INFO

Ezkerrak ala eskuinak erabaki, Bidasoan hil

Ultraeskuin espainiarrak boterea iritsi dezake datozen hauteskundeetan eta horrek migranteen eskubideengan izango lukeen eragina neurtzeko Italiara begiratu besterik ez da. Baina ezin esan egoera ona denik egungo gobernuarekin: Euskal Herriko mugan hamar pertsona hil dira azken legegintzaldian.

Irun eta Hendaia arteko zubian iazko uztailean egindako ekintza migranteen heriotzak salatzeko eta, atzean, Polizia frantsesaren kontrola. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hiru hilabete dira Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bere homologo italiarrari bisita egin zionetik. Prentsaren ikusmira sortu zuen bileraren ostean, agintarien arteko «harmonia» ospatu zuen Giorgia Meloni italiarrak, zeinak, bere alderditik hasita –Fratelli d’Italia–, herrialdeko talde ultraeskuindarren aliantzarekin jositako Gobernua zuzentzen duen: alboan ditu Matteo Salviniren Lega Nord eta zendu berri den Silvio Berlusconiren Forza Italia.

Migrazioaren kontrako politika zurruna da Meloniren Gobernuaren ikur bereizgarriena. Bada, apirilaren 5eko bisitan, Espainiako sozialistak eta Itailako neofaxistak –Vox espainiarraren aliatua– eskua eman zioten elkarri Erromako Chigi jauregian, baita laudorioak trukatu ere, eta, bileraren ostean, hala adierazi zion Sanchezek: «Giorgia maitea, Italiako Gobernuarekin harremanik onenak izan nahi dituen Espainiako Gobernua aurkituko duzu. Gustura nago hemen nagoelako».

Duela bost urte, 2018ko ekainean, 600 pertsona zeraman ‘Aquarius’ ontziari lehorreratzeko baimena emanez estreinatu zuen Sanchezek presidente kargua, hain zuzen, Italiak bere portuak itxi ostean. ‘Aquarius’-en lehorreratzea eta Chigi jauregira egindako bisita banantzen dituen bost urteetan asko aldatu da Espainiaren migrazio politika. Tarte horretan gertatu da, adibidez, Melillako tragedia. 2022ko ekainaren 24an hesia gurutzatzen saiatu ziren dozenaka pertsona hil ziren Maroko eta Espainiako segurtasun indarren ekintzaren ondorioz, zeina «proportzionatua» izan zen, Madrilgo Gobernuaren hitzetan.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Giorgia Meloni Lehen Ministro italiar ultraeskuindarrari eskua emanda, Chigi jauregira egindako bisitan. (Roberto MONALDO/EUROPA PRESS)
Pedro Sanchez Espainiako presidentea Giorgia Meloni Lehen Ministro italiar ultraeskuindarrari eskua emanda, Chigi jauregira egindako bisitan. (Roberto MONALDO/EUROPA PRESS)

Harrera «minimoa»

Frantzia eta Espainiaren erabakien menpe dago Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian, ezarritako muga ere. 2018an gogortu zituen Frantziak muga horretako kontrolak. Matteo Salvini Lehen Ministroak, diskurtso xenofobo eta arrazista lagun, portuak itxi zizkien erdiko Mediterraneotik migratzen ari ziren pertsonak erreskatatzeko lanean ari ziren ontzi humanitarioei, kontrolak gogortu zituen eta pertsona migranteak kanporatu. Hala, Afrikatik Europarako migrazio-bide ohikoena (Libia-Italia) ekiditeko Estatu espainiarreko Hegoaldeko Mugara egiten hasi ziren hainbat pertsona –Ceuta, Melilla eta Kanarietako pasabideak erabiltzen–, eta hortik Hego Euskal Herrira, Estatu frantsesera iritsi ahal izateko.

Irun eta Hendaia artean muga ezartzeak Gipuzkoako herrian pasatu ezinik geratzen diren pertsonentzat harrera sistema bat martxan jartzea eskatzen du. 2018 hartan, alta, Euskal Herriko instituzioak ez zeuden horretarako prestatuta eta testuinguru horretan sortu zen Irungo Harrera Sarea.

Sare hau «instituzioen hutsuneak kubritzeko» misioarekin sortu zela argitu du Anaitze Agirre IHSko kideak, baina jakitun herrira iristen diren migranteei harrera egiteko ardura instituzioena dela. Taldeak sorreratik lastatzen duen paradoxa, beraz, honakoa da: sarea existitzeak esan nahi du instituzioek ez dutela nahikorik egiten eta bost urte igaro dira jada IHS sortu zenetik. Agirrek zehaztu duenez, Madrildik inor, inoiz, ez da jarri IHSrekin harremanetan.

Irungo Udaletik hasita Madrilgo Exekutiboraino, denei eragiten die bidean dauden migranteei harrera duina eskaintzeko ardurak, eta hartu dituzten neurriak ez dira nahikoa izan Agirreren ustez. Neurrien artean, gaur egun martxan dagoen Hilanderas aldi baterako zentroa da garrantzitsuena. Lakuak gaitu zuen, Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren laguntzarekin eta 2022an 6.253 pertsona artatu zituzten bertan.

Baina horrek ez du «harrera herri» bilakatzen Irun, IHSren ustez. «Instituzioak herri mugimenduen atzetik joan dira. Etxeko lanak egiten ari dira, baina beraien modura. IHSrentzat ez da nahikoa: ez dute jende guztia artatu, minimoa egin dute», deitoratu du Anaitze Agirrek.

Presioa, nork nori

2020tik hona hamar pertsona hil dira Irun eta Hendaia artean ezarritako mugaren ondorioz, eta 10.000 baino gehiago Estatu espainiarreko Hegoaldeko mugan, Caminando Fronteras elkartearen arabera. Zenbakiak ez dira alderagarriak, baina heriotzen muina berdina da: giza eskubideak urratzen dituen migrazio politika.

Eta Irungo Santiago zubiko muga norena da? Polizia frantsesak da kontrola ezartzen duena, afrikarren pasoa galarazteko. Hortaz, Espainiak muga hori ezabatzea edo malgutzea nahiko balu, bere lehen zeregina litzateke Macronen Gobernuari presio egitea. Hala ere, ez dirudi asmo hori duenik. «Espainiako poliziak beraiekin kolaboratzen du», zehaztu du Anaitze Agirrek.

«Momentu honetan Europar Batasuneko kideak ez daude prest migrazio kontuetan legedia aurrerakoi bat bultzatzeko; justu kontrakoa»

Zuzenbidean doktore eta migrazio gaietan aditua da Iker Barbero eta, bere ustez, presio politikoak alderantzizko bidea hartzen du: Frantzia da Espainia presionatzen duena «beheko mugak gehiago kontrolatzeko» eta «hortik datoz» Polizia espainiarraren azken erabakiak ere. Aurtengo kontua da: Polizia espainiarrak jai egunak eskaini zizkien Irungo agenteei migranteak atxilotzearen truke.

Ez dirudi erraza, beraz, Euskal Herria erdibitzen duen muga irekitzeak. Edo bai. Uztailaren 5ean, lehenengoz, Frantziak Irungo Etorbidea zubian ezarrita dituen hesiak erantzi zituen. Frantziako Tourrak pasatu behar zuen pareko zubitik, Santiagotik. Pasatu zen, eta hurrengo eguneko goizeko seietarako bueltatu ziren hesiak zubira.

Irun eta Hendaia arteko Etorbidea oinezkoentzako zubia berriz hesituta, Frantziako Tourraren biharamunean. (Patxi BELTZAIZ)
Irun eta Hendaia arteko Etorbidea oinezkoentzako zubia berriz hesituta, Frantziako Tourraren biharamunean. (Patxi BELTZAIZ)

Txirrindulariak ez bezala, asko dira pasatzen saiatu baina lortu ez dutenak. Irungo Santiago zubitik berdin du Frantziara ala Espainiara, ezkerrera edo eskumara, begiratu, erdian baitaude hildako migranteen gorpuak: Yaya Karamoko, Abdoulaya Coulibalu, Saïd Billa, Ibrahim Diallo, Abderraman Bas. Donibane Lohizunetik gertu, tren batek harrapatuta hil ziren hiru pertsona, Irungo Azken Portu kiroldegiaren atzeko aldean urkatu zena. Heriotza hauek guztiak Gobernu espainiar ustez aurrerakoiaren garaikoak dira.

2006 eta 2014 artean 35 aldiz ezarri ziren salbuespenezko mugak; 2015etik 2021era, berriz, 251 aldiz

Europatik zer?

1985. urtean Schengen zirkulazio askeko Europako eremua sortu zen arren, praktikan, barneko mugak ezarri dituzte hainbat estatu europarrek. Europako Batzordearen zifrek hala diote: 2006 eta 2014 artean 35 aldiz ezarri ziren salbuespenezko mugak; 2015etik 2021era, berriz, 251 aldiz. Salbuespen izateari aspaldi utzi zion Irun-Hendaia arteko mugak, polizia-kontrolek murru bilakatuta.

Noski, Europan dago egoera desblokeatzeko giltza. Uztailaren 1etik geroztik eta sei hilabetez, Espainiarena da Europako Batzordea zuzentzeko ardura eta Pedro Sanchezek –hauteskundeak irabaziko balitu– aukera izango luke migrazio politiken gaia Bruselara eramateko. «Presidentetzak ez du botere erreal bat, baina bai botere politiko bat. Sanchezek zerbait aldatu nahiko balu gainontzeko estatukideak konbentzitu beharko lituzke. Baina esango nuke momentu honetan Europar Batasuneko kideak ez daudela prest migrazio kontuetan legedia aurrerakoi bat bultzatzeko. Justu kontrakoa: iparraldeko herrialdeek Europako araudia zorroztu nahi dute ahalik eta immigrazio gutxien jasotzeko, ekialdekoek ez dute ezer jakin nahi migrazio eta asiloaren inguruan eta Mediterraneo aldeko herrialdeek nahi dutena da immigrazioaren presio guztia ez egotea beraien gain», azaldu du Iker Barberok.

Migranteen egoera salatzeko Irunetik Bruselara antolatutako autobus martxa hasi aurreko irudia, iazko irailean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Migranteen egoera salatzeko Irunetik Bruselara antolatutako autobus martxa hasi aurreko irudia, iazko irailean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Kontua da Espainiako Gobernuak, orain arte, ez duela asmorik erakutsi mugak malgutzeko, ezpada kontrakoa. Pasatu den maiatzaren 9an Legez besteko proposamena onartu zuen Madrilgo Kongresuak, Gobernu espainiarrari eskatzeko aktiboki defendatu ditzala giza eskubideak Europako Migrazio eta Harrera Itun berriararen inguruko negoziazioetan. Ganberak partzialki onartu zuen ERCk aurkeztutako proposamena, EAJ, EH Bildu, Unidas Podemos eta Ciudadanosen babesarekin. Abstentzioa eman zuen PPk eta PSOEk soilik partzialki onartu zuen testua.

Puntu garrantzitsuak baztertu zituen, besteak beste, muga-prozeduretan giza eskubideen arloko nazioarteko estandarren defentsa egitea eta mugako kudeaketan gizarte-erakundeek eta talde migratzaileek parte hartuko duten gainbegiratze-mekanismo bat sortzea.

Ultrak gailenduko balira...

«Espainiako Gobernuak migrazioarekiko izan duen jarrera historikoa mugak kontrolatzea izan da, hori ez da aldatu. Gobernu ultraeskuindar bat etorriko balitz, askoz bortitzagoa izango litzateke mugak kontrolatzeko orduan, baina, gainera, oraingo Gobernuak migranteei aitortu dien lan-eskubideak kenduko lituzke. Gorroto diskurtsoak gehiago entzungo genituzke, integrazio hitza desagertuko litzake. Egoera irregularrean dauden migranteek dituzten eskubide apurrak suntsituko lituzkete», ohartarazi du Barberok.

Uztailaren 23ko hauteskundeek irekiko dituzten aukerak beldurgarriak dira pertsona migranteen eskubideen ikuspuntutik. Melillako tragedia zamatzen duen PSOEk eutsi diezaioke Gobernuari edo PPk Voxekin batera har dezake boterea eta Estatu espainiarra Italiako bidera eraman.

«Gobernu ultraeskuindar bat etorriko balitz, askoz bortitzagoa izango litzateke mugak kontrolatzeko orduan, baina, gainera, oraingo Gobernuak migranteei aitortu dien lan-eskubideak kenduko lituzke»

Anaitze Agirreren ustez, gainera, azken urteetan ultraeskuin espainiarrak migrazio gaietan agenda politikoa markatzen jakin izan du eta diskurtso «arrazista» normalizatzera iritsi dira, hainbeste, ezen PP edo PSOEk diskurtso horiek errepikatu baitituzte. «Panorama iluna datorkigu Estatuan», esan du uztailaren 23ko bozei begira. «Orain PSOE eta Unidas Podemosen Gobernua daukagu eta pateratan datozen pertsonak hiltzen segitzen dute. Eguneroko kontua da, heriotzak normalizatuta daude. Eta Melillako sarraskiarekin ez da ardurarik hartu, nahiz eta izugarrikeria bat izan zen», zehaztu du.

Egoera, beraz, txarra da jada. Baina okerrera egin dezake eskuina eta ultraeskuinak aginduko badute. Hala iritzi dio Agirrek: «Eskuina gobernuan sartzen bada, guztiontzat okertuko dira gauzak. Voxen diskurtsoetako bat da migrazioaren mamuarena eta PPk hori erosiko diola argi dago».