INFO

Alvaro Nuñez zurigorri ohiak Bigarren Mailan jokatzeko aukera izango du Amorebietarekin

Sondikako eskuin lateralak Athleticetik irtetzea erabaki zuen iaz eta Bartzelonaren bigarren taldean minutu gehien izan dituen jokalaria izan da azken denboraldian. Amorebietak taldea osatzen jarraitzen duen bitartean, Mirandesen aurka jokatuko du adiskidantzazko lehen partida larunbatean Urritxen.

Alvaro Nuñez eskuin laterala da talde bizkaitarraren azken fitxaketa. (@SDAmorebieta)

Alvaro Nuñezek Amorebietan jokatuko du hastear dagoen denboraldi berrian. 23 urteko eskuin lateralak etxera itzultzeko hautua egin du azken denboraldian Bartzelonaren bigarren taldean aritu ostean. Minutu gehien izan dituen jokalaria izan arren, bere ibilbidean pausu berri bat ematea erabaki du eta Bigarren Mailan jokatzeko aukera izango du. Erasoan ederki moldatzen den laterala da, baina gehiago kostatzen zaio defentsako lanetan aritzea.

Sondikako atzelariak Athleticek kontratua luzatzeko proposamenari ezetz esan zion iaz eta Bartzelonara joan zen. Bilbao Athleticen gehien jokatu zuen futbolaria izan zen, baina klubak utzita bidaltzeko asmoa zeukan eta hasiera batean egindako proposamena aldatu ostean, bere bidea egiteko hautua egin zuen Alvaro Nuñezek.

Athleticen kirol arduradunek gaizki kudeatu dute lehen taldeko eskuin lateralaren eraberritze eta ordezkapen prozesua. Eskerrak De Marcosek maila bikaina eman duen azken denboraldietan eta Lekue ere ondo moldatu dela jokatu duenean. Petxarromanek eta Capak aukera gutxi izan dituzte eta harrobian zeuden Aresok eta Nuñezek joatea erabaki zuten.

Bartzelonaren bigarren taldean maila ona eman du Sondikako jokalariak eta Amorebietak lekua egin dio Bigarren Mailan egonkortzea helburu duen proiektuan. Azken denboraldian taldekide izan duen Carbonell erdilaria ere Zornotzan arituko da. 

Azulek larunbat eguerdi honetan jokatuko dute Urritxen denboraldiaurreko lehen partida Mirandesen aurka. Jaietan daude egun hauetan Bizkaiko herrian. Uztailaren 19an ere Osasunaren bigarren taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Dagoeneko forma hartzen ari da taldea, Asier Goiria kirol zuzendariak lanean jarraitzen duen arren. Nuñezekin eta Carbonellekin batera, Manu Hernando atzelaria eta Eraso erdilaria iritsi dira aste honetan. Betisek utzitako Garreta, Vila-realetik datorren Quintero, Erik Moran bizkaitarra eta Lasuen ere taldera batu dira.

Aurreko denboralditik Marino eta Magunagoitia atezainek kontratua luzatu dute, baita Josue Dorrio, Kwasi Sibo Ghanako erdilariak eta Eneko Jauregi aurrelari golegileak. Xabi Etxeita eta Iker Seguin kapitainek, Rayco kanariarrak eta Edwards australiarrak ere jarraitzen dute eta Grant Mateer estatubatuarra taldearekin entrenatzen ari da.