INFO

Satelite asko daude, baina ez da meteorito bat U23a

Lakuako Gobernua, Iñigo Urkullu lehendakaria hitza hartzen, eta atzean EH Bilduko taldea. (Endika Portillo | FOKU)

Hondartza bat Madril erdian, proposamenik gabeko trajedunen oilar bataila bat telebistan, batzearen aldarria izentzat hartutako zatiketak, txiringito itxura duten ekitaldiak, ‘Txapote’ sanferminetan edota sentitu gabeko ehundaka ikurrina, euskalduntasunak baino folkloreak homologatuta.

Tartean, Euskal Udal Legearen 6.2 artikulua ezeztatu dute Espainiako Gobernu berria eratu baino lehen, Iruñeko sanferminetan 20 eraso sexista baino gehiago salatu dira, Memoria Demokratikoaren Legea ezeztatzeko mehatxua alderdi programen lehen lerroetan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia ezin dute igaro azal beltzeko herritarrek, eta euskal presoen gradu aldaketetan oztopoak noiznahi.

Zerutik -edo infernutik- eroritako meteorito bat iduri dezake uztailaren 23ko data markatuak. Giro udatiarrean, ezer gertatzen ez dela ematen duen, baina mundua geroz eta eskuinerantzago doan momentuan ospatuko dira hauteskundeak Madrilen. Ez da ordea meteorito bat, pasa den maiatzean ahoz-ahoz zebilen «ziklo aldaketan» beste geltoki bat izan daiteke burua pixka bat altxaz gero. Madrilen jokatzen da, baina ez da Madrilen geratzen, gure sukaldeetaraino sartuko baita.

Udal eta foru hauteskundeetatik gatoz, eta ezin ahaztu datorren ikasturterako aurreikusita daudela Lakuako hauteskundeak. Maiatzean, aldaketa bat sumatu genuen Hego Euskal Herrian, EH Bilduk goranzko nabarmena egin zuen, eta EAJk %20ko jeitsiera sufritu. Uztailaren 23a beraz, geltoki bat gehiago izan daiteke, edo tranpolin bat akaso Gasteizera begira jartzeko.

Dena dela, argigarria izan daiteke maiatzean uste bezala ezker indepensdentistaren goranzko joerak jarraitzen duen eta ziklo aldaketa baten atarian gauden ikusteko. Egun seinalatu bateko haututik harago, zein balio eta proiektu gizarteratu diren gure herrian, eta sakoneko aldaketarik badagoen ikusi ahal izango dugu akaso urte amaieran.

Eta tartean, udal zein foru hauteskundeetan ez bezala, abertzaleen arteko herri itunik biziko dugun ikusteke dago, norberak zehaztu beharko du bere sateliteek zeren inguruan biratzen duten.