INFO

Antxoa egoera onean dago Bioman kanpainaren emaitzen arabera: 143.000 tona Bizkaiko Golkoan

Bioman kanpainako emaitzen datuak azaldu dituzte ostegun goizean Pasaian, antxoaren ingurukoak. Egoera onean dagoela esan dute, espeziearen iraunkortasuna bermatuta dagoela ziurtatuz. Bizkaiko Golkoan 143.000 tona daude.

Agustin Deuna itsasontziak arrantzatutako antxoak, pasa den apirilean. (Gorka Rubio | FOKU)

Bioman urteko kanpaina zientifikoaren emaitzen arabera, antxoa helduaren behin-behineko biomasa 143.000 tonakoa da Bizkaiko Golkoan. Zifrek espeziearen iraunkortasuna bermatzen dute, antxoaren arrantzaren iraunkortasuna bermatzeko muga ezartzen duten 21.000 tonen oso gainetik kokatuz.

AZTI zentro teknologikoak eman ditu emaitzak ostegun goizean Pasaian egindako agerraldian, eta esan du Bioman 2023 kanpainaren biomasaren zenbatespena bataz besteko historikoaren (75.000 tona) «oso gainetik» dagoela.

«Antxoa bizitza laburreko espezie bat da (3 urte inguru), eta erreklutamenduaren (urtebeteko aleak) egoeraren araberakoa da neurri handi batean. Horregatik, urtebeteko aleen kopurua hain altua izateak, bere egoera ona baieztatzen du» esan du Maria Santosek, AZTIko arrantza-kudeaketa iraunkorrean aditua eta Bioman kanpainaren koordinatzaileak.

Hala ere, ikertzaileak ohartarazi duenez, «2024ko erreklutamendua aurreikusi ahal izateko, Juvena kanpainaren emaitzen zain egon behar dugu. Kanpaina horretan kalkulatzen da aurtengo maiatzean jaio diren gizabanakoen zein zati iristen den gazteengana 2023ko udazkenean. Hori ingurumeneko eta ekosistemako hainbat faktoreren mende dago, hala nola tenperatura, elikagaien eskuragarritasuna edo harrapariak».

Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde eta AZTIko presidente Bittor Orozek nabarmendu duenez, «antxoa da Euskadiko arrantzarako funtsezko baliabidea eta gure ekonomiaren elementu dinamizatzailea. Bioman kanpaina funtsezko tresna da gure itsasoen eta horiek ematen dizkiguten baliabideen egoera ezagutzeko, eta ingurumena zaintzeko, euskal arrantza-sektorearen iraunkortasunerako eta Kantauri itsasertzaren kontserbaziorako dugun konpromisoaren barruan kokatzen da».

Izan ere, 2016az geroztik, Bioman kanpaina ikuspegi ekosistemikoarekin egin da, aldakortasun naturalak eta klima-aldaketak arrantza-baliabideei nola eragiten dien aztertzeko.