikidetza eta demokraziarekin bete-betean lotzen den zerbait. Horren emaitza herritar guztioi datorkigu. Bestetik, mundura begira oso diagnostiko ezkorrak egiten ditugu gehienetan: totalitarismoak indartzen ari dira, mamu zaharrak eta gogorrak indartzen ikusten ari gara. Bada, hizkuntzaren auzia komunitateari heltzeko modu bat da, komunitate kulturalei eta horiek barnean izan ditzaketen tentsioei. Bide garrantzitsu bat da totalitarismoei aurre egiteko», aldarrikatu du.