INFO

USEren ezohiko deialdira aurkeztu zirenen %84.7k gainditu duela jakinarazi du EHUk

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio (USE) probaren ezohiko deialdira aurkeztu ziren ikasleen %84,7k gainditu dute proba. EHUko ezohiko deialdia uztailaren 5etik 7ra izan zen eta orotara 1.216 ikasle aurkeztu ziren azterketa egitera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio (USE) probaren ezohiko deialdira aurkeztu ziren ikasleen %84,7k gainditu dute. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

EHUk ostiral honetan eskainitako lehenengo datuen arabera, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ezohiko deialdian sarbide fasera matrikulatu ziren ikasleen %84,7k gainditu dute froga. 1.216 ikasle aurkeztu ziren uztailaren 5etik 7ra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan USEko sarbide fasera. Horietatik,1.030ek gainditu dute.

Momentuz datuak behin-behinekoak direla jakinarazi du EHUk, oraindik ez baita ireki berrikusketa eskatzeko epea. Berrikusketarako epea uztailaren 13tik hila bereko 17ra izango da eta behin-betiko emaitzak uztailaren 21ean argitaratuko direla jakinarazi du EHUk.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi atal ditu; alde batetik, sarbide fasea, ikasle guztiek egiten dutena eta gainditzea beharrezkoa dena edozein gradu ikasteko orduan. Bestalde, onarpen fasearen bitartez, aurreko sarbide fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio du. Azken fase hau borondatezkoa da. EHUk jakinaraziko gainditze notak sarbide fasearenak dira.

Ekainaren 7tik 9ra ohiko deialdian sarbide fasean matrikulatu ziren 12.049 ikasletik 11.817k gainditu zutela jakinarazi du EHUk; hain zuzen ere, %98,07k. Sarbide fasera euskaraz matrikulatu zirenak gazteleraz aurkeztu zirenak baino gehiagok gainditu dutela adierazi du unibertsitateak; alegia, euskaraz matrikulatutako %86,91k gainditu zuen sarbide fasea eta gazteleraz %76,47k.